Euskara gaitasuna egiaztatzeko azterketa libre bakarra ez da EGA euskararen gaitasun agiria izango aurrerantzean. Gainerako tituluak euskara ikasleek edo administrazioko langileek bakarrik eskura zitzaketen orain arte. Irailetik aurrera, ordea, B1 eta B2 mailetarako probak ere libreak izango dira. Hori erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Udazkenean egingo dituzte lehenbiziko azterketak. Gobernuaren asmoa da gainerako mailetara ere hedatzea proba libreen sistema. Horren bidez, hautsi egin dute orain arte titulu aske gisa EGAk izan duen bakartasuna.
EGAri buruzko eztabaida pil-pilean dagoelarik iritsi da Jaurlaritzaren erabakia. Aurkezten direnetatik, lautik hiruk ez dute EGA lortzen. Eusko Legebiltzarrak eskatuta, txosten bat prestatzen ari da aditu talde bat; datozen asteetan aurkeztuko dute. Gai horrekin bat egin du B1 eta B2 tituluetan azterketa irekiak egiteko erabakiak, baina Jaurlaritzak azaldu du zerikusirik ez duela eztabaidarekin, lehenago erabakia zutela, eta eredua lantzen aritu direla orain arte.
EGAra aurkezteko baldintzen gisakoak bete beharko dira B1 eta B2 probetan parte hartzeko. Nagusia: 17 urte edo gehiago edukitzea. Azterketan «jende asko» espero dutela azaldu du Joseba Erkiziak, HABEko zuzendariak. «Baina ez dugu uste EGAko kopuruak izango ditugunik ere». 13.000 lagun inguru aurkezten dira EGA azterketara urtero Euskal Herrian. 20 urte baino gutxiago dituzte %70ek.
Ikasleak dira gehienak; institututik taldean joaten dira. Kontua da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ikasketak B edo D ereduan egitearen truke euskara gaitasunak aitortuak dituztela ikasleek —DBH bi eredu horietako batean eginda eta Euskara ikasgaia gaindituta, B1 maila aitortzen diete; Batxilergoa amaitzean, B2 maila—. Hori horrela, «adin batetik gorakoak» espero dituzte B1 eta B2 probetan.
EGAren beharra
B1 eta B2 titulu libre bihurturik, administrazioko lehen hiru hizkuntza eskakizunen parekoak lor daitezke norbere kabuz. Gainera, bide eman dezake orain arte euskara jakitea egiaztatzeko EGA soilik erabili dutenek hori aldatzeko.
Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea, EGArekiko liluraz jardun da. Beste maila batzuen defentsa egin du: «Beharrezkoa da EGA hainbat erabileratarako, baina beste askotarako, ez. Euskaraz bizitzeko, ez da beharrezkoa EGA mailarik; funtziona daiteke maila apalagoarekin».
EGAren aurreko mailetan aldaketa gehiago ere egingo dituzte. Europako markoak zehaztutako A1 eta A2 mailen curriculuma taxutua dute jadanik, eta ikasmateriala ere bai —atzo bertan aurkeztu zuten A2 mailakoa—. Bi maila horietan ere ziurtagiriak emango dituzte. Euskaltegian bertan eginiko ebaluazio jarraitua izango da ardatz —ikasleak eskolen %75etara baino gehiagotara joan beharko du horretarako—. Maila egiaztatzen duten ikasleek aukera edukiko dute diru laguntzen sisteman sartzeko: matrikula ordaintzeko laguntza emango die gobernuak. «Doakotasunerako bidean urrats nabarmena da», esan du Erkiziak. Aurten, 1,25 milioi euroko saila jasoa du gobernuak laguntza horiek emateko —250.000 euro handitu da aurrekontua, A1 eta A2 mailetako laguntzak ordaintze aldera—.
B1eko ikasleen ebaluazioan ere aldaketak datoz. Kanpo azterketa izango da aurrerantzean ere —ez dute euskaltegiko irakasleek jartzen—, baina ikasle guztiak leku batean pilatu beharrean, euskaltegietan izango da proba. Gainerako mailetan ere «bide bera» hartu nahi dute, «baina pixkanaka».
EGAk bakarrik ez, azpiko bi mailak ere azterketa libreak izango dituzte
B2 eta B1 mailetarako ere deialdi irekiak egitea erabaki du Jaurlaritzak: irailean izango da lehenengoa.Oinarrizko A1 eta A2 mailak lortzen dituztenek ere ziurtagiria lortuko dute, eta diru laguntzak ere bai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu