EBko Auzitegiak legez kanpokotzat jo du etorkinak mugan itzularaztea

Printzipioz, Frantziak auzitegi horren erabakia bete behar du, baina Barne Ministerioak jada erran du ez dituela kenduko kontrol horiek

Frantziako polizia bat migratzaile bat atxilotzen, 2018an, Biriatun. G.FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2023ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Irailaren 21ean emandako ebazpen batean, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak adierazi du EBko herrialde batek, barne mugetan kontrolak ezarri baditu ere, ez duela eskubiderik muga horietan migratzaileak sistematikoki kanporatzeko. Hala, Frantziak Europako Itzulera zuzentaraua bete behar du; horren arabera, europarra ez den herritarrak «epe jakin bat du lurraldea borondatez uzteko».

Horiek horrela, Frantziak bere barne mugetan egiten dituen kontrolak legez kanpokoak direla baieztatu du Europako Batasuneko auzitegi gorenak. Kasurako, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan —eta muga inguruetan— egiten dituzten kontroletan, migratzaileak sistematikoki itzularazten dituzte Irunera (Gipuzkoa), eta hori da EBko auzitegiaren arabera legez kanpokoa dena.

Iragan urtean, migratzaileen defentsarako hamazazpi elkartek Frantziako Estatu Kontseiluan salaketa jarri zuten mugetako kontrolei begira, eta, horren harira, Estatu Kontseiluak dei egin zion Europako Batasuneko Justizia Auzitegiari Europako barne mugetan kontrolak berrezarri izanari buruz ebatz zezan.

Orain, Frantziako Estatu Kontseiluari dagokio erabakia ematea, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren ebazpena Frantziako zuzenbidera egokituta. Halere, migratzaileen aldeko elkarteek Frantziako Gobernuari galdetu diote «berehala» gelditu ditzala kontrol horiek, Estatu Kontseiluaren erabakiaren beha egon gabe. «Frantziak EBko zuzenbidera egokitu behar du, eta Frantziako Gobernuari dagokio horretarako berehalako neurriak hartzea», adierazi dute elkarteek agiri bateratu batean.

Izan ere, migratzaileen defentsarako elkarteak duela zortzi urte hasi ziren eginmolde hori salatzen. Hendaia eta Irun arteko mugan, kasurako, Cafi Migratzaileen Defentsarako Elkarteen Koordinakundeak behaketa lanak egin ditu 2019 eta 2023 bitartean, eta ondorioztatu kanporatzeak legez kanpokoak direla. Izan ere, ikerketa horretan salatu dute Frantziako Poliziak sistematikoki zuriak ez diren pertsonak kontrolatzen dituela. Bestalde, ikusi dutenaren arabera, poliziek ez diete beren eskubideen berri ematen kanporatzen dituzten migratzaileei —hori bera legez kanpokoa da, Frantziako zuzenbidearen arabera—. Orain, Europako auzitegiak baieztatu egin du elkarteek salatzen zutena.

Kontrol gehiago Italian

Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak, ordea, jadanik iragarri du ez dutela beteko EBko araua: atzo erran zuen egiten dituzten kanporatzeak legezkoak direla, «etorkin gehienek ez baitituzte betetzen Frantzian egoteko baldintzak». Denbora berean, iragarri du berrehun jendarme eta polizia gehiago joanen direla Italiako mugara —denetara, 700—, Lampedusara heldu diren migratzaileei Frantziara sartzea oztopatzeko. «Funtsezkoa da Barne Ministerioak mugak babesteko baliabideak izatea», esan zuen.

Francisco Sanchez Baionako abokatuak azaldu du EBko auzitegiaren erabakia «tresna» bat gehiago izanen dela etorkinak defendatzeko: «Izan ere, nahiz eta Frantziak araua hausten segitu, errefuxiatuek kanporatzeei buruzko helegiteak jarriz gero, irabaziko lukete». Halere, zehaztu du kanporatuak diren etorkin arras gutik jartzen dutela helegitea, tamalez. «Etortzen direnen artean, ehun etorkinetarik zenbatek jarriko dute salaketa? Bakar batek gehienez ere?».

Sanchezek salatu du Darmaninek «hautu politiko» bat egin duela mugetako kontrol eta eginmolde horiek atxikiz. «EBk ebazten duena bete beharko luke Frantziako Gobernuak, baina Darmaninentzat kostu politiko txikiagoa dakar mugetan kontrolak ezartzen segitzeak, EBren araua betetzeak baino».

Migratzaileen aldeko elkarteek gogora ekarri dute, gainera, migrazio bideak arriskutsu bilakatu direla mugetako kontrol sistematiko horien ondorioz, geografikoki hala ez badira ere. Erraterako, Lapurdi eta Gipuzkoa artean zortzi migratzaile hil dira muga igaro nahian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.