Edurne Brouardek utzi egin du Korrikako ardura postua

Azken sei lasterketetan arduradun nagusia izan da, eta AEKn jarraituko du; Asier Amondo jarri dute arduradun nagusi

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Edurne Brouardek ez du segituko Korrikako arduradun nagusi. Azken sei ekitaldietan buru egin du, eta kargua uztea erabaki du, AEK-k ohar baten bitartez jakinarazi duenez. Joan den ostegunean, batzar nazionala egin zuen AEK-k, eta Brouarden ordezkoa izendatu zuen: Asier Amondok hartuko du Korrikaren arduradun nagusi postua urritik aurrera. Gaur egun, AEKren Arabako ordezkari nagusi ari da Amondo. Brouardek berak AEKn jarraituko du, beste eginkizun batzuetan.

Ia hasieratik ari da Korrikaren antolatzaile lanetan Brouard. Bigarren lasterketarako hasia zen beharrean, eta arduradun nagusia izan da azken sei ekitaldietan. Martxoan egin zuten Korrika, eta 2015ean izango da, beraz, hurrena.

Sendotuta laga du euskararen aldeko lasterketa Brouardek. Euskarak bezala, Korrikak ere alde handiak ditu leku batetik bestera, baina jadanik inon ez diote harrera txarrik egiten lasterketari. Are, azken ekitaldia aniztasunaren ispilu izan zen. Lehen aldikoz, Eusko Legebiltzarreko alderdi guzti-guztiak elkarrekin irten ziren lekukoaren atzetik. «Inoiz baino handiagoa eta pluralagoa izan da parte hartzea, orain arte parte hartu ez dutenek ere bat egin baitute», nabarmendu zuen Brouardek balantzea egindakoan.

Lasterketako ispilua egunerokora eramatea da orain erronka, arduradunak berak ohartarazi zuenez. Korrikan egunez egun eta gauez gau agerrarazitako indarra «bideratzera» dei egin zuen.

Asier Amondok hartuko du horren ardura. Korrika ondo ezagutzen du. Urteak daramatza lanean Araban. Laudiokoa da sortzez, eta 44 urte ditu. Urrian hartukodu arduradun nagusiaren postua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.