Astebete falta da Eusko Alkartasunak bere kongresua egin dezan —ekainaren 3an eta 4an izango da, Donostian—, eta egun EAn lehian dauden bi ildoak ari dira euren jarrerak argitzen. Pello Urizar idazkari nagusiak berretsi du aurkeztu egingo dela ostera ere idazkari nagusi izateko, eta hamabi laguneko taldea ere aurkeztuko du, ildo ofiziala gailenduko balitz alderdiaren zuzendaritza osatuko lukeen taldea, hain zuzen. Bilbon egin dute aurkezpena, Ibaizabalgo bi aldeak batzen dituzten bi zubiren artean, eta ideia hori nabarmendu nahi izan dute: «zubigintza» beharrezkoa dela, alegia.
Urizarrek gogorarazi du «zubiak eraikitzea» izan dela EAren jarduera politikoaren ezaugarri nagusia azken 30 urteetan, eta horren froga gisa aipatu ditu Euskadiko Ezkerra, Euskal Ezkerra, EAJ, Aralar, Sortu eta Alternatibarekin egindako akordioak. Orain aurkeztu duten zuzendaritza taldeak ere «zubiak eraikitzeko» asmo horri eustea du helburu.
Horretarako, «arriskatzeko» prest dago zuzendaritza osatzeko proposatu duten taldea. Urizarrek azaldu du EAk behin baino gehiagotan arriskuak hartu dituela bere historian: alderdia sortu zenean; EAJrekin zuten ituna bukatutzat eman zutenean, pentsatzen zutelako jeltzaleek muzin egiten ziotela subiranismoari; edo EH Bildu osatu zutenean.
Helburu horiek gogoan, «talde berritzailea» aurkeztu nahi izan du EAren ildo ofizialak, eta «buruzagien belaunaldi berriari» bidea eman. Izan ere, aurkeztu duten zerrendan kide gazte ugari daude, ibilbide luzeagoa duten beste zenbait kiderekin batera.
Gakoa, EH Bildu
Urizarrek esan du EAk EH Bildun izan beharreko lekua dela «gakoa» bi ildoen arteko eztabaidan. Gogora ekarri du ildo kritikoak mahai gainean jarri duela EAEH Bildutik ateratzeko aukera, eta errotik baztertu nahi izan du hori: «Guk aukera hori ez dugu inolaz ere aurreikusten», esan du, «beste arrazoi batzuen artean geu ere bagarelako EH Bildu».
Urizarrek berretsi egin duEH Bilduren izaera estrategikoa, eta koalizioak bere helburuak erdietsi ahal izateko «EA sendo bat» beharrezkoa dela esan du.
«Gardentasun falta» leporatu diote kritikoek oraingo zuzendaritzari, baina Urizarrek uste du hori «gozokiaren paperari» begiratzea dela «gozokiari» erreparatu beharrean, eta pentsatzen du eztabaidaren benetako mamia beste bat dela. «Eragile guztiok badugu zer hobetu gardentasunaren arloan», onartu du, «baina harrotasunez esan dezaket azken zortzi urteetan EA zuzendu duten taldeak alderdiaren historiako gardenenak izan direla. Parte hartzea sustatu dugu, eta erabaki garrantzitsu guztiak Nazio Batzarrak hartu ditu, estatutuek agintzen dutenetik harago ere».
Kongresuan bi zerrenda aurkezteko aukeraz, Urizarrek esan du «ateak zabalik» dituztela beste ildoarekin zerrenda bakarra aurkeztea negoziatzeko, eta horretarako denbora badagoela, nahiz eta, «hedabideetan agertu denaren arabera», ildo kritikoak bere zerrenda aurkezteari eutsiko diolako susmoa izan.
Kritikoen zerrenda, gaur
Ildo kritikoa osatzen dutenek, izan ere, gaur aurkeztuko dute zuzendaritzarako euren zerrenda, Gasteizko hotel batean. Iragarri dutenez, «talde askotariko eta integratzailea» aurkeztuko dute, eta euren asmoa horrekin EAn «ziklo berri bat» irekitzea da.
Ildo kritikoko buru Iratxe Lopez de Aberasturik esan duenez, Alkartasuna 2017 izeneko prozesua bukatu berri dute, eta EAko 407 kidek hartu dute parte horretan. Haien ekarpenekin «prozesuaren oinarri diren konpromisoak hobetu eta bete» egin dituztela azaldu du Lopez de Aberasturik.
«Militantzia indartzea»eta «barne demokrazian sakontzea» proposatzen du ildo kritikoak, «parte hartzeari bide berriak irekiz», eta, EH Bilduri dagokionez, «koalizio formula ireki eta askotarikoaren alde» egiten dute.
EAko zuzendaritza taldea proposatu du Urizarrek, «zubigintza» xede
EH Bildu «estrategikoa» dela berretsi du ildo ofizialak. Kritikoek gaur aurkeztuko dute zerrenda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu