EBBren berritzea: ziurtasun gutxi eta zalantza ugari

Igandeko Alderdi Egunak martxan jarriko du EAJren zuzendaritza berritzeko prozesua, eta udaberriko Batzar Nagusiak eramango du burura. Egutegi zehatza Forondako zelaietan jakinaraziko dute, baita onar daitekeen ponentziaren inguruko edukiak ere.

EBBren bilera, aurtengo ekainean, Sabin Etxean. MIGUEL TOÑA / EFE
EBBren bilera, aurtengo ekainean, Sabin Etxean. MIGUEL TOÑA / EFE
xabier martin
2024ko irailaren 27a
05:00
Entzun

EAJren zuzendaritza berritzeko prozesuaren atarian, gehiago dira zalantzak ziurtasunak baino. Berritze hori azalekoa ala sakona izango den ez dago argi, eta aldagai horrek alderdi jeltzalearen geroa baldintzatuko du hein handi batean. Gernikako Estatutua berritzeko esparrua atea zabaltzen ari zaio estatus berriaren eztabaidari urte politikoaren hasieran, eta, EAJren egunerokoa barrutik ezagutzen duen iturri batek esan duen moduan, ez du ematen «garairik onena» alderdiaren cuore-a ukitzen duen hausnarketa sakona egiteko; nahiz eta saihetsezina ematen duen, azken hauteskunde emaitza txarren ondoren.

Batzokietan «zalantzaz beteriko giroa» arnasten da aspaldian, iturri berak dionez, eta, EBBko presidente Andoni Ortuzarrek esan dituenak baino gehiago, esan ez dituenak daude giro nahasi horren atzean. Izan ere, EBBko buruak ez du esan kargua utziko duen ala ez; helarazi du alderdia «gaurkotu» behar dela, «gizartearentzako erantzun berriak» behar direla. «Birfundazio» bati buruz ere aritu da, 1977ko (Iruñea) eta 1987ko (Zestoa, Gipuzkoa) biltzar historikoak gogora ekarrita, baina hitzik ez du esan bere geroari buruz.

«Eta esan ez badu, hori da geratzeko asmoa duelako», esan dio BERRIAri jeltzaleen izana barrutik ezagutzen duen iturri horrek. Baieztapen hori gezurta dezake Ortuzarrek berak Alderdi Egunean, aukera guztiak baitaude zabalik; hala egingo ez balu, eta denborak aurrera egingo balu iragarpen hori egin gabe, horrek indartu egingo luke politologo batzuek defendatzen duten hipotesia: baliteke alderdiaren «erantzun berrien» fabrikazioa Ortuzarrek berak gidatzea, azkenerako, EBB berrituan.

Batzokietan hasiko da

EBB berritzeko prozesua ez da soila. Batzokietan abiatuko da luze gabe; hautagaiak aukeratu eta bi itzuli egin ondoren, Lurralde Batzarretara iritsiko dira izenak. Gero, martxo-apiriletan, Batzar Nagusia egingo du alderdiak bi egunez, eta, horren barruan, Aberri Batzarra bilduko da EBBko buruzagitza hautatzeko. Alderdiko presidentearen hautaketa bi aldagairen ondorio izango da, Ortuzarrek berak argitu nahi izan duenez: «proiektuarena eta erakundearena».

Aurpegi nagusia berritu gabe, gizarteak hauteman al ditzake aldaketak EAJren barruan? Kezka hori gero eta gehiago azaleratzen ari da oinarrien eta kargudun ohi batzuen artean.

Zarautzen (Gipuzkoa) aritu zen prozesuari buruz EAJko burua, duela hiru aste, baina orduan ere denbora irabazi zuen, ez baitzuen bere jarraipenari buruzko albisterik eman: «Ulertzen ditut kazetariak, baina gauzak ez dira horrela: nor egongo den EBBn azken ondorioa da; gidaririk egokiena batzokietan erabakiko da».

Aurpegi nagusia berritu gabe, gizarteak hauteman al ditzake aldaketak EAJren barruan? Kezka hori gero eta gehiago azaleratzen ari da oinarrien eta kargudun ohi batzuen artean, blogen bidez eta sare sozialetan idatzita utzi dutenez. Ez alferrik, barne eztabaida estrategia politikoaren erdian jartzen ari da EAJ azken hilabeteetan, eta batzuek ez dute ulertzen egoera hori. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira ekin zion alderdiak joera horri, Iñigo Urkulluren erreleboarekin eta horrek alderdiaren barruan sortutako giro nahasiarekin.

Urkullu aurrean eraman zuen Eusko Jaurlaritzari eusteko xedea izan zuen EBBren deliberazio arriskatu hark, baina orain, berriz, ezin da aurrekusi EBBk asmoa duenik Jaurlaritzari begira aplikatutako diagnosi bera alderdi barruan ere aplikatzeko. «Osakidetzaren estigmatizazioa bakarrik Iñigo Urkulluk ordaindu behar du?», galdetu du EAJren oso hurbileko iturriak. Galdera horrekin lotzen diren beste zenbait kritika azaleratu dira, batik bat Bizkaian, alderdiak Urkullurekin izan duen tratua dela eta.

