Nafarroako urtegirik handiena da Esakoa, eta Aragoi ibaia erregulatzen du. Francisco Franco diktadoreak inauguratu zuen, 1959an, eta Espainiako Gobernuak 1983an onartu zuen urtegia handitzeko proiektua. 2001ean jarri zuten lanen lehen harria. Ordutik, ziurgabetasuna nabarmendu da Esan: lanen aurrekontuaren neurri berean handitu dira segurtasunari buruzko kezkak eta kontrako iritziak. Izan ere, pitzadurek, luiziek eta inguruko sismikotasunak ezinegon handia piztu dute herritarren artean. Beldurrezko eleberri baten antza duen auziaren beste kapitulu bat hasi da gaur: Esako urtegia handitzeko lanak etenda daudela aitortu du Ebroko Ur Konfederazioak.
Izan ere, atzo, Rio Aragon eta Esa + Ez elkarteek adierazi zuten enpresak administrari bat eta segurtasun arduraduna baino ez dituela obretan lanean. Orain, azpiegituraren arduradun Ebroko Ur Konfederazioak berak baieztatu du, ohar batean, lanak «behin-behinean» eten dituela, proiektuaren laugarren modifikazioa tramitatu bitartean: «Halako kasuetan, lanen etetea jasota dago kontratazio publikoaren legerian. Tramitazioaren moldaketak, funtsean, gainezkabide berriei eragiten die, berriz diseinatu baitira, uholdeetan urak husteko funtzioa hobeki bete dezaten».
Rio Aragon eta Esa + Ez taldeen arabera, gutxieneko langile kopuru horri eutsi dio konfederazioak, «lanak abandonatutzat jo eta kontratua eten ez diezaioten». Lanak geldirik daudela ikusita, Rio Aragon eta Esa + Ez elkarteek proiektuaren sustatzaileei exijitu diete «aitor dezatela Esa handitzeko lanak ez direla ez bideragarriak, ez arrazoizkoak», eta, hortaz, «bertan behera» utz dezatela eraikuntza enpresarekin sinatutako kontratua.
Gainkostua
2001ean, urtegia handitzeko lanak hasi zirenean, proiektuaren aurrekontua 110 milioi eurokoa zen, baina 400dik gora milioi euro gastatu ditu Espainiako Gobernuak orain arte; 200 milioi inguru faltako lirateke oraindik lanak bukatzeko. 2018an, Espainiako Kontu Auzitegiak zalantzan jarri zuen proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa, %110eko gainkostua egiaztatu ostean. Ordurako, 235 milioi gastatuak zituzten lanetan. Gaur egun, gainkostu hori askoz handiagoa da.
Proiektua martxan jarri zenetik, herritar ugarik zalantzan jarri zuten urtegia handitzeko beharra. Are, Artiedako Udalak (Aragoi, Espainia) auzitara jo zuen proiektuaren sei sustatzaileren aurka, baina Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak absolbitu zituen. 2009an igaro zen lanak bukatzeko epemuga, eta 2013an heldu zen auziaren mugarri nagusia: erregistratutako luizien ondorioz, urtegiaren eskuin hegaleko lurrak 30 zentimetro higatu ziren. Horren ondorioz, Lasaitasuna eta El Mirador de Yesa urbanizazioak hustu zituzten, eta etxebizitzak desjabetu, segurtasun arazo handiengatik. Desjabetzeko prozesua «legez kanpokoa» izan zela salatu zuten eragileek.
Azpiegitura arriskutsua
Ordutik, hainbat adituk txostenak aurkeztu dituzte obra horrek eragiten dituen arriskuak azaltzeko. 2015ean, Nafarroako Unibertsitateko hainbat ikerlarik ondorioztatu zuten Esakoa azpiegitura arriskutsua zela. 2019an, Geoconsult enpresak ikerlana aurkeztu zion Nafarroako Gobernuari, hegala «oreka hertsian» dagoela nabarmenduta. Eta 2020an, EHUk txosten bat aurkeztu zuen Zangozako Udalean, aurreko ikerketetan esandakoa berretsiz.
Aurtengo maiatzean aurkeztu zuten Ingeotyc enpresako geologoek Esari buruz egindako ikerketa. Nabarmendu zuten «ziurgabetasun handia» dagoela hegalaren dinamikaren inguruan: «Esako urtegiaren eskuin hegalaren egonkortasuna ez dago bermaturik, eta, ondorioz, urtegiaren segurtasuna ere ez, ezta lurrikararik gabeko agertoki batean ere». Irail honetan, Copernicusek, Lurra behatzeko Europako Batasunak abian jarritako programak, «mugimendua» antzeman zuen urtegiaren hegaletan.
«Lehen harria jarri zenetik, aurrekontua lau bider handitu da, orain arte gastatutako 400 milioi euroetaraino, eta suntsipena eraman dute Artieda, Zigoze eta Mianos herrietara», gogoratu dute Rio Aragon eta Esa + Ez elkarteek.