Eduardo Madina PSOEko diputatu ohia Ernst Youngentzat arituko da, aholkulari senior gisa. Espainia mailan taldearen ikusgaitasunaz eta ospeaz arduratuko da. Harmon aholkularitza enpresan jarraituko du —duela bi urte egin zen bertako bazkide; estrategiaz eta agenda publikoaz arduratzen da—. «Gizarte eta enpresa aldaketen garai honetan, inoiz baino gehiago ireki behar dira leiho berriak, aukera guztiak baliatu ahal izateko elkarrizketan eta inpaktu ekonomian aurrera egiteko», esan du Madinak.
Madina PSOEko diputatua izan zen 2004tik 2017ra; talde parlamentarioko idazkari nagusia 2009tik 2014ra; eta PSOEko buruzagitza federaleko kide 2008tik 2014ra. 2017an utzi zuen politika, PSOEko primarioetan galdu ostean. Ordutik hona Kreab aholkularitza taldean egon da lanean.
Historia Garaikidea ikasi zuen, Deustuko Unibertsitatean, eta Nazioarteko Harremanetako eta Europar Integrazioko Masterra egin zuen. Irakaslea ere izandakoa da Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatean.
Federico Linares EYko presidenteak beso zabalik hartu du Madina bere taldean: «Ziur gaude haren ibilbideak eta esperientziak gure ospea sendotzen lagunduko dutela balio ekonomiko eta sozialeko sortzaile gisa eta kapitalismo humanistaren bultzatzaile gisa». Haren ekarpena «funtsezkoa» izango dela iritzi dio Linaresek.
Borja Senper
Duela bi urte, Gipuzkoako PPko presidente, Donostiako Udaleko zinegotzi eta Eusko Legebiltzarreko PPren eledun Borja Senperrek berdin egin zuen. Politika albo batera utzi eta Ernst Youngen hasi zen, erakundeekiko harremanen zuzendari lanetan. 25 urte egin zituen politikan, eta hitz hauekin eman zion amaiera ibilbide hari. «Ziklo baten amaiera da, bukatu den etapa pertsonal bat, eta ez da egon hori eragin duen beste ezer».