Asteon, EH Bilduk Nafarroako Parlamenturako eta Iruñeko Udaleko zerrendak ofizial egin ditu, eta koalizioko militanteek gaur hasi eta etzira arteko epea dute proposamen horren inguruan bozkatzeko. Hautagaitzak aurkezteko epea otsailaren 22an amaitutzat jo eta «proposamen gehiago aurkeztu ez direla ikusita» erabaki du EH Bilduk zerrenda horiek aurkeztea militanteei.
Aurretik ezagun zen bezala, Laura Aznal da lehendakarigaia eta Joseba Asiron alkategaia. Iruñeko Udalari begira, zerrendako lehen postuetan EAko militante izan diren bi pertsona ageri dira (Maider Beloki eta Borja Izagirre). Parlamentuan, aldiz, izen bakarra dago: Xebe Txoperena, zerrendako laugarren postuan. Alderdi abertzaleko ildo kritikoak pisu handia du Nafarroan, baina ez du ordezkaririk izango EH Bilduren zerrendan. Haiek gehiengoz proposatutako Iñaki Esnalen hautagaitza ez dela errespetatu salatu dute irmo, eta neurriak hartzea galdegin diote EH Bilduri.
Azken lau urteotan Eusko Alkartasunaren barruan izan den gatazka korapilo handi bat da egun, bi sektoreen arteko harremanak erabat gaiztotuta daudelako. Horren adierazle: urteotan sektore kritikoko eledun nagusi izan den Maiorga Ramirezi afiliazioa eten zioten. Eba Blanco EAko egungo idazkari nagusiak estatutu eta barne araudiak aintzat hartu gabe «kolpea jotzea» egotzi dio. Ramirezek eta ildo kritikoak, berriz, barne demokrazia aintzat ez hartzea aurpegiratzen diote Blancoren ildo ofizialari.
Zerrendako hautagaia
Talka bete-betean etorri da zerrendak osatzeko prozesua.Otsailaren 6an, Leitzan, EAk aurkeztuko zuen pertsona hautatzeko lurralde biltzarra egin zen. Iaz onartutako estatutu berrian zehazten denez, lurralde batzarretan zerrendako hautagaiak hautatzeko eskubidea zuten Nazio Biltzarrak hautatutako zortzi pertsonek eta eskualde bakoitzeko arduradunak. Ildo kritikoak argudiatu zuen afiliatuen ahotsa aintzat hartu gabe zuzendaritzaren esaneko pertsonen esku utzi nahi izan zela erabakia. Ildo ofizialak, berriz, estatutuak bete dituztela azpimarratu du.
Alta, otsailaren 6ko biltzar horretan ustekabea egon zen emaitzan, bozkatzeko eskubidea zuten hainbat ordezkari ez zirelako joan. Ildo ofizialak Txoperena Bortzirietako eskualde arduradunaren alde egin zuen, eta kritikoak Esnalen alde. Berdinketa izan zen, eta biltzarrera joan ziren afiliatuei ahotsa eman zitzaien. Haien botoekin, aise gailendu zitzaion Esnal Txoperenari.
Aitzitik, EAko sektore ofizialak salatu zuen «boto eskubiderik ez zuten pertsonek» bozkatu zutela eta barne funtzionamendua urratu zela. «Gezurrezko politika» egitea egotzi zioten sektore kritikoari. Kritikoen salaketen aurrean, arrazoitu zuten eskaini egin zitzaiela batzarrean ziren guztiei ea zerrendan joan nahi zuten: «Bakar batek ere ez zuen nahi izan».
Aldiz, ildo kritikokoek esan dute «hamabigarren postutik aurrera» joatea besterik ez zietela eskaini, eta zerrendako lehen postuetarako afiliatuek erabakitakoa errespetatuko zen galdetzean ez zutela erantzunik jaso.
Lurraldetako batzarrek hautatutako pertsonak berretsi behar zituen EAko Nazio Batzarrak, eta otsailaren 10ean biltzar hark erabaki zuen baliogabe uztea Nafarroako emaitza, «estatutuen aurkako erabakiak hartu zirelako». EAko sektore ofizialak nabarmentzen duenez, estatutuen arabera nazio biltzarrari dagokio erabakiak hartzea.
Gatazka betean, ildo kritikoak salatu du Nazio Biltzar horretan bozkatzeko eskubidea zuten 145 pertsonetatik 40k baino ez zutela parte hartu eta horietatik lau baino ez direla nafarrak izan. Hartara, Nafarroako 120 afiliaturen ahotsa isilaraztea egotzi diote zuzendaritzari.
EH Bilduri kritika
EAko 200 afiliatuk idatzi bat argitaratu dute egunotan, urteotako gainbehera demokratikoa eta Nafarroan gertatutakoa irmo salatzeko. Sinatzaileen artean daude Carlos Garaikoetxea, Koldo Amezketa eta Unai Ziarreta presidente ohiak eta Miren Aranoa koordinatzaile ohia. Bertan, EH Bildurekin «oso kritiko» direla eta «urraketa demokratikoen aurrean berea isiltasun ozena» dela salatu dute. Leitzako biltzar horretan hautatua izan zen Esnalek, berriz, galdetu dio EH Bilduri ea EAko nafar afiliatuek erabakitakoa errespetatuko duten, eta Laura Aznal zerrendaburuari haiekin biltzeko eskatu dio.
EH Bilduren erantzun ofiziala orain arte izan da EAren «barne arazoak» direla. Astelehenean gaia hizpide hartuta, Adolfo Araizek esan zuen nekez konpon dezakeela EH Bilduk EA konpontzeko gai ez dena.
EAko kritikorik gabe
Sektore kritikoak argudiatu du afiliatuen ahotsa ez dela errespetatu EH Bilduren Nafarroako zerrendako laugarren hautagaia erabakitzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu