EBren politikak eta lan eskubideak izan dituzte hizpide kanpainaren atarian

Bruselaren politikez eztabaidatu dute EAJko, EH Bilduko, Sumarreko eta Podemoseko ordezkariek. Hego Euskal Herrian gaur gauean hasiko da ekainaren 9ko bozetarako hauteskunde kanpaina.

Ezker-eskuin: Lasa, Hernandez, Salazar, Bilbao eta Rodriguez, atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Ezker-eskuin: Lasa, Hernandez, Salazar, Bilbao eta Rodriguez, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
aitor biain
2024ko maiatzaren 23a
05:00
Entzun

Hego Euskal Herrian gaur gauean hasiko da Europako Parlamenturako hauteskunde kanpaina, baina alderdiak hasiak dira dagoeneko beren hautagaiak aurkezten eta boto emaileak mobilizatzen. Ekainaren 9ko bozak zein ardatzetan jokatuko diren ez dago argi, litekeena baita gehienek kanpaina baliatzea tokiko indar harremanetan eragiteko. Atzo, baina, Europako Batasuneko gaiez hitz egin zuten Gasteizen, Globalizazioa eta lan eskubideak EBn izeneko eztabaidan. Bakea eta Elkartasuna fundazioak, Komunika elkarteak eta La Coordinadora garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak antolatu zuten saioa.

Nagusiki ekonomiaz eta lan eskubideez jardun zuten alderdietako ordezkariek, markoa Europako Batasunean jarrita, baina gaiak tarteka Euskal Herrira ekarrita, jakinda Estrasburgon edo Bruselan hartzen diren erabakiek tokiko politiketan ere eragina dutela. Aurrez aurre jarri zituzten ideiak EAJko Izaskun Bilbaok, EH Bilduko Aitziber Salazarrek, Sumarreko Jon Hernandezek eta Podemoseko Victor Lasak. PSE-EEk eta PPk ez zuten ordezkaririk bidali.

Oscar Rodriguezek gidatu zuen eztabaida, eta hiru atal izan zituen. Aurrenekoan, enpresa multinazionalez eta deslokalizazio prozesuez jardun zuten. Hain justu, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lekutze prozesurik ez dela egon azpimarratuz hasi zuen hitzaldia Bilbaok. Deslokalizazio prozesu baten ordez «nazioartekotze prozesu bat» egon dela nabarmendu zuen. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan abiatu zen prozesu hori «eredugarria» izan zen, haren hitzetan: «Prozesu hori ezinbestekoa izan zen gure enpresak eta enplegua salbatzeko». 

Aldiz, kontrakoa adierazi zuten gainerako hizlariek. Salazarrek zehaztu zuen hemen izan direla deslokalizazio prozesuak, eta adibidetzat jarri zituen Mecaner edo Glavista enpresen kasuak. «Prozesu horiek EBren politika neoliberalen ondorio dira», zehaztu zuen. Hernandezek ere ohartarazi zuen deslokalizazioa «kapitalaren tresna bat» dela, eta oinarri hori aintzat hartu beharreko «abiapuntua» dela batasuneko politikak zehazterakoan: «Ereduaren aurka egin behar da, eta ez enpresen hanka sartzeak zuzentzen saiatu». 

Lasak ere EBren politikei zuzendu zizkien bere kritikak; salatu zuen EBk sorrerako helburuak alboratu dituela eta «konpainia handienen esanetara dagoen tresna» bilakatu dela. Eta deitoratu zuen EBk Txinaren eredua «kopiatu» nahi izan duela, harekin lehiatu ahal izateko: «Ondorioz, atzera egin da lan eskubideetan eta beste hainbat alorretan». Horri egotzi zion, besteak beste, industriak pisua galdu izana EAEko barne produktu gordinean.

Multinazionalen menpe

Hain justu, ingurumenaren eta giza eskubideen alorrean enpresek duten erantzukizuna indartzeko EBk onartu berri duen zuzentarauaz jardun zuten bigarren atalean. Arau horren helburua da enpresen gehiegikeriak saihestea, hala EBko kide diren estatuetan nola mundu osoan. Bada, ontzat jo zuten denek, batez ere lege hutsune bat betetzera datorrelako, eta zigorrak aurreikusten dituelako. Baina Bilbaok ez beste ordezkariek salatu zuten bidean «edukiz hustu» dutela, multinazionalen presioen ondorioz. Salazar: «Haiek nahi zituzten gauza asko legean jasota geratu dira, hala nola arau hausteren bat egonez gero herrialdetik ez kanporatzeko aukerarena». 

Bilbaoren iritziz ere lege ona da, eta gogorarazi zuen berak ere aldeko botoa eman ziola. Baina salatu zuen sarri «helburu handiegiak» jartzen direla, eta, batasunean denen onespena lortzea zaila dela kontuan hartuta, garrantzitsuena «aurrera egitea» dela. «Ez da egia multinazionalek politika guztiz baldintzatzen dutenik. Oreka bat bilatu behar da, idealena denaren eta errealitatearen artean».  

Gaiak aurrez aurrekoa eragin zuen EAJko eta Podemoseko ordezkarien artean. Izan ere, Lasaren arabera, dikotomia faltsua da hori, eta auto elektrikoen afera jarri zuen horren erakusgarri. Adierazi baitzuen auto ekoizle handiek elektrikoaren aldeko apustua orain egitea ez dela kasualitatea; aitzitik, Euro 7 araua onartu izanaren ondorio dela uste du, hots, 2035etik aurrera errekuntza motorreko autoak debekatu izanarena. Bilbaoren ustez, ordea, neurri horrek arazoak ekarriko dizkie autogintza enpresei, tartean Euskal Herrikoak, eta horregatik iritzi dio egokiagoa dela «trantsizio ordenatuago» bati bide emango liokeen araudi bat. 

Lan eskubideei dagokienez, berriz, ados dira hobetzeko urratsak egin beharraz, baina ez norabideaz —Lasak ez zuen parte hartu hirugarren blokean—. Hernandezek, esaterako, araudi berri bat eskatu zuen, legez jasotzeko gutxieneko soldata batez bestekoaren %60 izatea, eta lan astea 32 ordukoa. «Zentzugabeko eztabaida da nire ustez nork sortzen duen aberastasuna, langileak ere enpresa baitira». 

Bilbaok ere uste du posible dela soldatak hobetzea, baina ohartarazi zuen «arrakala bat» dagoela sektore publikoaren eta pribatuaren artean, aldea geroz eta handiagoa baita. Halaber, ezinbestekotzat jo zuen Lan Agintaritza eta ekonomia sozialaren eredua indartzea: «Herrialde batzuetan modu negatiboan hitz egiten da kooperatibismoaz».

Salazarrek erantzun zion «hutsuneak» ere badirela arlo publikoan: behin-behinekotasun tasa neurrigabea, esaterako. «Hobetzeko prozesuak martxan daude, baina ez dira nahikoa». Nolanahi ere, eta soldatez harago, beharrezkotzat jo zuen kontziliazioa edo malgutasuna erraztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.