Osasun arloko ituna adosteko bigarren bilera egiten ari dira Eusko Jaurlaritza eta eragile politiko, sindikal eta sozial nagusiak, eta, bilera hasi aurretik, mahai horretara deitua izan ez den OPA Plataforma Herritarrak koordinakundeak elkarretaratze bat egin du Biogipuzkoaren eraikinaren kanpoaldean. Osasun arloko ituna «edukiz betetzeko» eskatu dute. «Itunak ondo daude», esan dute koordinakundeko kideek, «baina konponbideak orain behar ditugu». Pribatizazioak eteteko beharra ere azpimarratu dute.
Kontxi Rebollo eta Javier Arana OPAko kideen arabera, «itunarekin biztanleria lasaitu nahi dute, baina inportanteena itun horrek izango duen edukia da». Ildo horretan, uste dute «berebizikoa» dela «eduki gabeko itunik ez egitea». Ikusi behar dute ere «ea pribatizazioak eteten diren; ea langile talderako politikak egiaz izango diren Osakidetzak behar dituenak; eta ea lehen arreta indartuko den», hain zuzen, hori delako «biztanleriak beharrezko sentitzen duena».
OPAren ustez, Osakidetzak eskainitako zerbitzuaren kalitatea «ez da izan herritarrek eskatzen zutena eta merezi zutena». Horixe da, plataformaren arabera, «kontuaren muina».
«Itunak ondo daude, baina ikusi behar da zertarako diren; errealitatea da konponbideak orain eman behar dituztela»
KONTXI REBOLLO ETA JAVIER ARANAOsasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformako kideak
Bilera hasi aurretik, Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi du Javier Meanak, itunaren koordinatzaileak, plataformekin aldebiko bilerak izango dituela, haien aldarriak osasun itunera eramateko. Rebollok eta Aranak horren berririk ez dutela esan dute. Izan ere, herenegun Martinezek berak esan zuen «horrelako plataformek udal eremuan» egiten dutela lan, eta horiek prozesura gonbidatzea «gobernaezina» litzatekeela. Gainera, koordinakundeak biltzeko eskatu zion sailburuari duela hilabete, eta duela egun batzuk salatu zuten haren erantzunik jaso gabe zeudela.
Edonola ere, nahi dute pentsatzen dutena agertu. «Azaldu zein den gure diagnostikoa eta zein diren gure lehentasunak». Nahi dute oinarrian, lehen arretaren, anbulatorioen funtzionamendu egokia, «orain ez direlako nahiko baliabide jartzen».
Haien ustez ere, medikuak behar dira etengabeko arreta gune guztietan, «herri guztietan medikuak egon daitezen. Ezin da itxaron enpresen artean akordioak izateari».
Rebolloren eta Aranaren iritzian, plataformak izateak erakusten du jendea ez dagoela ados egoerarekin. «Herritarrak zuzenean sufritzen ari direlako mediku, pediatra, psikologo falta». Horregatik, haien arabera, «itunak ondo daude, baina ikusi behar da zertarako diren; errealitatea da konponbideak orain eman behar dituztela».
«Antzezlan hutsa» ELArentzat
ELAk, berriz, berretsi du «erabaki ona dela» osasun arloko itunean parte ez hartzea, «antzezlan hutsa» delako eta bertan «ez delako sakoneko aldaketarik planteatuko».
Sindikatua kexu agertu da Osasun Sailak itunean aurkeztutako diagnostikoarekin, «azterketan ez delako azaltzen zeintzuk diren Osakidetzaren narriaduraren arrazoiak. Ez bada aztertzen zergatik okertu den Osakidetzaren egoera, ezinezkoa izango da konponbideak topatzea».
Ildo horretan, ELAk azaldu du Osasun Sailak «makina bat dokumentu» aurkeztu duela gaixotasunen prebalentziaz, populazioaren analisiaz edo aurreikuspen demografikoez, «baina ez du azaltzen zergatik dagoen Osakidetza gainezka, eta zergatik ez den gai kalitatezko osasun arreta eskaintzeko».
Agirian agertzen ez diren gaien artean batzuk nabarmendu ditu ELAk: hala nola ez direla aztertzen desberdintasun sozialek osasun adierazleetan duten eragina; ez EAEk osasun arloan dituen eskumen mugak; ez gobernantza eredua eta Osakidetzako presio taldeak; eta ez dira aztertzen harremanak eta lan baldintzak; ez osasun pribatuaren gorakada; ez eta Osakidetzak zerbitzua bi hizkuntza ofizialetan eskaintzeko duen gaitasun falta ere.