Alderdiak

EAko zuzendaritzak EH Bildurekin duen jarrera mantentzea babestu du

EAk 'Alkar zainduz' lelopean egingo du XIII. Biltzar Nagusia, otsailean eta martxoan; besteak beste, asmoa da «zaintza politikaren erdigunean» jartzea. Hala ere, sektore kritikoak «zentzugabekeria demokratikotzat» jo du erabakia.

Leire Pinedo eta Iker Ruiz de Egino EAko kideak gaur goizean Gasteizen eginiko agerraldia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko urriaren 30a
14:20
Entzun

EAk datorren urtearen hasieran egingo du biltzar nagusia, eta bertako zuzendaritzak jakinarazi du orduan eztabaidatuko den txosten politikoaren zirriborroan EH Bildurekin duen jarrera mantentzea babestu duela, besteak beste «euskal errepublikaren bidean tresnarik eraginkorrena» dela iritzita: «Gure ustez, bilkideek diseinatu eta onartutako egungo EH Bildu da gure estatutuen lehenengo artikulua gauzatzeko dugun tresnarik eraginkorrena; hau da, Europako Batasunean euskal errepublika askea lortzea, justizian, elkartasunean eta bakean oinarrituko dena».

Leire Pinedo Biltzar Nagusiko Prestaketa Batzordearen buruak eta Iker Ruiz de Egino EAko bozeramaileak gaur goizean eman dute horren berri, Gasteizen eginiko agerraldi batean. Alkar zainduz lelopean egingo da hamahirugarren kongresua, otsailaren 19an eta 20an, eta martxoaren 5ean eta 6an, Araban; eta, aurrez, herri batzarrak egingo dira. «Zaintza «politikaren erdigunean» jartzea da asmoetako bat, «bizitza zaintzeak» garrantzia duela iritzita, besteak beste. Eta ideia hori bera eraman nahi izan dute alderdi barnera ere. «Betidanik eztabaidatu dugu alderdian, baina, lau urtetik hona, eztabaida hori larregi garraztu da; alderdikideak eta alderdia bera zaintzeko eta errespetatzeko deia ere bada».

Hala ere, sektore kritikoko kideek ere hitz egin dute, eta «zentzugabekeria demokratikotzat» jo dute sektore ofizialak hartutako erabakia. «Zentzugabea da kongresu bat egin nahi izatea afiliazioari aukerarik eman gabe bozkatzeko nork gidatu alderdia eta nork egon behar duen Idazkaritza Nagusian». Haren ustez, afiliazioa «albo batera utzi» eta «alderdia kontrolatzeko» modu bat da, EAren «desegitea» gauzatzearekin batera. Are, Ezker Abertzaleari eta «EH Bilduren egiturei» ere eskatu die uzteko «edozein demokrata lotsarazten duten ekintzak» babesteari, eta Eba Blanco idazkari nagusiari ere mezu bat helarazi diote: «Hitz egiteko eseri, eta afiliazioak bere sentimenduak adierazteko oinarrizko baldintza demokratikoak adostu».

Txostenaren zirriborroa

Txosten politikoaren zirriborroari dagokionez, jakinarazi dute horretarako propio izendatutako lantalde batek ondu duela, eta Kontseilu Nagusiaren oniritzia duela. Horren helburua da EAk hurrengo lau urtetan izango duen bidea markatzea, baina, oinarrian, orain dela lau urte Donostian onartutako dokumentu bat dago. «2025era arteko erabilgarritasuna gaurkotzea izan da asmoa; ponentziak bizirik dauden hitzarmenak dira, zaindu, moldatu eta eguneratu beharrekoak».

Txosten hori sei ataletan banatuta dago. Lehenak 2020ko hamarkadako sozialdemokrazia du hizpide, eta EAren printzipio ideologikoak daude segidan. Euskal errepublika sortzeko beharrezkoak iruditzen zaizkien zutabeak jasotzen dira hirugarren puntuan, eta, horren ostean, «Euskal Herri aske eta burujabearen eraikuntzarako» bide orri baten proposamena. Are, adierazi dute Ipar Euskal Herriak eta diasporak «inoiz baino presentzia handiagoa» dutela, eta horretarako atal propio bat sortuta dagoela. Azkenik, EH Bildurekin eta EH Bairekin izan beharreko harremana jorratzen da.

Dena dela, sektore ofizialeko bi alderdikideek nabarmendu dute hau zirriborro bat dela, eta espero dute «eztabaidarako abiapuntua» izatea, «afiliatu guztien parte hartzearekin». Era horretan, alderdi barneko egoera ere hobetu nahi dute: «Ziur gaude prozesu hau aberasgarria izango zaigula guztioi, eta batez ere EAri; behin ponentzia hauek otsaileko eta martxoko biltzarrean onartuta, izan dadila guztiok babestuko gaituen abaroa, eta barne gatazkak amaitzeko balioko duen txostena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.