Murru beraren kontra etengabe jo eta jo aritu arren, egia lortu arte jarraitzeko konpromisoaz eta horrek dakarren higaduraz eta nekeaz aritu ziren Espainiako Estatuaren indarkeria jasan zuten lau lagunen senideak atzo, Donostiako Miramar jauregian, Foro Sozialak antolatutako saioan.
Haietako baten hitzek balio dezakete ekin horrek dakarrena irudikatzeko: «Uste dut ezin dugula baimendu isilik geratzea; isiltasunak adore ematen dio borreroari». Hala adierazi zuen Maider Garciak, GALek 1987an bonba-auto batez hil zuen Juan Carlos Garcia Goenaren alabak. Harekin batera, testigantza eman zuten Tamara Mururetagoiena Guardia Zibilaren torturen ondorioz hildako Esteban Mururetagoienaren alabak—telematikoki—, GALek hildako Xabier Galdeanoren alaba Karmen Galdeanok eta Batallon Vasco Español talde paramilitarrak desagerrarazi zuen Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren anaia Eneko Etxeberriak. Laurak ere estatuaren bortxaren biktima izanagatik, desberdinak dira horietako bakoitzaren bizipenak, eta desberdina, halaber, euren senideei gertatua argitzeko egin duten bidea.
Mururetagoienak, esaterako, azaldu zuen bere aitaren kasua artxibatuta dagoela, eta, ofizialki bihotzekoak jota hil zela jasota dagoela, nahiz eta Guardia Zibilaren eskuetatik igaro eta hiru egunera hil zen, tortura zantzu agerikoekin. Bide judiziala, hortaz, «itxita» dagoela esan zuen, eta zabalik dagoen «ate» bakarra Eusko Jaurlaritzaren estatuaren biktimen legea dela, motibazio politikoko biktimei kalte ordainak ematera bideratutakoa. Hori, baina, «erreparaziora» mugatzen dela gaineratu zuen. Gainerakoa, egiaren bidean egin beharrekoa, «lan indibiduala» dela nabarmendu zuen, eta herritarrei dei egin zien horretan bidelagun izan daitezen: «Gizarteak gaitasuna du lege hauek guztiak aldatzeko; hortaz, ez ezazue pentsa egiteko garrantzitsurik ez duzuenik».
Galdeanok, berriz, «pribilegiatutzat» jo zuen bere burua, aitaren hilketan Espainiakoeta Frantziako estatuak inplikatuta zeudenez, «urrats handiagoak» egin behar izan zituztelako. Gogoratu du aita hil eta hurrengo hilean atentatuaren egile materialak, «mertzenarioak», atxilotuta zeudela , eta epaiketa eta ordaina ere izan zituztela. Hala ere, nabarmendu zuenez, ez da hori nahi duena, «egia» baizik, «izan diren giza eskubide urraketa guztiak argitzea».
GALek hil zuen Garciaren aita ere, baina hark ez daki nork parte hartu zuen gertakari hartan. Auzia hainbatetan zabaldu eta itxi arren, ez da «sakon ikertu», adierazi zuenez. Haren amak arlo juridikoan egiten duen borroka «etenik gabea» dela nabarmendu zuen, eta aitortu du horrekin asko «sufritu» izan duela. Ezin hori aitaren galera bera baino «mingarriagoa» egin izan zaiola azaldu zuen —5 urte zituen hil zutenean—. Edonola ere, borroka horretan jarraitzeko borondatea duela azpimarratu zuen, nahiz eta aitortu «judizialki» itxaropen handirik ez dutela. Egia jakitearen beharra bere kasu partikularretik harago kokatu zuen Garciak: «Espainiako Estatuak zer gertatu zen aitortzea; horixe litzateke egia».
«Urrats» bakanak, bertan
Etxeberriaren esanetan, horretarako, baina, «arazorik handiena» da «Espainiako Estatua bere horretan mantentzen dela, gobernuak aldatu arren». Etxeberriak anaiaren desagerpenaren auziarekin jarraitzeko modu bakarra NBE Nazio Batuen Erakundean aurkitu du —aste honetan bertan, Naparrari buruzko dokumentuak desklasifikatzearen alde agertu da NBEko bortxazko desagertzeen taldea—.
Etxeberria, Garciak egin bezala, justizia, egia eta erreparazioa lortzeko lana kolektibizatu beharraz mintzatu zen: «Gizarteak bere gain hartu behar ditu gertakariok, eta bultza egin». Etorkizunarekin lotu zuen ideia hori, eta «ez errepikatzeko eskubidea» bermatzearekin, ohartarazpena eginda: «Bestela, posible da jendea etortzea hemen gertatu dena ukatuko duena». Egungo legediaren «berrikuspena» ere eskatu zuen. 1968ko Sekretu Ofizialen Legea erreformatzea, besteak beste. Gogorarazi zuen «lege frankista» bat dela, eta «pentsaezina» litzatekeela halako zerbaitek indarrean jarraitzea beste herrialde batzuetan; Alemanian, adibidez.
Mururetagoienak ere hitz egin zuen legeez, baina hurbilagokoez. Txalotu egin zuen Nafarroakomotibazio politikoko biktimen legea, biktima guztientzako erreparazio ordain berbera aurreikusten duelako, EAEkoak ez bezala. «Urrats handia da hori diskriminazioa eragozteko eta bizikidetzari laguntzeko».
Biktimen mailaketarekin amaitzea ezinbestekotzat eta lehentasunezkotzat jo zuen Garciak ere. Horrez gain, iraganari buruzko «irakurketa plurala» behar dela defendatu zuen. Espainiako Estatuak eta, bereziki, PSOEk horretan zeresan handia duela gaineratu zuen. Urriaren 18ko Adierazpenaren ondoren, PSOEk oraindik «urrats gehiago» eskatzea deitoratu zuen, «hark urrats txikiena ere egin ez duenean», eta tamaina bereko adierazpen bat egiteko eskatu zion alderdi horri.
Egia osoa argitzea galdegin zuen Galdeanok ere, baina ez zen itxaropentsu agertu. Izan ere, haren arabera, hori egiteak «errelato bakarra gainditzea» eragingo luke, zeina bestela ere pitzatuta dagoen: «Zergatik jarraitu nahi dute errelato bakarra inposatzen, errelato hori puskaka erortzen ari denean?». Gaineratu zuen eskatzen dutena ez direla «zigor indibidualak», ezta «detaileak» ere: «Hori baino askoz ere eskuzabalagoak gara, ez baitugu nahi gure seme-alabek guk eramandako motxila zamatzerik».
Egiaren aitortza, gurutze bide
Euren testigantzetatik abiatu, eta Espainiari egia osoa argitzeko urratsak eskatu dizkiote estatuaren lau biktimak, Donostian. Kasu partikularretatik harago, gertatutakoa kolektibizatu beharraz aritu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu