Egia Jakiteko Eskubidearen Eguna aldarrirako

Jaurlaritzak Naparraren kasuari buruzko dokumentazio osatua eman dio haren sendiari. A. CANELLADA / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Egunaren harira, bi agerraldi egin zituzten atzo. Batetik, Egiari Zor-ek 1961etik torturaren ondorioz hildakoei buruz egindako dokumentala aurkeztu zuen, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzak Jose Miguel Etxeberria Naparra-ri buruzko dokumentazio osatua eman zion sendiari, ikerketan aurrera egiteko «akuilu» izateko esperantzan.

Egiari Zor fundazioak zabaldutako bideoan esaten denez, tortura «frankismoak utzitako herentzia zitala» da, eta sistematikoki» erabili dute «frankismoan, trantsizioan eta demokrazian». Torturak osturiko bizitzak da bideoaren izenburua. Torturaren ondorioz hildako hamalau biktimaren kasuak azaltzen dituzte torturak pairatutako beste horrenbeste herritarrek.

Bideoa zabaltzeaz gain, ekitaldia egin zuen Egiari Zor fundazioak, Donostian. Lore eskaintza egin zuten, eta fundazioko kide batek hitza hartu zuen: «Harrituta gaude ikusita oraindik nola ordezkari politiko eta instituzionalek aitzakiak bilatzen dituzten botere publikoek beren gain hartu ez ditzaten torturatu eta hiltzeko erabakiaren ondoriozko erantzukizun politikoak», esan zuen.«Indarkeria oro arbuiatzeko jarrera sinesgarria izan dadin, neurgailu bera erabili behar da guztientzat».

Ikerketa «eragingarria»

Jaurlaritzak Naparra zenaren desagerpenari buruz duen dokumentazio osoarekin ondutako txostena eman dio haren familiari. Helburua da ikerketa «eragingarri» bat sustatzea, eta auziari buruz inork informaziorik balu, jasotzea. Txosten hori EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco katedrak osatu du. Agerraldian izan dira Monika Hernando Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaria, Bertha Gaztelumendi dokumentuaren egileetako bat eta Jon Mirena Landa txostenaren zuzendaria. Dokumentu hori Eneko Etxeberria Alvarezek jaso du, Naparraren anaiak, sendiaren izenean.

[YouTube]https://youtu.be/guUqrENFlp4[/YouTube]

Etxeberriak eskerrak eman dizkie Jaurlaritzari eta EHUko katedrari, elkarlanean ondutako dokumentazioarengatik. «Egia jakiteko eskubidearen egunean horixe jakin nahi dugu, egia». Baina iruditzen zaio borondate politikoa falta dela egia bilatzeko.

Naparra Komando Autonomo Antikapitalistetako kide zen, eta 1978an ihes egin zuen Iparraldera. 1980an desagertu zen. Gaztelumendik salatu du 1980an Baionako auzitegian irekitako diligentziak «oso eskasak» izan zirela. Uko egin zioten Batallon Vasco Español atzean ote zegoen ikertzeari. Artxibatu egin zuten auzia, eta fiskalak ondorioztatu zuten erakunde barruko kontu garbiketa bat izan zela. Sendiak ez du etsi. CESIDeko kide ohi batek egindako deklarazio baten harira, lortu zuten berriz auzia irekitzea. Mont-de-Marsanen egon zitekeen pistari tiraka, arakatzeko baimena emateko zain dago sendia. Landak ikerketa «proaktibo bat» eskatu du, «auzia argitu nahi izango duena». Eta gorpua oraindik ere desagertuta dagoenez, ikerketarekin segitzeko eskatu du. Hernandok esan du «gertatu zena injustua» izan zela eta ez duela «berriz gertatu behar». Memoria «kritiko eta partekatu» bat sortzea dute helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.