Eba Blancok helegiterik ez aurkezteko eskatu dio EAko sektore kritikoari

Primarioen prozesuaren aurkako salaketa baliogabetuta, idazkari nagusiak salaketa aurkeztu zutenei barkamena eskatzea galdegin die

Eba Blanco, erdian, atzo Gasteizen egindako agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
joxerra senar
2020ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Eba Blanco EA Eusko Alkartasunaren jarduneko idazkari nagusiak alderdiaren sektore kritikoari eskatu dio helegiterik ez dezala aurkeztu, bide judiziala itxitzat eman dadin. Blancoren hitzetan, salaketa aurkeztu dutenek barkamena eskatu beharko lukete, eta egoerari buruz berriz pentsatu. Izan ere, Gasteizko lehen auzialdiko epaitegiak baztertu egin zuen, herenegun, ildo kritikoak jarritako salaketa; alderdiaren idazkari nagusi berria aukeratzeko primarioen prozesuan izandako ustezko irregulartasunengatik jarri zuten, iazko urrian. Kritikoak helegitea aurkeztu ala ez aztertzen ari dira.

Nahiz eta herenegun ohar bat kaleratu, Blancok agerraldia egin zuen atzo. Haren ustez, epaiak agerian utzi du primarioen prozesuan ez zela iruzurrik egin, eta berme guztiak jarri zirela prozesua «neutrala, gardena eta barne araudiaren araberakoa» izan zedin. Era berean, gaitzetsi egin ditu hilabeteotan bere aurka bota diren «kalumnia, gezur eta irainak». Salaketa babestu duten Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako koordinatzaile nagusiei ere zuzendu zaie: «Ongi etorriak izan daitezela proiektu honekin bat egin duten guztiak, eta ez hura suntsitzen dutenak».

Maiorga Ramirez hautagaiak eta hura babesten zuen taldeak jo zuen auzitara, eta, azaroaren 11n, epaitegiak eten egin zuen Blancoren izendapena, behin-behinean. Zortzi hilabete geroago, lehen auzialdiko epaitegiak erabaki du salaketa baliogabetzea, baina, sektore kritikoaren ustez, azken epai horrek «modu inkoherentean» ezeztatzen du joan den azaroko ebazpena. «Nahiz eta epaiak erabat frogatzen duen egungo zuzendaritzakoek sistematikoki ez zituztela bete berme batzordearen ebazpenak, oraingoan baliorik gabe uzten du, eta horiek betetzetik libratzen ditu», salatu zuen, herenegun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.