Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2023ko eta 2024ko ebaluazio diagnostikoen berri eman du, eta nabarmendu du datuek hobera egin dutela zientziarako gaitasunean, eta azken urteetako joerari eutsi diotela gainerakoetan. Horri lotuta, «emaitzak hobetzeko estrategia integrala» aurkeztu dute prentsaren aurrean. «Joera positiboa da, baina ezin gara erlaxatu», adierazi du Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak.
2023ko azterketa LHko 4. mailako eta DBHko 2. mailako ikasleei egin zitzaien, eta iazkoa LHko 6. mailako eta DBHko 4. mailakoei. Horietan, euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko hizkuntza komunikaziorako gaitasunak ebaluatzen dituzte, baita matematikarako eta zientzietarako gaitasunak ere. Emaitzen arabera, lehen hezkuntzako ebaluazioetan batez besteko puntuazioak egonkor mantendu dira, aurrez egindako azterketekin alderatuz gero. Halere, 2024ko datuei dagokienez, nabarmendu dute zientziarako gaitasunak sei puntu egin duela gora LHko 6. mailako ikasleen artean. Kontrara, lau puntu egin du behera gaztelaniazko hizkuntza komunikaziorako gaitasunak. Hain zuzen, Josu Solabarrieta ISEI Irakats-Sistema Ebaluatzeko eta Ikertzeko erakundeko zuzendariak adierazi du hura dela «hobekuntza arloetako» bat.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagokionez, berriz, 2023ko datuen beherakada nabarmenak erakutsi zituzten zientzia eta gaztelania gaitasunetan. Halere, 2024ko emaitzek ez dute halakorik adierazten, eta 2022ko ebaluazioko emaitzen parekoak dira; hain zuzen, haiekin alderatuta, bost puntuko gorakada bat dago gaztelanian. Euskara gaitasunean, berriz, hiru puntuko beherakada.
Errendimendu mailari erreparatuz gero, hiru talde bereizten ditu azterketak: hasierako maila, erdi maila eta aurreratua. Solabarrietak adierazi duenez, Europako Batasunak jarritako helburua da 2030erako lehen mailan dauden ikasleen kopurua %15era murriztea, eta adierazi du urratsak egiten ari direla norabide horretan. LHko 6. mailako ikasleen artean, ehunekoa handiagoa da alor guztietan, baina nabarmen egin du behera zientzian: %33tik %21era. Gainera, landutako bost alorren artean, hasierako mailan duen ikasleen ehunekorik handiena euskarazko hizkuntza komunikaziorako gaitasunean ageri da: ia hirutik bat (%31).
DBHko 4. mailako ikasleen artean, hasierako mailan dauden ikasleen ehunekoa txikiagoa da oro har, baina gaztelaniazko gaitasuna da %15eko mugan dagoen bakarra. Eta LHko kasuan bezala, euskarazko komunikazio gaitasunean dago ehunekorik handiena DBHko maila horretan, eta gora egin dute 2022ko azterketatik: lau ikasletik bat.
Solabarrietak azaldu duenez, emaitzek lotura estua dute baldintza sozioekonomiko eta kulturalekin. Hau da, gero eta maila sozioekonomiko handiagoa izan, orduan eta garapen handiagoa. Alde hori presente dago emaitzak jatorriaren arabera aztertuz gero ere; batez ere, euskarari dagokionez. Era berean, nesken eta mutilen datuei ere erreparatu diete. Haien arabera, aldaketarako joera batzuk antzeman dira azken ebaluazioetan, eta, DBHko 4. mailako ikasleen artean, murriztu egin da nesken eta mutilen arteko aldea. Halere, neskek emaitza hobeak eskuratzen dituzte matematiketan ez beste alor guztietan.
«Anbizioz»
Emaitza horiei zein aniztasunak, bilakaera demografikoak eta teknologia berrien garapenak irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuetan duten eraginei erreparatuz, Jaurlaritza errealitate berri batera egokitzeko urratsak egiten ari da, Pedrosaren esanetan. Hala, adierazi du euskal hezkuntza sistema «eraldaketa prozesu batean» dagoela, eta hartan «anbizioz eta autoexijentziaz» jokatuko duela Jaurlaritzak.
Jada lanean ari dira arlo horretan. Lucia Torrealdai Hezkuntza Politiketako sailburuordeak eman du martxan dituzten zenbait proiekturen berri. Besteak beste, honako hauek aipatu ditu: EHUrekin elkarlanean garatzen ari diren ikaskuntza sozioemozionalean sakontzeko» programa; adimen handiko ikasleak goiz antzematekoa, eta Haur Hezkuntzan ikaskuntza zailtasunak dituzten ikasleen identifikatzekoa. Ikasle zaurgarrienei begira, berriz, nabarmendu du Eraldatzen programa 67 ikastetxe publikotan dagoela martxan, «bizikidetza hobetzeko eta gaitasunen ikaskuntzan oinarritutako hezkuntza inklusiboa sustatzeko» helburuekin.
Era berean, hezkuntza hobetzeko adituen foroari ere erreferentzia egin diote Hezkuntza Saileko ordezkariek. Hain zuzen, haren arduren artean dago ebaluazio diagnostikoen emaitzen azterketa, eta haietan oinarritutako hobekuntza estrategiak diseinatzen laguntzea. Hain zuzen, azaldu dute hezkuntza programak ebaluatzeko eredu bat definitzen ari dela foroa, «hezkuntza sistema hobetzeko erabaki zehatzagoak» hartzeko xedearekin.