Edukiontziak elektronikoki irekitzeko sistema ezarriko dute Iruñerriko Mankomunitate osoan

Martxoaren 10ean hasiko dira ezartzen Antsoainen eta Atarrabian, eta ekainera arte jarraituko dute eskualdeko zenbait herritara sistema zabaltzen.

Iruñeko bizilagun bat hondakinak botatzen, sistema elektronikoz irekitzen den edukiontzi batean. JESUS DIGES / EFE
Iruñeko bizilagun bat hondakinak botatzen, sistema elektronikoz irekitzen den edukiontzi batean. JESUS DIGES / EFE
Estibaliz Navarro Argaz
2025eko otsailaren 5a
15:00
Entzun

Hiru hilabetean, Iruñerriko Mankomunitateak elektronikoki zabaltzen diren edukiontzi berriak jarriko ditu eskualdeko zenbait herritan: Antsoainen eta Atarrabian —martxoaren 10ean—, Burlatan eta Uharten —martxoaren 24an—, Noainen, Zizur Nagusian eta Zizur Txikian —apirilaren 7an—, Arren, Ollokin, Gorraitzen, Olatzen, Cordovillan, Beriainen eta Orkoienen —maiatzaren 19an—, eta, azkenik, Ororbian, Zuastin, Artikan, Aitzoainen, Berriobeitin, Berriogoitin eta Berriozarren —ekainaren 2an—. Horrela, eskualdeko ia herri eta auzo guztiek izango dituzte edukiontzi elektronikoak. Edukiontziak txartel baten edo aplikazio baten bidez zabaldu ahalko dira.

Helburu nagusia hondakinen bereizketa hobetzea da, bereziki hondakin organikoena —eskualdean sortutako hondakinen %34,4 dira—. Espero dute teknologia horrek bilketa eraginkorragoa bultzatuko duela eta gaizki sailkatutako edo edukiontzietara behar ez bezala botatako hondakinen kopurua murriztuko duela.

Edukiontzi elektronikoak erabiltzen dira jada Iruñerriko Mankomunitateko zenbait herritan, eta, sistema horrekin, hondakinen %60 baino gehiago gaika biltzea lortu dute; sistema hori ez duten eremuetan %40 bakarrik biltzen da gaika. Hala zehaztu du Alfonso Amorenak, mankomunitateko zuzendari gerenteak. Horrez gain, birziklagarriak diren hondakinen bilketa handitzeak berekin ekarri du errefus nabarmen gutxiago biltzea, %40 inguru.

Edukiontzi elektronikoen zabalkundeak Iruñerriko Mankomunitateko 40.698 etxebizitza eta 2.371 establezimendu bilduko ditu, eta, guztira, 111.000 biztanleri eragingo die. Sistema berria ezartzen amaitzen denean, 345.000 biztanleri emango die zerbitzua —biztanle guztien %95—, 323.906 txartel banatuko dituzte 161.953 etxebizitza eta establezimendutan, eta 1.395 edukiontzi jarriko dituzte. Sistematik kanpo geratuko lirateke soilik Iruñerriko Alde Zaharra —«haren ezaugarri ezberdinengatik»—, Esteribar eta herri txikiak, beste bilketa programa bat erabiltzen dutelako.

Txartela eskuratzeko

Herritarrek txartel elektroniko bat edo eskuko telefonoko aplikazio bat erabiliz ireki ahal izango dituzte edukiontziak —hondakin organikoena eta errefusarena—. 

Txartel elektronikoak zenbait fasetan banatuko dituzte: hasieran, informazio gutunak bidaliko dizkiete herritarrei, aldaketa prozesua eta edukiontziak erabiltzeko modu berria azaltzeko; hurrengo bi asteetan, mankomunitateko langileak txartelak entregatzen hasiko dira atez ate, bai etxeetan, bai lokaletan, eta sistemaren funtzionamenduari buruzko prestakuntza eskainiko dute.

Aplikazioaren bidez sartzeko, beharrezkoa izango da eskuko telefonoaren bluetootha eta geolokalizazioa aktibatzea. Aplikazioak ez du gailuaren daturik kontsumitzen, ezta informaziorik erregistratzen ere.

Edukiontziak irekitzeko txartel berriak eskualdeko hiri garraiorako ere erabili ahal izango dira. Garraio txartelak kargatzeko edozein gunetan kargatu ahal izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.