Gasteizko Betearazpen Epaitegiaren azken aginduak «kontraesan juridiko nabarmena» eragin du, EAko zuzendaritzaren arabera. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez du tramiterako onartu EAko zuzendaritzak Auzitegi Gorenaren ebazpenari jarritako helegitea, eta ondorioz, hilabeteko epea eman dio alderdiari hura betetzen hasteko; hau da, agindu dio ekiteko 2019ko primarioak berriz egiteko bideari. Zuzendaritzaren arabera, baina, agindu horrek ez du bat egiten Gasteizko epaitegiaren bi ebazpen irmorekin. Hain zuzen, hark ontzat jo zuen 2022ko Biltzar Nazionala, eta ondorioz, baita estatutu aldaketa ere. Ordutik, EAko zuzendaritza aukeratzeko formula ez da primarioena.
Maiorga Ramirez ildo kritikoko kideak agerraldia egin zuen atzo, Gasteizen, eta auzitegietako azken mugimenduen berri eman. Haren esanetan, «barne demokrazia» defendatu dutenek «irabazi» egin dute auzitegietan: «Afiliatuek botoa emateko eta idazkari nagusia aukeratzeko eskubidea berreskuratuko dute». Hain zuzen, haren esanetan Eba Blanco egungo idazkari nagusiak «lapurtu» egin zien eskubide hori 2019an, eta, beraz, berriz egin behar dira orduko primarioak.
Orduan, Blanco eta Ramirez aurkeztu ziren buruzagitza bereganatzeko asmoz, baina Ramirezen hautagaitzak ez zuen aurrera egin, ez zuelako behar adina berme eskuratu Ipar Euskal Herrian. Halere, Arabako Probintzia Auzitegiak eta Auzitegi Gorenak ebatzi zuten haren «oinarrizko eskubideak» urratu zirela prozesuan, eta ondorioz, prozesua berriz egin behar zela. Alderdiko zuzendaritzak Konstituzionalera jo zuen orduan, baina helegitea ez dute tramiterako onartu.
Bien bitartean, baina, EAk zenbait aldaketa egin ditu estatutuetan. Tartean, idazkari nagusia aukeratzeko formula aldatu du, eta jada ez dira primarioak. Zehazki, alderdiaren XIII. Biltzar Nazionalean onartu zuten aldaketa, 2022ko otsailean, eta erabakia berretsi egin zuten urte bereko azaroan egindako ezohiko biltzar batean. Izan ere, biltzarra berriz egitea erabaki zuten, ildo kritikoko kideek lehenaren kontra jarritako salaketa zela medio. Bi kasuetan, baina, Gasteizko epaitegiak ontzat jo zituen bilkurak.
Hala, EAko zuzendaritzak ohar bidez jakinarazi du primarioak egiteko agindua ez datorrela bat ebazpen haiekin. Argudiatu dute biltzarrak ontzat jotzearekin batera ontzat jo zirela hartan hartutako erabakiak ere; tartean, idazkari nagusia aukeratzeko formula aldatzea. Horren ondorioz, uste dute Gorenaren ebazpena ere bete dutela. «Eusko Alkartasunako zuzendaritza eta primarioen prozesurik aurreikusten ez duten alderdiaren estatutuak blindatuta daude iaztik». Halere, azaldu dute alderdiko zerbitzu juridikoak egoera aztertzen ari direla, «haien kudeaketa demokratikoa bermatzen duten erabaki judizial irmoak baliarazteko».
«Demokratizatu»
Eztabaida juridikoa ez ezik, gatazka politikoa ere badago, ordea. Ildo kritikoko kideek Blancori leporatu izan diote alderdia EH Bildu barruan desegiteko lan egitea, eta uste dute horregatik «erosoagoa» dela koalizio subiranistako zuzendaritzarentzat. «Eba Blanco bi hilabetean behin bilduko den mahai politiko batean presente egotea da EAren parte hartze bakarra», esan zuen atzo Ramirezek. Horri aurre egiteko, EA «demokratizatzeko» eta alderdia «politikaren lehen lerrora» eramateko nahia azaldu ditu.
EAko zuzendaritzak, berriz, Ramirezen eta ildo kritikoko gainerako kideen kontra egin du, esanez haiek direla «kaos juridikoaren» erantzuleak. «Sektore horrek erabaki zuen alderdiaren bizitza politikoa judizializatzea, nahiz eta bazeuden barne tresna demokratikoak alderdikide gisa zituzten eskubideak defendatzeko».