Valentziako irakaskuntza sisteman katalanak —bertan valentziera deitzen zaio Perpinyatik Alacanteraino hitz egiten den hizkuntzari— zer leku izan behar duen galdetu die gurasoei PPren gobernuak. Hortik abiatuta, Marc Girok, Late Xou telebista programako aurkezleak, hizpide izan du kontsulta hori, ironia fina lagun.
Batetik, separatismo linguistikoa kritikatu du kazetariak. Valentziera eta katalana desberdinak direla dio eskuinak. Politikariek hizkuntzalariak izan nahi dutenean... RAE Espainiako Errege Akademiak argi uzten du valenciano-a zer den: «Valentziako erresuma zaharraren zati handi batean hitz egiten den katalanaren aldaera, bertan hizkuntza propioa bezala sentitzen dutena». Eskerrak erakundean filologoak dauden eta ez politikariak. Eta eskerrak historikoki euskalkien arteko mugak eta Euskal Herriaren banaketa administratiboa guztiz bat etorri ez diren. Bestela, nafarrera soil-soilik Nafarroan egin balitz, euskara ez dela esango lukete sasifilologo eskuindarrek, beste hizkuntza bat baizik, vascuence-arekin zer ikusirik ez duena.
Bestetik, hizkuntzaren erabilera aipatu du Marc Girok. «Zertarako balio du katalanak?», galdetu du. Eta zenbait espainiarren iritzia azaldu du. Haien ustez, katalanak aurrekoa molestatzeko mintzatzen dira euren hizkuntzaz. Gaztelaniaz baizik ez dakienak eta besterik ikasi nahi ez duenak ez ditu, nonbait, besteak izorratu nahi.
Eta euskarak zertarako balio du? Erdaldunei ez ezik, geure buruari ere egin beharko genioke galdera. Izan ere, badugu zer hausnartua. Hedabide honek elkarrizketa interesgarria argitaratu berri du, Emilio Txoperena lesakarrari egina. Titulua: «Geroz eta jende gehiago dago euskararen kontra». Solasaldian Marc Girok esandakoaren haritik tiraka hasi da Txoperena. «Euskaraz ez dakiten batzuek jarrera ona erakusten dute eta ahalegintzen dira euskaraz egiten, baina badira bertze anitz ez dutenak ulertzen eurek zergatik ikasi behar duten gure hizkuntza. Ez dute ulertzen guk gaztelera jakinagatik ere zergatik egin nahi dugun euskaraz». Jarraian, katalan hiztunen artean inoiz ikusiko ez dugun jarrera gaitzetsi du: «Zera gertatzen da: euskaraz ikasi nahi ez duten horiek gazteleraz solastatzen aditzen dituzte kuadrilla berez euskaldunak, eta, orduan, eurek ere ez dute ahaleginik egiten».
Kezkaturik gaude gurera etorritakoek euskara ikasiko ote duten. Hor gabiltza, bada, kanpokoari hau eta bestea egiteko esan eta eskatu. Zertarako? Guk geuk erdaraz barra-barra egiten segitzeko? Akaso dugu atzean guardia zibil bat, pistola eskuan, gu espainieraz egitera behartzen gaituena?
Esneki iragarki batean 'earra egongo dek' behi baten ahoan jartzea zilegi izan daiteke. Azterketa batean, ez
Ohitura hori ez da bakarrik herriko kuadrilletan hedatua. Unibertsitatean euskaraz ikasten ari diren gazte ugarik erdaraz egiten dute euren artean. Gauza jakina da. Irakasleari gaztelaniaz galdetzen diote eskoletan. Berdin jokatzen dute haren bulegora doazenean. Ez dira kasu bakanak. Gure eskola, institutu, ikastola eta unibertsitateko geletako hormek hitz egingo balute!
Ez pentsa egoera hobea denik ikasle horietako batzuek euskara erabiltzen dutenean. Zer esan behar diozu mezu batean zure taldeko ikasle bat nahiz idazten duen gazteari? Lehen, halakorik egin eta lotsatu. Orain, ez. Esneki iragarki batean earra egongo dek behi baten ahoan jartzea egokia izan daiteke. Azterketa batean, ez. Nik dakidala, betizuak oraindik ez doaz unibertsitatera. Iñigo Aranbarrik euskaldun horien jokaera deskribatu du: «Analfabetoa naiz eta harro nago». Eta gero: «Ez dut batuaren beharrik euskaraz nonahi egiteko».
Euskaraldia izango da maiatzean. Ahobizi arituko dira orduan Txoperenak kritikatzen dituen kuadrilla berez euskaldun horiek ala gehiegi eskatzea izango da? Eta ikasle euskaldun erdaltzaleak? Kuraia, lagunok, hamar egun besterik ez dira izango. Ez zaizue hain nekagarri gertatuko. Behin amaituta, txapa tiraderan gorde eta hurrengora arte. Bitartean, gurera etorri eta euskara ikasi nahi ez dutenak larrutzen segitu. Horixe.