Egia bahiturik, oraindik

Jon Anza desagertu zenetik hamar urtera, suminduta da sendia, erantzunik gabe jarraitzen duelako. Abokatuak dio ez zela ikertu. Ekitaldi bat egin dute, Ziburun

Jon Anza oroitzeko atzo Ziburun egindako ekitaldian, mural bat egin zuten. GUIILAUME FAUVEAU.
edurne begiristain
2019ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Zalantzak eta susmoak ez dira desagertu hamar urte ondoren. 2009ko apirilaren 18an desagertu zen Jon Anza (Donostia, 1962), eta hamar urte geroago deus gutxi argitu da. Egiak bahiturik jarraitzen du, haren sendiak salatu duenez. «Egia jakin nahi dugu, baina gure galderek ez dute sekula erantzunik jasotzen». Etsita mintzo da Koldo Anza anaia. Etsita eta suminduta. Sentimendu biak nahasten baitzaizkio Jon Anza gogoratzean, hura desagertu zeneko hamargarren urtemugan. «Emozionalki, kolpe oso latza da hamar urteren ostean ez jakitea gure senidearekin zer egin zuten». Denbora honetan guztian, sendiak ez du etsi, eta bere esku egon diren baliabide guztiak erabili ditu egia topatzeko. Ez du lortu, ordea. Orduan zituen galderek erantzunik gabe segitzen dute: Anza nola hil zen argitu nahi dute, auzian izan ziren irregulartasunak zergatik ez zituzten ikertu, non egon zen desagerturik egondako 11 egunetan edota zergatik ez zuten identifikatu gorpua ia urtebeteko epean. ETAk jakinarazi du bere kidea zela. Atzo, Jon Anza oroitzeko ekitaldi bat egin zuen hainbat lagunek Ziburun (Lapurdi). Auziari buruzko «egia» eskatu zuten.

Oraindik argirik ez du ikusi auziak, Maritxu Paulus Basurko abokatuak nabarmendu duenez.«Hamar urte pasatu dira, hainbat instrukzio eskaera bideratu ditugu, baina hasieran geunden modu berean gaude». Hasieratik zeuzkaten kezka eta zalantza berberek jarraitzen dute erantzunik gabe, eta familiak Anzaren desagerpenari eta heriotzari buruzko «gauza txiki batzuk» baino ez du lortu jakitea. «Beste hainbat, berriz, ilundu egin dira», salatu du abokatuak. Atzera begiratu, eta auziaren bilakaeraz balorazio «ezin okerragoa» egin du. «Guk esperantza handiak genituen instrukzioan, baina hilabeteak aurrera joan ahala, konturatu gara ez zegoela benetako nahi bat gertatutakoa argitzeko eta indar guztiak ez zirela jarri Jon Anzari zer gertatu zitzaion jakiteko».

Maixo Pascassios neska lagunak utzi zuen Baionako tren geltokian Anza, 2009ko apirilaren 18an, Okzitaniako Tolosarako trena hartzeko, ETAko kide batzuekin biltzeko. Geroztik desagertu zen, eta familiak haren desagerpena salatu zuen maiatzean. Baionako prokuradoreak hura atzemateko ikerketa ireki zuen orduan. 2010eko martxoaren 11n jakinarazi zuten haren gorpua Tolosako Purpan erietxean zela. Bertsio ofizialaren arabera, osasun zerbitzuek Estrasburgo etorbidean hartu zuten Anza apirilaren 30ean, eta erietxera eraman. Maiatzaren 11n zendu zen. 11 hilabetez gorputegian atxikizuten, argitu gabe nor zen.

Desagertu eta hilabetera, ETAk agiria kaleratu zuen Gara egunkarian. Anza ETAko kidea zela zioen, eta Poliziak bazekiela hori. Apirilaren 18an Tolosan ETAkoekin gelditua zela, baina ez zela iritsi. «Gerra zikinarekin» lotu zuen desagertzea. Gainera, Anzaren familiak salaketa jarri zuen egun berean, guardia zibil talde batek arrapaladan utzi zuen Tolosako Adagio hotela, eta gelako ohearen azpian bi pistola ahaztu zituen. Baionako prokuradoreak egindako ikerketak, baina, ebatzi zuen horrek ez zuela loturarikAnzaren desagerpenarekin. Hala ere, agerian utzi zituen ikerketako «irregulartasunak». Tolosako instrukzio epaileak hartu zuen ardura gero, eta berehala jakinarazi zuen Anzaren heriotzaren arrazoiak ikertuko zituela soilik, ez «disfuntzionamenduak».

Anza ETAko militantea zen, eta hogei urte pasatu zituen Espainako espetxeetan. Tolosarako bidaia egin baino lehen, Poliziak bazekien ETAko kidea zela. Abokatuek bere garaian Anzaren militantzia politikoa azpimarratu zuten, eta agerian utzi ez zela sinesgarria ez jakitea, hamar hilabeteren buruan, Purpan erietxeko gorputegian zeukaten hura harena zela. Paulus Basurko abokatuak ez du ukatzen «susmo txarra» hartu ziola auziari: «Ziurra den gauza bakarra da ez zela egin indar nahikorik gertatu zena argitzeko, eta horrek susmo txarra mantentzera garamatza».

