Eboluzio luze baten kronika

Eusko Jaurlaritzak bi pauso esanguratsu eman berri ditu espetxe politikan: «gizarteratzearen» kontzeptu aldaketa eta Euskal Herriratzea

Iñigo Urkullu, 2017an, Loiolan (Azpeitia), Etxerat-eko kideekin. ARITZ LOIOLA / FOKU.
enekoitz esnaola
2020ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak aurten bi pauso esanguratsu eman ditu bestelako espetxe politika bat ezartzeko. Urtarrilean, «kontzeptu aldaketa» planteatu zuen: euskal presoek «gertuko» kartzeletan egon behar dute «gizarteratzeko», eta aste honetan jakin da preso guztiak euskal kartzeletara ekartzeko proposatu diola Espainiako Gobernuari. Berritasunak dira Jaurlaritzan, eboluzio luze baten azkeneko pausoak. EPPK-k atzo, bere agirian, ontzat jo zuen Euskal Herriratzearen proposamena.

Arrunt bestelakoa zen EAJren eta haren Jaurlaritzaren posizioa duela hiru hamarkada. Espainiako Gobernuak 1987an eta 1988an ekin zien euskal presoak sakabanatu eta urruntzeko lehen mugimenduei, baina 1989a jo daiteke oraindik irauten duen politika horren hasieratzat. Modu orokorrean ezarri zuen. PSOEren gobernuaren erabaki politiko bat izan zen, oinarri juridikorik gabekoa. Bukatuberria zen Madril-ETAren Aljerko elkarrizketa mahaia. EAJk eta Jaurlaritzak babestu egin zuten egitasmoa; horren bi ale: «Sakabanaketa politika ez da giza eskubideen urraketa bat» eta «Ondo eramaten bada, barreiatzeak ondorio garrantzitsuak ekar ditzake».

2011ko irailaren 29an Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak Bakerako eta Elkarbizitzarako Plana aurkeztu zuenean Eusko Legebiltzarrean, besteak beste zioen euskal presoak «progresiboki gerturatu» beharko zirela, «indarkeria zikloa ixtea errazteko». Hurrengo egunean, Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak esan zuen legebiltzarrak hamalau urte lehenago onartu zuela hurbilketarako plana, eta gogoratu zuen EAJk 2005eko urritik bazuela antzeko dokumentu bat: Elkarbizitzarako bake-bideak. Haren esanetan, Lopezek erakutsi nahi zuen bazeukala zerbait. «Bakearen zerbitzuko espetxe eta gizarteratze politika» eskatu zuen EAJk 2005eko dokumentuan, eta han zekarren euskal presoek etxetik hurbileneko espetxeetan egon behar dutela; «horrek ez du aurrebaldintzarik eskatzen». Hamabost urte pasatu dira, egoera politikoa asko aldatu da—batik bat 2011tik—, eta EAJren Jaurlaritzak duela aste batzuk arte idatzi batean ez zuen zehazki eskatu preso guztiak euskal kartzeletara ekartzeko. 1997an legebiltzarrak onartukoaren eskemarekin aritu da, egiturak sortu eta zenbaiteskaera eta programa aurkeztu dituen arren atzeneko zazpi urteetan.

1997: legebiltzarrean mintzo

1997a urte garrantzitsua izan zen Eusko Legebiltzarrean alor horretan, espetxe politika aldatzen hasteko eskatzen hasi zelako formalki. Lehenagotik hasia zen norabide horretako urrats batzuk egiten. 1995eko abenduaren 28an, EAJ, EA eta EBren botoekin, legebiltzarrak Espainiako Gobernuari estreinakoz galdegin zion egin zezala hurbiltze plan bat; HBk Euskal Herriratzea eskatu zuen. 1996ko urriaren 3an, Giza Eskubideen Batzordean lau talde haiek bat egin zuten Madrili —eta Parisi— gerturatzea galdegiteko, eta batzordea plan bat lantzen hastea ere adostu zuten. 1997ko otsailaren 20an, EAJk, EAk, EBk eta UAk onartu zuten plana: eskaera bat Madrili, euskal presoak—sozialak barne— Hego Euskal Herriko lau kartzeletan eta inguruko hamarretan biltzeko. HB abstenitu egin zen; PSE-EE eta PP aurka ziren. Euskal Herritik 300 kilometroren bueltako kartzelak ziren hamar horiek: Villabona, Daroca, Teruel, Huesca, Zaragoza, Dueso, Santander, Burgos, Soria eta Logroño. Batzordeak ez zuen lortu gobernuarekin ofizialki elkartzea.

