Euskal Konfederazioak agerraldia egin du Baionan, EEP Euskararen Erakunde Publikoa osatzen duten lau partaideei eskatzeko proposa dezatela euskararen geroa segurtatuko duen hizkuntza politika bat. «Nola egin 2050ean euskaldunen kopurua %30 izan dadin, euskararen bizirautea segurtatzeko?», galdetu dute. «Hori da EEP osatzen duten erakunde publikoek egin behar duten galdera eta atzeman behar dituzten erantzunak». EEPren izaera eztabaidatuko dute hura osatzen duten erakunde publikoek ondoko asteetan, eta etorkizunean zer baliabide izanen dituen erabakiko dute. Euskalgintzaren hitzetan, gaur egungo erritmoan segitzea «euskara hiltzera kondenatzea» litzateke.
Ikusi gehiago:Analisia. Ekhi Erremundegi Beloki: 'Hil ala bizi'
2004an sortu zenetik, lau hanka ditu EEPk: Frantziako Estatua Kultura, Hezkuntza eta Barne ministerioek dute ordezkaritza, Akitania Berria eskualdea, Pirinio Atlantikoetako Departamendua eta Euskal Hirigune Elkargoa. Izaera juridikoz IEP Interes Publikoko Elkargoa da, eta bost urtean behin erabakitzen dute jarraituko duen ala ez, Frantziako Gobernuak egindako ebaluazio baten ondotik. Mahai gainean dagoen aukeretako bat da hemendik aitzina epe mugagabea ematea.
Prozesu horretan, EEPren beharrak zehazteko lan dokumentua aurkeztu zieten hizkuntza eragileei eta Euskal Konfederazioari irailean. Bertan, Ipar Euskal Herriak ondoko urteetan izanen duen bilakaera demografikoa aztertu dute, eta araberan izan lezakeen euskal hiztun kopurua aurreikusi dute. Onenean, gaur egungo euskaldun kopuru bera litzateke, erdal mundu geroz eta handiagoan —EEPren kalkuluen arabera, hamar herritar berritarik zortzi izanen dira frankofonoak, eta bi euskaldunak—. Biztanleriaren emendatzeak azken urteetako joerari segitzen badio, euskaldun kopurua %16tik behera izanen da.
«Datu beldurgarri horien aitzinean, EEPk ez du proposatzen euskararen geroa segurtatuko duen hizkuntza politikarik. Haien proposamen bakarra da orain arte bezala segitzea», deitoratu du Konfederazioak. «Zein dira EEPren helburuak zenbakitan, euskaldun osoak trebatzeari begira? Nola eta zer epetan? Nola berpiztuko du euskararen erabilera?», galdetu dute. Izan ere, xehetasunik eta ebaluazio irizpiderik ez da ageri ondoko urteetarako hizkuntza politika eguneratzea helburu izan beharko lukeen dokumentuan. «Nola bultzatu euskararen biziberritzea holako helbururik ez bada finkatzen?».
Lehendakari berria
Atzo arratsaldean zuten biltzar nagusia EEPko partaideek, eta lehendakari berria izendatu zuten. Maider Behotegi departamenduko hautetsiak hartuko du Antton Kurutxarriren lekukoa, ondoko hiru urteetarako. Behotegik kargua hartzearekin batera, instituzioen arteko negoziazioa abiatuko da EEPko aurrekontuari zenbateko ekarpena egiten dioten finkatzeko; erakunde bakoitzak laurden bat ematen du estatutuen arabera. «Euskalgintzak hamarkadetan frogatu du ez dagoela ezinbesterik, eta behar diren ahaleginek, ezinbestekoak diren inbertsioek, emaitzak ematen dituztela», adierazi du Konfederazioak.
Hala, Behotegiri mintzatu zitzaizkion goizean egin zuten agerraldian: «Lehendakari berriari eskatu nahi diogu ausarta izan dadin, helburu ausartak finka ditzan, eta araberako baliabideak ezar ditzatela estatuak, eskualdeak, departamenduak eta elkargoak». Joan den otsailean gutun bana igorri zieten instituzioetako lehendakariei, euskalgintzaren prekaritatea salatzeko eta adierazteko baliabide egokirik gabe ezinezkoa dela euskara biziberritzea. «Ez dugu sekula erantzunik izan...», deitoratu dute.
EEPren biltzar nagusia aitzin, prentsaurrekoan zabaldutako testua banatu zieten euskalgintzako kideek erakundeetako ordezkariei. Behotegik ere hartu zuen hitza kazetarien aitzinean: «Inkesta soziolinguistikoak oinarriak eta erronkak finkatu ditu. Urte bukaerarako iritsi beharko litzatekeen ministerioarteko ikuskatzearen beha gaude, eta horrek ere norabide bat emanen digu, aurrekontuei begirakoa ere», adierazi zuen. «Beharren orduen artean da, baina uste dut badirela beste aterabide batzuk ere, erakunde bakoitzak dituen eskumenen arabera. Konfiantzaz beteak eta baikor segituko dugu, erronkaz ohartuak baikara».
Behotegik baieztatu zuen badakitela «gaitzeko erronka» dela, eta erran zuen horretan lan eginen dutela. Haatik, 2050erako hiztun kopurua %30era heltzeari buruz ez zuen helburu zenbakiturik eman nahi izan. «Anbiziotsu izan behar da, bai, badakigu lana badugula egiteko, badakigu proportzio hori emendatu behar dela. Ez naiz gai gaur errateko zer maila finkatuko dugun, ez baitakit nola definitua izan den, Unescok ezarritako helburua dela entzuteaz harago».
Euskaltzaleak, «adi»
Hemendik aitzina, instituzio arteko negoziazioari hurbiletik erreparatuko dio Euskal Konfederazioak, «ondoko aste eta hilabeteetan euskararen geroa baita jokoan». Ipar Euskal Herriko hautetsiak deitu ditu, bidenabar, «egoeraren neurria har dezaten eta eginahalak egin ditzaten egoera hau errotik aldatzeko hizkuntza politiken obratzeko». Euskaltzaleak ere «adi» egotera deitu ditu.
Azkenik, Konfederazioak bat egin du Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4ko deitu duen mobilizazioarekin, eta Ipar Euskal Herriko euskaltzale guziak deitu ditu parte hartzera.