Gerra zikinaren itzala

Anzak osasun arazo larriak zituen. Tumorea zuen buruan eta ez garatzeko tratamendu zorrotza segitu behar zuen. Gainera, ikusmen arazo larriak zituen.Tolosara joan zenean, hilabeterako tratamendua eraman zuen. 2009ko apirilaren 30ean Purpan erietxera eraman zutenean, aldean zuen Baiona-Tolosa tren txartela. Ebakuntzen traza ere bazuen. Haatik, gorpua urtebetez atxiki bazuten ere, ez zituzten kontuan hartu hura nor zen balia zitezkeen aztarna horiek. Anzaren pasaportea eta botika agiriak Tolosako objektu galduen bulegoan agertu ziren. Polizia batek utzi zituen han, izena eman gabe. Oraindik ez da argitu nor zen eta nola atzeman zituen. Sei hilabetez egon zen han pasaportea, familiari jakinarazi gabe. «Irregulartasun gehiegi sinesgarriak izateko. Argi dugu zerbait ezkutatu zutela, zerbait ilun gorde nahi zigutela», dio Koldo Anzak.

Auzi honetan, «disfuntzioak» bata bestearen atzetik ikusi dituzte senideek hasieratik, eta horietatik larriena da «hamar egun horietako hutsunea», Anzaren anaiak azaldu duenez. Apirilaren 18tik 29ra bitarteko tarte horretan zer gertatu zen jakin gabe jarraitzen dute. Tolosako parte batean agertu zen arte, Jon non egon zen ez zutela ikertu nahi salatu dute, nahiz eta beraiek konbentzituta dauden «bahituta» egon zela. Sendiari heriotza naturalaren bertsioa sinesgaitza egin zaio beti, eta, gerra zikinaren itzala ezagututa, argi dute «estatuaren estoldekin» zerikusi zuzena duela Anzaren kasuak. «Gerra zikina izan zen. Ez dugu datu objketiborik hori egiaztatzeko, baina sinistuta gaude bahitu egin zutela».

Hain justu, gerra zikinaren itzala egon da beti Anzaren heriotzaren atzean. 2010ean Gara egunkariak, iturri sinesgarriak aipatuz, argitaratu zuen Espainiako Poliziak Anza trenean harrapatu, legez kanpo galdekatu, hil eta lurperatu egin zutela. Le Monde egunkariak ere sinesgarritasuna eman zion hipotesi horri. Ordurako, gerra zikineko ekintza bat izan zen susmoa bazuen sendiak, eta hala salatu zuen jendaurrean abokatuekin eta beste hainbat eragileekin batera. Susmo horrek konbentzimendu osoa du egun familiarentzat. Eta galderak ditu: «Nahiko genuke jakin nola, noiz, nork eta zergatik hil zuten Jon», dio anaiak.

Urteotan senideek ez dute etsi eta borrokan jarraitu dute egia argitzeko. 2015eko apirilaren 1ean,familiak eskatuta, Frantziako Gobernuak izandako erantzukizuna agerian uzteari buruzko epaiketa egin zuten Parisen. Alabaina, Parisko Auzitegiak ebatzi zuen Frantziako Gobernuak ez zuela inolako erantzukizunik izan Jon Anzaren desagerpenean eta heriotzean izandako «irregulartasunetan». Batetik, ebatzi zuen senideek salatu zituzten «disfuntzio» batzuk akatsak ez direla. Bestetik, irregulartasun batzuk egon zirela onartu arren, adierazi zuen ez zirela akats «larriak». Ondorioztatu zuen estatuak ez zuela inolako loturarik izan.

Ikerketaren irregulartasunetan estatuaren erantzukizuna argia izan zela pentsatzen jarraitzen du Paulus Basurkok: «Fiskalak, poliziak... horiek denek gaizki egin zuten lana, baina hori ez zen difuntzio larria izan? Izugarria da familiari ematen zaion mezua». Sendiak eusten dio bere aldarrikapenari: «Frantziako Estatuak aitortu beharko luke bere erantzukizuna». Eta badu beste nahi bat: «Jon Anza Euskal Herriko memoria historikoaren parte izatea nahiko genuke».

Ekitaldia Ziburun

Hamar urte igaro ondoren, Jon Anza kolektiboarentzat premiazkoa da egia jakitea, eta argi dute garai hartako testuinguru politikoak gerra zikinaren tesia indartu besterik ez duela egiten. Horregatik, egia aldarrikatzeko eta Anza omentzeko ekitaldi bat antolatu zuten atzo Ziburun. Dozenaka lagun bildu ziren, eta, besteak beste, kolektiboko Jokin Etxeberriak hartu zuen hitza: «Auzian gertatutakoaren egia jakiteko eskubidea dugu», ohartarazi zuen. Espainiaren eta Frantziaren jarrera ere deitoratu zuten, eta auzia gerra zikinarekin lotu. Xumai Murua bertsolariak pare bat bertso eskaini zion Antzari, eta agurra eta lore eskaintza egin zieten etakide ohiaren sendiari. Gainera, mural bat ere marraztu zuten Anzaren omenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.