Estatus berria

Eta ziurgabetasun giro honetan, estatus berriaren eztabaida iristen ari zaio EAJri; alderdiaren bizkarrezurrari eragiten dion edukia da, datozen urteetarako estrategia baldintzatuko duena. Prest ote dago alderdia eztabaida horretarako? Behar bezalako kohesioarekin? «Mezua jaso» delako autokritika saio publikoetatik harago, EBBk diagnosi sakon bat egingo zuen beharbada azken hauteskunde zikloan jasandako beherakadaren inguruan; baina horrelakorik egin badu, ez du gizarteratu, eta oinarrien artean zabaldu den urduritasunak badu lotura zuzendaritzak «argi eta garbi ez hitz egiteko» hartu duen joerarekin, BERRIAn gai hau aztertu duten politologoen arabera.

Gipuzkoako EAJ erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen ari da. Ortuzar metro gutxira zuela, Zarautzen, Joseba Egibarrek «diskurtso eta praktika abertzalea» eskatu zion EAJri.

Gipuzkoan inoiz baino argiago hasi dira jeltzaleak —erakundeetako eta alderdiko buruak— erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen. Ortuzar metro gutxira zuela, Zarautzen, Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak «diskurtso eta praktika abertzalea» eskatu zion EAJri. «Euskal nazioa eraikitzea da gure izateko arrazoia. Ez gara beste nazio bat eraikitzeko jaio», azpimarratu zuen, eta garbi utzi «sozialistekin jai» izango dutela abertzaleek «burujabetzan aurrera egiteko». EAJren ildo subiranistenaren ordezkaria GBBko gidaritza uztear da itxura guztien arabera, baina joan aurretik izango du modua Zarautzen ahoskatu zuena berriro mahairatzeko: «Irtenbidea da euskal nazioaren izaera aitortzea, gure erabakigunea errespetatzea».

Erakundeetan, berriz, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak joan den astean berretsi zuen GBBren posizioa, «estatu egituren beharra» aldarrikatuz eta erabakitzeko eskubidea «instituzionalizatzea» eskatuz. Asteon, berriz, «Euskadiren eta Espainiako Estatuaren arteko harreman estatus politiko berriaren» inguruko mozio bat adostu du EAJk EH Bildurekin, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. «Euskal Herriaren eskubide historikoak erabat gauzatzea, autogobernuaren adierazpen instituzional gisa, demokratikoki adierazitako herritartasun askea erabakitzeko eskubidearen bidez azaleratzen da», dio adostutako idatziak.

Ezin da ahaztu, gainera, Donostiako alkate Eneko Goiak zuzenean erreparatu ziola uda honetan PSEri, estatus berriaren eztabaidaren harira: «Zera ikusi nahiko nuke: Anduezak eta PSEk errespetatu egingo dutela Euskal Herriak bakean, libre eta demokratikoki erabakitzen duena».

Soslai subiranistagoa?

Xabier Arzalluz 1980tik 2004ra EBBko presidente izan zenaren lekukoa hartu zutenek —lehenik, Josu Jon Imazek (egungo Repsoleko presidenteak) eta, ondoren, Iñigo Urkulluk— erabat zokoratu zuten Arzallusen oinordekoen ildo subiranistena, Egibarrek ordezkatu duena urte askoan, eta estrategia horri eutsi dio Ortuzarrek 2013tik gaur arte. Orain, berriz, burujabetzari dagokionez, ez dago batere argi doiketak egiteko tartea izango ote den. Analistek uste dute balitekeela EH Bilduren gorakadak doiketa horiek bultzatzea. Baina, batetik, estatus berriaren eztabaida gero eta tentsio handiagoa eragiten ari da Jaurlaritzako bazkideen artean, EAJren eta PSEren artean. Sozialisten idazkari nagusi Eneko Anduezak abisu eman du aukera bat dela erakundeetako gobernuak haustea ere, baldin eta «abertzaleen arteko akordio baztertzailea» badago.

EAJren geroa baldintzatuko duen zeharkaldia kargua uztera doan buruzagi batek gidatu beharko du datozen sei hilabeteetan? Erantzunik gabeko galdera da oraindik.

Bestetik, Ortuzarrek bere arrazoiak izan ditu udaberriko Batzar Nagusia «birfundazio» batekin alderatzeko, EAJk milaka eta milaka boto galdu baititu azken lau hauteskunde deialdietan. Hegemoniaren galera uki daitekeen mamua da Sabin Etxean, eta aldaketak egin behar direla ez du inork zalantzan jartzen orain. Baina EAJren geroa baldintzatuko duen zeharkaldi hori kargua uztera doan buruzagi batek gidatu beharko du datozen sei hilabeteetan? Erantzunik gabeko galdera horrek «segurtasunik eza, zehaztugabetasuna eta urduritasuna» baino ez dio gehitzen EAJko zuzendaritza berritzeko prozesuari, BERRIArekin hitz egindako iturriaren hitzetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.