Egiari Zor. Estatuen indarkeria pairatu duten herritarren fundazioa

Egiak, hamaika aurpegi

Urteetan ezkutatutako egia agertzea izango da Egiari Zor fundazioaren helburua. Elkarteko kideek estatuei, erakundeei eta alderdi politikoei eskatu diete beren gain hartzeko giza eskubideen urraketan izan duten erantzukizuna.

Berrehun pertsona bildu ziren herenegun Egiari Zor fundazioaren aurkezpenean, Donostian. CONNY BEYREUTHER / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2012ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Egiari Zor. Izen horren babespean bilduko dira Espainiako eta Frantziako estatuen errepresioaren biktimak. Herenegun aurkeztu zuten fundazioa, Donostian eginiko agerraldi jendetsu batean. Euskal Herriak «egia osoa» jakiteko eskubidea duela aldarrikatu zuten, eta euskal gatazka konpontzeko prozesuan parte hartzeko konpromisoa agertu. «Gure ekarpenak etorkizun horretan du zentzua, prozesua baldintzatzeko edo haren gainean tutoretza ezartzeko asmorik gabe», nabarmendu zuten.

Han izan ziren modu batean edo bestean errepresioaren atzaparkada beren azalean jasan edo gertuko baten galera ezagutu duten 200 lagun inguru. Guztien izenean hitza hartu zuten Karmelo Arregik eta Idoia Muruagak. Bi pertsona horiek irudikatzen dute fundazio horretan biltzen diren pertsonen askotariko tipologia. «Estatuen estrategiaren ondorioz eraildako edo hildako pertsonen senitartekoak edo testuinguru horretan bertan zauritutakoak edo torturatutakoak gara», azaldu zuten, han bildutako guztien izenean.

Arregik eta Muruagak nabarmendu zuten pertsona horiek guztiek oraindik ez dutela aitortza instituzionalik jaso, eta gogoratu zuten «milaka» daudela egoera horretan. 50 urtean, 11.000 herritarrek salatu dituzte torturak eta 474 pertsonak galdu dute bizia. «Eskubide indibidualak ez ezik, eskubide kolektiboak eta politikoak ere nabarmen kaltetu dira, frankismotik eratorritako sistema politikoaren eta instituzionalaren funts demokratiko eskasa edo hutsa are eskasago bihurtuz».

Egoera horren oinarrian euskal gatazkaren «izaera politikoa» dagoela nabarmendu zuten. «Sustrai sakoneko gatazka politikoa dago, Espainiako eta Frantziako estatuek inposizioaren eta indarkeriaren bidez sustatua», adierazi zuten. «Estatuek eskubideak urratzeko eta haien sistema inposatzeko estrategia errepresiboak erabili baino ez dute egin, une oro gatazkaren oinarri politikoa ukatuz eta haren ondorioak isilaraziz».

Horrekin batera, fundazioko kideek gogoan izan zituzten euskal gatazkaren testuinguruan izaniko beste biktimak. Nabarmendu zuten azken 50 urteetan estatuen indarkeria ez ezik «gatazka armatua» ere izan dela. Horren harira, adierazi zuten «ulertzen» dutela «borroka armatuaren eraginez» senitarteko bat galdu duten pertsonen sufrimendua, eta aldarrikatu zuten haiek bezala estatuen indarkeriaren biktimek ere «errespetu» bera merezi dutela. «Eskatzen dugu, haien sufrimenduarekiko sentsibilitate beretik, gurearekiko eta estatuen errepresioa jasan dutenen memoriarekiko errespetua».

Hala ere, nabarmendu zuten ez dutela onartuko parekatzea indarkeria ezberdinek kalte egindako pertsonak. «Gatazkaren ondorioz hildako pertsona guztion arteko homologazioa eta parekotasuna ere ez datoz bat gure ikuspegiarekin», nabarmendu zuten.

Hala ere, fundazioko kideen arabera, biktima guztiek merezi dute ordaina eta justizia, eta, horri dagokionez, ezin da bereizketarik egin. «Tratuari dagokionez, ezin dira biktimak bereizi eskubide urraketaren egileen edo une historikoaren arabera». «Urraketa bera bada, bai onarpenak bai ordainak berak izan behar dute», adierazi zuten.

Horren harira, kritikatu egin zuten Poliziaren indarkeriaren biktimen inguruanEusko Legebiltzarrean sortutako batzordea. «Partziala, denboran mugatua, baztertzailea eta zigorgabetasunaren konplize» dela adierazi zuten. «Eragile batzuek ez dute onartzen arlo honetan estatuek izan duten ardura, eta Euskal Herrian gertatutakoari buruz zabaltzen duten kontakizun osatugabea, abiapuntutik beretik, akastuna izango da. Faltsua izango da», nabarmendu zuten.

Ekarpen eraikitzailea

Arregik eta Muruagak azaldu zutenez, fundazioa sortu dute euskal gatazkaren konponbide prozesuari «ekarpen eraikitzailea» egiteko, konponbidearen beharra ikusarazi eta hura bultzatzeko. Inolaz ere ez prozesua «baldintzatzeko edo tutoratzeko». «Gatazkaren arrazoiak eta ondorioak politikoak direnez», nabarmendu zuten akordio politikoa eta demokratikoa ekarriko duen konponbidea lortzeko lan egingo dutela.

Hori hala, adierazi zuten konponbideak «benetakoa» izan dadin integrala izan behar duela. «Akordio politikoak konponbide justua eta partekatua zehaztuko du. Ondorengo elkarbizitza demokratikoak ahalbidetuko du bakea. Horixe izan zen, ez besterik, gehien maite genituen pertsonen funtsezko nahia, eta haiek lagundu eta bultzatu gaituzte aurrerapauso hau ematen, beti bezala», nabarmendu zuten.

Fundazioaren funtzionamenduari dagokionez, bost oinarriren gainean mugituko direla adierazi zuten. Zehaztu zuten euren jardueraren helburuak «errespetua, egia osoa lortzea eta ezagutza eta ordaina» direla, eta nabarmendu zuten ordaina eta justizia «elkarri lotuta» daudela.

Horrekin batera, adierazi zuten estatuek, erakundeek eta alderdi politikoek onartu eta nork bere gain hartu beharko dutela giza eskubideen urraketan izan duten ardura. «Justiziari dagokionez, ez dugu Espainiako eta Frantziako epaitegietan sinesten, eta ez dugu haietatik ezer espero; haien mespretxua nabarmena izan da urte luze hauetan», salatu zuten, halere.

Horren harira, Egiaren Batzordea «oinarrizko tresnatzat» jo zuten, eta adierazi zuten euren jardunaren erreferente nagusiak izango direla trantsizio justizia deiturikoa eta nazioarteko legediak giza eskubideen alorrean jasotzen dituen irizpideak. «Ikertzearen eta dagokien erakundeen aurrean salaketa aurkeztearen bidea bultzatuko dugu, gertaera ilunak edo suizidio faltsuak argitzeko edo desagertutakoak aurkitzeko eraginkorrak diren heinean. Ahalik eta esfortzu handiena egingo dugu egia osoa ezagutzeko».

Estatuen indarkeria pairatu duten herritarrek fundazioarekin bat egin dezakete webgune honetan:

www.egiarizor.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.