1998ko irailean Lizarrako Akordioa sinatuta, euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapenak beste bultzada bat hartu zuen, eta, beste eragile batzuekin batera, EAJk aurreneko aldiz 1999an deitu zuen halako manifestazio batera—bigarrenez, eta azkeneko bider, 2014an—. Urtarrilaren 9an izan zen martxa, Bilbon. Lizarra-Garazi hautsita, 2000ko hamarkadan, adierazpenak adierazpen, ez zen dinamika politiko-instituzional nabarmenik izan, nahiz eta 2005-2007an ETA-Madril eta 2006an Batasuna-PSE-EAJ elkarrizketa prozesuak izan ziren. Gehiago nagusitu zen ezker abertzale ofiziala legez kanporatzeko prozesua.

Langraiz bidea aipatu behar da, baina. PSOEren gobernuak sustatuta, 2009an hasi zen, eta, Jaurlaritzaren datuen arabera, 27 euskal preso atxiki ziren. ETAko kide gisa egindakoarekin autokritiko izan eta erakundea utzitako presoek osatu zuten taldea. «Gizarteratze» prozesua bete zuten, biktimekiko enpatia-eta azalduz. EuskalHerriratzea lortuz joan ziren. EAJk ongi ikusi zuen egitasmoa. 2011ko azaroan, ETAk jarduera armatua bukatutzat eman eta hilabetera, PPk izoztu egin zuen Langraiz bidea, Kongresurako bozetan gehiengo osoa lortu ondotik.

2012: EAJ Jaurlaritzan berriz

Hiru urte eta erdi pasako etenaren ondoren, EAJ 2012ko abenduan jarri zen berriro Jaurlaritzan: Urkullu lehendakari. Gobernu programan ezarri zuen akordio zabala lortu behar zela espetxe politikari buruz, orduko «testuinguru sozialera egokituta». 2013ko urtarrilean Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusia sortu zuen, Lehendakaritzaren barruan, eta ekainean aurkeztu zuen lehen plana; besteak beste, presoak hurbiltzeko eskatu zuen. 2014ko urrian, Hitzeman egitasmoa aurkeztu zuen, «presoak gizarteratzeko legezko prozesuak laguntzeko programa»; espetxe onurak erdieste aldera, EPPK-ko kideen «gogoeta autokritikoa» bultzatu nahi zuen —Lehendakaritzak gutunak bidali izan dizkie. Halaber, gobernuari espetxe eskumena igortzeko eskatu zion. 2014ko azaroan, ZuzenBidean aurkeztu zuen: hogei neurriren proposamena, zigor eta kartzela arloan «salbuespena» gainditzeko. 2015eko urtarrilean, EPPKrekin bildu zen Jonan Fernandez Bakegintza eta Bizikidetza idazkari nagusia —kolektiboak 2013ko abenduan esan zuen «lege baliabideak» erabiliko zituela «etxeratze» bidean—. 2016aren hondarrean, Jaurlaritzak, EAJ-PSE gobernu programan, espetxe politika birbideratzea galdegin zion Madrili.

2017: lehen eskaera xehatua

ETA armagabetzear zela, 2017ko martxoaren 14an egin zion Urkulluk lehen proposamen xehatua Espainiako gobernuburuari —Mariano Rajoyri—, Moncloan. Funtsean: presoen Euskal Herriratzea—lau espetxetara, %71— eta 250 kilometrotik beherako eremurako hurbilketa —sei espetxetara—, neurri humanitarioen eta legezkoenbeharra, eta onuretarako prozesua. 2018ko ekainean, ETA desegin berritan, proposamen bera aurkeztu zion orduko presidenteari:Pedro Sanchezi. Ekinbideon berri aurreneko aldiz iazko urrian eman zuen Urkulluk, Bilboko hitzaldi baten ondoren txostena sarean jarrita. Era berean, jakinarazi zuen Frantziako Justizia Ministerioarekin harremanetan zirela, presoen auziaren aurrerabidean «laguntzeko». ETA desegin eta biharamunean —2018ko maiatzaren 4an—, Nafarroako Gobernuak eta Jaurlaritzak Bertizko (Nafarroa) ekitaldian adierazi zuten espetxe politikari buruzko lantalde bat sortu nahi zutela PSOEren gobernuarekin. Jaurlaritzak «lehentasuntzat» zeukan hurbilketa.

Aurtengo urtarrilaren 15ean, Fernandezek, ETB1eko elkarrizketa batean, iragarri zuen Moncloari «kartzela politikari buruzko proposamen gaurkotua» aurkeztuko ziotela, eta han «kontzeptu aldaketa bat» planteatuko zutela: euskal presoek ez dute gerturatu aurretik hasi behar «gizarteratze prozesua», baizik eta etxetik «gertu» egon behar dute «gizarteratzeko». Horrez gain, presoak Hegoaldeko eta 150 kilometroren bueltako espetxeetan —Dueson, Logroñon eta Burgosen— egoteko proposamenaren berri ere eman zuen. Aste honetan, berriz, jakin da COVID-19a dela-eta euskal preso guztiak —sozialak barne— Euskal Herriratzea galdegin diola Madrili; idatzi batean lehen aldiz jaso du planteamendu hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.