EEP-ren lehendakari ohia

Antton Kurutxarri: «EEP tresna bat da; jotzen bada, hautsiko da»

Azken urteetako oztopoak azpimarratu ditu Kurutxarrik. Euskalgintzaren eskaerak entzun eta instituzioen arteko oreka atxikitzearen zailtasuna aipatu du.

(ID_12355144) ANTTON KURUTXARRI
GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko abenduaren 12a
05:00
Entzun

Ipar Euskal Herrian eramaten den hizkuntza politikaren arduradun nagusia izan da Antton Kurutxarri azken hiru urteetan: Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordea eta EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria. Lau instituzioren borondatean oinarritzen da EEP: Euskal Hirigune Elkargoa, Pirinio Atlantikoetako departamendua, Akitania Berria eta Frantziako Estatua. Urriaren 19an departamenduak hartu zuen gidaritza hurrengo sei urteetarako, eta Maider Behotegi izanen da EEPko lehendakari.

Zer bilan egiten duzu EEPko lehendakari izan zaren hiru urte hauetaz?

Hiru urte gogor izan dira. Bi fasetan zatituko nuke: lehena murgiltzearen inguruko bataila eta Molac legea. Ondotik, usaiaz kanpoko irekitzeak: lehen aldiz publikoan, ama eskolatik kanpo, lehen urteko ikasgelak ireki dira murgiltzean. Bigarren fasean, beste bi gai: azterketen ingurukoa indartu da 2022tik goiti; bestalde, euskalgintzaren zailtasun estrukturala. EEPk laguntzen ditu eragile guziak, baina hor suak gorrira pasatzen ari dira. 

Hezkuntza aipatu duzu nagusiki. Nola ikusten dituzu gainerako sailak?

Haurtzaroarena inportantea da, eta biziki problematikoa. Izan da Konkolotxen sorrera 2023an, baina Elkargoan ere baditugu gure haurtzaindegiak. Haurtzain etxeei buruzko politika bat muntatzen hasi gara, euskarari itzulia, baina izugarri neke da. Profesional eskas gorria bada. Horiek dira lehen atea euskara munduan sartzeko; estrategikoa da.

Beste gai bat helduen euskalduntzearena da. Hor ere izugarriko trabak ditugu. Adibide jakin bat: Frantziako legediak debekatzen du euskara gaitasuna baldintza gisa ematea lanpostu eskaintzetan. Berdintasunaren izenean. Bada ere beste eragile batzuen egoera, aisialdietan, irratietan... Denetan badira erronkak.

Zer harreman izan duzu orain arte Frantziako Gobernuarekin eta administrazioarekin?

EEPko lehendakari gisa, bereziki Hezkuntza Ministerioarekin. Sekulako blokeatzeak baditugu: konplikatua da, printzipio batzuengatik. Haurtzaindegi mailan, adibidez, CAF familien laguntza kutxak, bere eskemetan, ez du kontuan hartzen haurtzaina euskalduna izateko gurasoek egin lezaketen hautua. Erraten dugularik ez diela erantzuten aita-amen beharrei, sartzen gara berdintasunaren inguruko eztabaidan. Beti eta dena horrela da. Biziki neke da hizkuntza politika bat eramatea Ipar Euskal Herrian. Ikusten dugu Hego Euskal Herrian, bereziki Nafarroan, baina Euskadin ere, euskara koofiziala delarik zein zaila den; guretzat biderkatzen dira zailtasun horiek.

Zer egin beharko litzateke zure ustez estatuaren blokeo egoera hori gainditzeko?

Ez da biziki konplikatua, eta egin genuen dei bat erakunde publikoen artean: aterabidea da konstituzio aldaketa. Erran nahi du ez genukeela oztopo hori izanen; perspektiba berriak eta askatasun gehiago izan genitzakeela gure politikak eramateko.

Nola ikusten dituzu hizkuntza politikari begira EEPko gainerako erakundeak, hau da, Elkargoa, departamendua eta eskualdea?

Momentuan eztabaidan eta negoziazioan dira, ikusteko EEPren egoera eta etorkizuna nolakoa izanen den. Biziki sentsiblea da. Negoziazioak hobeki pasatzen dira prentsatik urrun; beraz, ez dut ezer erranen. Beste gisan, ikusi dudana da irakaskuntza mailan bat egin dugula Parisera joan garelarik, urrunago joateko hizkuntza politikan.

