Justizia trantsizionala. Jardunaldiak

«Egia», auzitegietatik kanpo

Gatazkaren ondorioak konpontzeko, bide judizialaz gain beste tresna batzuk behar direla ondorioztatu dute Donostian eginiko mintegi batean.«Beste gizarte hitzarmen bat behar da»

Jose Ricardo de Prada , Jon Mirena Landa eta Francisco Etxeberria, atzoko saioan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2014ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Justiziak ez du Euskal Herriko gatazka politikoari buruzko «egia osoa» azaleratuko; ez ditu, ezta ere, gatazkaren ondorioak konponduko. Eta hori ez du egingo ez Espainiako Estatuaren sistema judizialak, ezta nazioartekoak ere. Justiziaren besoa «motza» baita zenbait eskubide urraketa jazarri eta zigortzerako orduan, eta «itsua» memoriari begiratzen dionean. Horretarako behar dira beste tresna batzuk, eta horiek eskain ditzake justizia trantsizionala deiturikoak. Horri buruz hausnartu zuten atzo Donostiako Aieteko jauregian, Bakearen Etxean, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako mintegian.

Goizeko saioan aztertu zituzten Txileko, Kolonbia eta Espainiako kasuak, herrialde horietako adituen eskutik: Elizabeth Lira psikologoa, Ruta Pacifica de las Mujeres (Emakumeen Ibilbide Baketsua) erakundeko kide Marina Gallego, eta CSCI Espainiako Ikerketa Zientifikoetako Kontseilu Goreneko kide Francisco Ferrandiz.

Arratsaldean, berriz, Euskal Herrian jarri zuten lupa. Euskal Herrian eta auzitegietan, une honetan han baitago «prozesuaren pilota», mintegiko adituen arabera: Jon Mirena Landa EHUko Zigor Zuzenbideko irakaslea, Jose Ricardo de Prada Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako epailea eta Francisco Etxeberria auzi medikua. Hirurek uste dute konponbide prozesuaren egungo fasean auzitegiek rol berezia jokatuko dutela, baina bat datoz esaterakoan horrekin ez dela nahikoa izango, eta beharko dela «trantsizio» bat, gizarte zibiletik hasi, eragile politiko, instituzio publiko eta bestelako erakundeetatik pasa eta Espainiako Estaturaino. Bidea luzea izango dela aitortu dute, eta oztopoz betea. Eta gakoa gizartearen aktibazioa dela.

Hori kontuan hartuta, egun pil-pilean dauden bi gai lotzen ahalegindu da Jon Mirena Landa: berradiskidetzea eta presoen auzia. Nola eraman berradiskidetzearen ideia zigor zuzenbidera, bereziki ETAko kide izateagatik eta delitu larriak egiteagatik zigortuak izan diren presoen kasuetara, funtsean, egun haien aurka ad hoc eraikitako lege multzoa desaktibatu edo malgutzeko.

Landak azpimarratu du estatua mugiarazteko beharrezkoa dela «gizarte hitzarmen berri bat» adostea, bereziki Euskal Herrikoeragile politikoen artean, eta hori egitea giza eskubideen baloreetan oinarrituta. Horretan, presoek beraiek ere beren ekarpena egin dezaketela uste du Landak, eta horretarako aukerak eskaini behar zaizkiela. Landak salatu du, baina, horretarako asmorik erakutsi ez eta gainera zigorrak ezarri eta haiek betearazteko orduan Espainiako Justiziak «bide pozoitu» bat baino ez diela eskaintzen presoei, ia ezinezkoa egiten diena, hala nahi izanez gero, berradiskidetze prozesu bat abiatzea, eta, beraz, gizarteratzea edo bestelako espetxe neurriak lortzea.

EHUko irakasleak gogoratu du, halere, gizarteratzea dela zigor zuzenbidearen helburuetako bat, nagusiena ez bada, Espainiako legediaren eta nazioarteko doktrinaren arabera. Eta delitu bakoitzeko gutxieneko zigor bat ezartzearekin batera, estatuak bermeak eman behar dizkiola presoari eta exijentziak ezarri gizarteratze prozesu hori abiatu ahal izateko. Landak uste du, gaur egun, eta Espainiako Estatuaren kasuan exijentzia horiek erantzuten diotela «terrorismoaren aurkako borrokaren» dinamikari eta ez gatazkaren konponbidea bultzatzeko nahiari. Hala, azpimarratu du horiek aldatu behar direla, nazioarteko estandarretara egokitu behar direla eta, euskal presoen kasuan, konponbide prozesua aintzat hartuta egin behar dela hori; alegia, presoak prozesuarekiko atxikimendua erakustea nahiko litzatekeela gizarteratze prozesu bat hasteko. «Sobera daude iraganarekin loturiko betebeharrak», esan du Landak, barkamenaz eta legean jasota dauden beste exijentzia batzuei buruz galdetu diotenean.

«Gehiegikeriak»

Hein handi batean bat dator horrekin Jose Ricardo de Prada Auzitegi Nazionaleko epailea. Uste du exijentzia horiek erantzuten diotela legearen «salbuespeneko interpretazio bati» eta horiek aldatzeko aski motibo daudela gaur egun. Are, epaileak salatu du interpretazio horrek «berarekin eraman» duela zuzenbide estatua bera, zenbait «gehiegikeria» ahalbidetu dituela -tortura, kasu—, eta lehenbailehen bertan behera utzi beharko litzatekeela. «Estrasburgotik esan diguten bezala, zuzenbide estatua berreskuratu behar da, nazioarteko estandarretara eramateko», esan du. «Trantsizio hori behar da».

Horrekin batera, De Prada epaileak azpimarratu du euskal gatazkaren kasuan, Espainiako Justiziak eraiki duen egia «fragmentatua eta interesatua» dela, eta hori gertatu dela salbuespeneko aplikazio horregatik. Egiaren batzordeak eta gisa horretako tresnak sortzearen alde azaldu da horri aurre egiteko.

Auzitegien egitekoari buruz, ezkorrago azaldu da Francisco Etxeberria auzi medikua, eta Espainiako Estatuaren partetik ezer gutxi espero daitekeela esan du, argi: «Ez daki, ezin du eta ez du nahi». Etxeberriak ohartarazi du justiziak ez duela egia osoa ezagutzeko gaitasunik, eta batzuetan, gainera, egia ezkutatu ere egin duela. Uste du instituzio eta erakunde bakoitzak jarri behar duela bere lana giza eskubideen mesedetan, eta nabarmendu du egia horiek «ofizializatzea» dela gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.