Egiari Zor-ek babesa eskatu die gobernuei Jusapolek Zabalzari buruz esandakoengatik

Polizien sindikatuak X sare sozialean zabaldu zuen Zabalza «banda armatuko» kide zela eta 2003an 448 kilo lehergailu izatea egotzi zitzaiola; 1985ean hil zuten Zabalza, Donostiako Intxaurrondoko kuartelean inkomunikatuta egon ostean.

Zabalza oroitzeko ekitaldia, larunbatean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Zabalza oroitzeko ekitaldia, larunbatean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2024ko abenduaren 2a
13:15
Entzun

Mikel Zabalzaren senideentzat ukendu izan zen larunbatean Donostian egindako ekitaldia, Donostiako Udalak aitortza egin baitzion ofizialki Zabalzari, hura hil eta ia berrogei urtera. Ekitaldiak ifrentzua ere izan du, ordea. Ostiralean, Jusapol polizien sindikatuak gezur bat hedatu zuen X sarean daukan kontu ofizialaren bitartez. Esan zuen Zabalza «banda armatuko» kide zela eta 2003an 448 kilo lehergai edukitzea egotzi zitzaiola. Guardia Zibilak 1985eko azaroan atxilotu zuen Zabalza, eta torturen ondorioz hil zen, Intxaurrondoko kuartelean. Egiari Zor-ek babesa emateko eskatu die Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari, eta «eskaria benetan egokien den moduan» ebazteko.

Jusapolekoak ez ziren izan ekitaldia zapuzten saiatu ziren bakarrak. PPk ahaleginak egin zituen bertan behera uzteko. Baita AVTk eta Covitek ere. Baina Egiari Zor-i bereziki larria iruditu zaio Polizian ordezkaritza duen sindikatu bateko kontu ofizialaren bitartez gezur bat hedatu izana.

Eusko Jaurlaritzak 2022. urtean aitortu zuen Zabalza ofizialki biktima gisa, 12/2016 legearen bidez; horren ondoren, Nafarroako Gobernuak ere bai, 16/2019 foru legearen bidez. «Aitortza horiek, egia instituzionala ezartzeaz gain, egia soziala berresten dute: Mikel Intxaurrondon hil zen, Guardia Zibilak eragindako torturen ondorioz. Gertakari horien inguruan, bi lege autonomikoen balorazio batzordeek ondorioztatu eta ebatzi dute giza eskubideen urraketa larriak izan zirela», adierazi du ohar bidez Egiari Zor-ek.

Jusapolek egindako akusazioak Zabalzaren «ohorearen eta duintasunaren aurkako eraso zuzenak» dira, elkarteak ohartarazi duenez, haren oroimenaren eta biktima izaeraren aurka egiteko saiakera argi bat».

Donostiako Udalaren ekinaldiak orain arte biktimen artean izan den tratamendu asimetrikoa gainditu duelakoan daude Egiari Zor-eko kideak, eta salatu dute Jusapolenaren pareko adierazpenek biktimak berriro biktimizatzen dituela. Horregatik eskatu diete babesa gobernuei.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.