Eusko Alkartasunak jakinarazi duenez, Nazio Batzorde Eragileak aho batez onartu du Maiorga Ramirez, Iratxe Lopez de Aberasturi, Mikel Goenaga, Miren Aranoa eta Esther Korresen aurka 2021eko irailean irekitako zehapen-espedientearen instruktoreak aurkeztutako ebazpen proposamena. Horren arabera, Exekutiba Nazionalak erabaki du ebazpen proposamen hori onartzea eta, ondorioz, lau urtez EAko kidegoa etengo diete. EAren arabera, «frogatuta geratu da Eskubide, Betebehar eta Diziplina Araudian arau hauste larri eta oso larriak egin dituztela».
Alderdiak frogatutzat du araudiko zenbait artikulu urratu dituztela: kargu publikoaren lanetan alderdiaren edo alderdiak egin ditzakeen koalizioen estrategiaren aurka egitea, alderdiaren aurretiko baimena izan gabe adierazpen publikoak egitea eta EAko afiliatu, jarraitzaile, langile edo kargu publikoei hitzez edo egitez tratu txarrak edo errespetu eta begirune falta larria izatea, besteak beste.
Ramirezek, Lopez de Aberasturik, Goenagak, Aranoak eta Korresek 30 eguneko epea daukate alderdiaren Berme Batzordearen aurrean helegitea jartzeko. Lopez de Aberasturi Arabako koordinatzailea da, Goenaga Gipuzkoakoa eta Aranoa Nafarroakoa. EAk etzi zortzi abiatuko du kongresua, hilaren 19an eta 20an, eta otsailaren 21etik aurrera etengo dietenez afiliazioa, kongresuan parte hartu ahal izango dute. Ponentzia eta zuzendaritza berriaren bozketan parte hartu ahal izango dute, baita euren burua zuzendaritzarako aurkeztu ere.
2017an, EAren ohiko batzar nagusian bi ildo agertu ziren, eta Pello Urizarrena nagusitu egin zitzaion Maiorga Ramirezenari. Handik aste batzuetara aukeratu zituzten Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako EAko koordinatzaile Lopez de Aberasturi, Goenaga eta Aranoa; hirurak, Ramirezen ildokoak —ildo ofizialaren esku geratu ziren Bizkaiko eta Ipar Euskal Herriko zuzendaritzak—. Harrezkero, desadostasunak nagusi izan dira alderdian: politikoki, besteak beste, EAk EH Bildun izan behar duen rola dago eztabaidagai.
Organikoki, 2019ko urrian gauzatu zuten idazkari nagusia aukeratzeko prozesua; orduan, Hauteskunde Antolaketa Batzordeak lehiatik kanpo utzi zuen Maiorga Ramirezen hautagaitza; 400 bat abal eskuratu zituen Ramirezen hautagaitzak, beharrezkoak zirenak baino gehiago, baina Hauteskunde Antolaketa Batzordeak ebatzi zuen Ramirezek ez zituela aski abal eskuratu Ipar Euskal Herrian, eta, beraz, ez zituela hautagai izateko irizpideak bete. Hori horrela, eta hautagai bakarra izanda, Eba Blanco izendatu zuten idazkari nagusi. Sektore kritikoak auzitara jo zuen, eta Gasteizko Auzitegiak behin-behinean eten zuen izendapen hori. Halere, Blanco jarduneko idazkari nagusi aukeratu zuten, prozesuak iraun bitartean. Blancok azaldu zuen epaiak ez zuela ondorio praktikorik, kongresurako prozesua martxan zegoelako jada.
Egoerak ez du hobera egin harrezkero: iazko urrian ildo kritikoak salatu zuen «jasanezina» dela alderdiaren barruan duten egoera, eta adierazi dute alderdiko ildo nagusiak «isilarazi» egin nahi dituztela. Aurrez ere ildo kritikoak «ahotsik ez ematea» egotzi izan dio zuzendaritzari. Dokumentuak faltsutzea egotzita helegite bat jarri zieten kritikoek alderdiko buruei, baina epaitegiak ebatzi zuen ez zuela delitu zantzurik ikusi.