Eliza katolikoaren menpeko ikastetxeetan sexu abusuak pairatutako biktimek hitza hartuko dute Espainiako Kongresuan. Egiaren Batzorde independente bat sortuko dute, Espainiako Arartekoaren parte hartzearekin, eta bertan, zentro erlijiosoetan bizi izandako tratu txarrak eta abusuak kontatu ahalko dituzte biktimek. PSOEk eta EAJk aste honetan aurkeztu zuten legez besteko proposamena, eta, horren gainean zenbait zuzenketa adostu ostean, egitasmoa babestuko dutela iragarri dute gaur Unidas Podemos, ERC eta EH Bildu taldeek.
Negoziazio luze baten ostean heldu da akordioa. Izan ere, elizako abusuen auziak ika-mika piztua zuen Madrilgo kongresuan. UPk, ERCk eta EH Bilduk proposamena aurkeztua zuten sexu abusuak ikertzeko batzorde bat sortzeko, «botere betearazlea» izanen zuena, baina proposamen hori atzera bota zuten asteartean, PSOE eta Ciudadanos taldeen abstentzioarekin eta EAJ, Vox eta PPren kontrako botoekin. Horren ordez, PSOEk eta EAJk beste proposamen bat aurkeztu zuten, Espainiako Arartekoak zuzendutako «batzorde independente» bat sortzeko, «txosten bat» ontzeko xedez. Proposamen hori kritikatu zuten ezkerreko taldeek, batzordearen helburuak eta biktimen aldarrikapenak «urardotzen» zituela ulertuta.
Ikusi gehiago: Eliza katolikoari lotutako 58 abusu salaketa ikertzen ari da Ertzaintza
Gaur, baina, zenbait konpromiso lortu dituzte UPk, ERCk eta EH Bilduk, eta aldeko botoa emanen diote PSOE eta EAJren testuari. «Aurreakordio baten oinarriak jarri ditugu gaur», azaldu du Bel Pozueta EH Bilduko diputatuak. «Aurretik adostuak genituen zenbait puntu jaso dituzte akordioan, eta, hortaz, baiezkoa emanen diogu legez besteko proposamenari. Besteak beste, biktimek aukera izanen dute Kongresuan agerraldi publikoak egiteko, eta batzordea, oro har, hasieran planteatu zena baino askoz garantistagoa izanen da».
Unidas Podemos taldeko Jaume Asensek eman ditu akordioaren gakoetako batzuk, baina azaldu du hitzarmena «erabat itxi gabe» dagoela, eta datozen egunetan emanen dituztela batzordearen egiturari buruzko xehetasun guztiak: «Esan dezakeguna da Egiaren Batzorde bat izanen dela eta arau esparru bat izanen duela, eskuduntzak bermatzeko». Asensen esanetan, aditu independenteek osatuko dute batzordea, eta Espainiako Arartekoak eginen du bozeramaile lana: «Arartekoak emanen ditu eman beharreko azalpenak Kongresuan». Batzordeak, gainera, «Eliza behartzeko gaitasuna» izanen duela gaineratu du UPko diputatuak: «Legez besteko proposamenak, hasieran planteatuta zegoen gisara, kezka eragiten zigun, Arartekoak, berez, ez duelako eskuduntzarik Eliza ezertara behartzeko. Orain, ez da halakorik gertatuko, batzordeari gaitasun hori aitortuko zaiolako propio, esparru normatibo baten bidez». Hortaz, Eliza katolikoak ikerketan lagundu beharko du, informazioa emanez edo batzordearen aurrean deklaratuz.
Batzordearen egiteko eta prozedura guztiak «gardentasun osoz» eginen dituztela azaldu dute hiru taldeetako eledunek, eta biktimen agerraldi publikoen garrantzia nabarmendu: «Biktimek beraiek eskatzen ziguten adierazpenak publikoki egin ahal izatea, beren prozesu pertsonalen onerako, baina baita gizartean eztabaida pizteko ere, urteetan isilduta egon den errealitate honen inguruan», adierazi du Pozuetak.