2017an EEPko aholku batzordea uztea erabaki zuten Euskal Konfederazioko eragileek. Zu lehendakari izan zaren artean ez dira itzuli.

Biziki logikoa da ez itzultzea, salatu zituzten puntuak eta egoera orokorra ez baitira aldatu. Horrek ez du erran nahi EEP ez dela haiekin mintzo; baditu banakako harremanak euskalgintzako eragileekin. Ni ere, lehendakari gisa, bildu naiz Euskal Konfederazioarekin.

Eragile bakoitzaren egoera hartzen badugu, zer ardura du EEPk?

EEPrekin kasu eman behar da: tresna hauskorra da. Bi borondateren artean kokatuak gara. EEPk aplikatzen du instituzioek politikoki adostu dutena. Beti eta gehiago, eskatzen dute justifikatzeko politika publikoa ongi eramana dela. Kasu ematen dute ere EEP neutro egon dadin bere ingurumenarekin; ez da tresna militante bat.

Beste aldetik, euskalgintzak EEPri autonomia bat eskatzen dio; izatez ez da posible, lau instituzioen menpe baita. Euskalgintzarentzat EEP ez doa aski fite, ez du aski egiten, ahulegi da... Izugarri ekuazio konplikatua da, bi aldeetarik biltzen duzulako. Instituzioek kasu eman behar dute, ez baitiote EEPri gehiegi galdetu behar, baina euskalgintzak ere ez du sobera atakatu behar, bestela tresna ahultzen baitu bere sinesgarritasuna kenduz. Hori da nire iritzia.

EEPri egozten zaizkio arazo guziak?

Hartzen badira banaka euskalgintzaren arazoak, Uda Leku larrialdi egoeran da, baina ez da EEPren falta. Herrien konpetentzia da aisialdiena. Badira urteak EEPk 180.000 euro ematen dizkiola Uda Lekuri, udalerriek ez baitute egiten beren lana. Eragileek erraten digute «konpondu zuen artean, guk behar dugu aterabide bat». Bai, baina EEPk ezin du dena. Gauza bera Seaskak dituen nekezia batzuekin, adibidez, Beskoitzen [Lapurdi], edo azterketak euskaraz egiteko, edo egoitzak finantzatzeko.

Uda Lekuren kasua hartuta, EEPk ezin duen hori ezin ote dezake Elkargoak egin?

Baina egin dut. Ibili naiz udalerri batzuetan, hiri handietan, behin, bi aldiz, hiru aldiz; ibili naiz ere lurralde poloetan. Elkargoko eta EEPko agenteekin biltzen ginen esplikatzeko Uda Lekuren zailtasunak, eta aterabideak nolakoak liratekeen. Momentuan ez dut deus ere lortu. Sinplea da: ez da derrigorrezkoa Uda Lekuri dirua ematea; legeak ez ditu behartzen. Anitzek ez dute egiten, edo egiten dute sinbolikoki. Ez nik, ez Elkargoak ez ditugu behartzen ahal.

Hogei urteko hizkuntza politikaren ondotik hiztunen proportzioa apaltzen ari da. Ez ote da logikoa gehiago eskatzea?

Gehiago eskatu behar zaie instituzioei, bai. Kabinete batekin lan egin dugu prospekzioak egiteko: ondoko hamarkadetan instituzioek ez badiote indar gehiago ematen EEPri, eta ez badute haien konpetentzietan gehiago egiten, euskarak ukanen du leku bat jendartean sekula baino apalagoa eta ahulagoa. Horregatik gakoa da lau instituzioen arteko eztabaida; honen ondorioak eginen du indarra ukanen dugula ala ez desafio horren altxatzeko. Ez da ahantzi behar: EEP lau erakunde parte hartzaileen borondatearen fruitua da. Tresna bat da; jotzen bada, hautsiko da. Horregatik erraten dut EEPk duen lekua konplikatua dela.

2050erako %30eko proportzioa bermatuko lukeen hizkuntza politika galdetu du euskalgintzak. Bat egiten duzu helburu horrekin?

Hori izan beharko litzateke helburua. Baina noizko? 2050 hor da, 25 urteren buruan. Defendatzen dudana zera da, ezin dela orain arte bezala segitu, eta %30en bidea hartu behar dugula. Gero, prospektiba ez da aski urrun joan jakiteko zer erran nahi duen diru mailan, EEP nola kanbiatu beharko litzatekeen. Nahi nuke ariketa hori bururaino eraman dezagun.

EEPren administrazio kontseiluan helburu hori defendatuko duzu?

Ez naiz euskalgintzaren bozeramailea. Ez dut horrela eginen. 25 urteren buruan %30era heltzeak zer erran nahi du zehazki euskalduntze mailan? Kasik zehaztu daiteke urteka zenbat jende gehiago behar litzatekeen. Horrek zerbait erran nahiko du irakaskuntzan, helduen euskalduntzean, eta euskararen aktibatzean jendartean. Hori EEPn aztertuko da.

2050erako helburu hori ematea besterik gabe ez dut inorekin aipatu Elkargoan, ez da sekula bozkatua izan, ez dakit noren izenean mintzatuko nintzatekeen. Kudeaketa mailan, horrelako postura batek arazoak sor ditzake.

Helburu bezala finkatu aitzin EEPn prospekzio lan hori eginen duzuela erraten ari zara?

Nahi genuke lan hori egin. Orain arteko bilana eta perspektibak egin ditugu. Politika publikoa orain artekoan segituz %17ra pasatzen da 25 urteren buruan. Katastrofikoa da. [Frantziako] Hirugarren eta laugarren errepublikek borrokatu dute euskara, baina jendartea aise euskaldunagoa zen. Orain, ez da hala. Egoera hori berria da, sekula gertatu ez dena. Horren aitzinean, nola erreakzionatzen den, hori da inportantea. Neurria hartzen dugun ala ez. Ikusi behar da ea 2050erako %30eko helburu hori hartuta prospekzioa segituko den. Interesgarria litzateke datu batzuen ukaiteko. Ezin naiz aitzinatu, lehendakariarekin ez naiz mintzatu, eta ez dugu adostu gure artean.

Baina zuk hori egitea defendatuko duzu?

Bai.

Maider Behotegik hartu du zure segida lehendakari gisa.

Konfiantza osoz uzten diot. Bardozeko [Lapurdi] auzapeza da, badu ikastola bat bere herrian, euskara ikasten ari da AEKn. Gauza horiek guziak ulertzen ditu, eta kontziente da. Urte bat eta erdiz aritu naiz harekin eta Frederique Espagnacekin lanean. Ez dut duda izpirik defendatuko dituela eta aho batez arituko garela. Gauza bat da gu nor garen eta nola ari garen; bigarren gauza da instituzioak zer dioen: Behotegirenak, nireak eta Espagnacenak. Harreman zabalago batzuetan sartzen gara, beste erronka batzuekin. Hori beste zerbait da.

2018an onartu zuen hizkuntza proiektua Elkargoak. Ikusi duzu aitzinamendurik?

Badira aitzinamenduak. Herriko etxe gehiago heldu da guregana aholku, zerbitzu eta ingeniaritza eske. Sentiberatzea garatu da, ez da dudarik. Itzulpen lanetarako herri gehiagok galdegiten digu laguntza. Baditugu herrietarako plangintzak, hobekuntza kontratuak: ideia da udalerriak autonomiara eramatea. Urtero ditugu herri berriak; langile bat edo bi ematen dituzte euskara ikasteko formakuntza trinkoan. Euskara teknikariak hartzen ari dira herri batzuetan. Horiek dira seinale batzuk erakusten dutenak aitzinatzen garela. Inkesta soziolinguistikoa ikusita, badakigu erritmo hori ez dela aski indartsua. Hor ere berdin: ez badigute dei egin nahi, ez dute egiten.

Zein dira lehentasunak ondoko urteetarako?

Baditugu perspektibak gure eskumenetan gehiago egiteko. Haurtzaindegietan eta haurtzain etxeetan, langileen formakuntzan, zerbitzuen elebitasunean... Herriak bezala, Elkargoa da eguneroko biziaren solaskide nagusia. Agenteak euskaldunak badira, publizitatea bi hizkuntzetan eramaten badugu, zerbitzuek haur bati bermatzen badiote euskaraz bizitzea haurtzaindegian, aisialdietan... baditugu manerak horretan aitzinatzeko. Ene anbizio nagusia da Elkargoak indar dezan bere hizkuntza politika. Erakuts dezagun, eta ez bakarrik eleetan, EEPren berritzearekin batera guk ere anbizio maila igotzen dugula. Ikusgarria izan dadila urrats kualitatibo berri bat egina izan dela hizkuntza politikan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.