EEP Euskararen Erakunde Publikoak iaz bezainbesteko diru laguntzak banatu ditu Ipar Euskal Herrian euskararen arloan diharduten eragileak sustatzeko. Joan den astean egin zuten biltzar nagusia, eta 1,9 milioi euro banatzea onartu. 495.000 euro euskarazko irakaskuntzarako izanen dira, nagusiki Seaskarako. Beste 520.000 euro helduen irakaskuntzarako baliatuko dira, eta 529.000 euro sei hedabideren artean banatuko dituzte.
Horrez gain, EEPrekin hitzarmenez lotuak diren hamalau eragileek 2023. urteko inflazio tasaren araberako gehigarri bat ere izanen dute, diru laguntzez bereizia. %4,9ko tasa aplikatuko dute, 94.742 euro orotara. Maider Behotegi EEPko lehendakariak baieztatu du AEKren erabilera arloko proiektuari, hau da, Praktikaturi ere laguntza emanen diotela aurten.
Azkenik, euskarazko haurtzaindegi eta haurtzain etxeak biltzen dituen Konkolotx elkartearen auzia ere tartean da. Behotegik baieztatu du hainbat elkarrizketaren ondotik Euskal Hirigune Elkargoak bere gain hartuko duela Konkolotxen laguntza.