Alderdiak

EAko kritikoek «zentzugabetzat» jo dute zuzendaritzak Gorenera jo nahi izatea

Maiorga Ramirezen esanetan, auzitegiek onartu dute «defizit demokratikoa» egon zela 2019ko primarioetan, eta prozesua errepikatu beharko litzatekeela aldarrikatu du

Maiorga Ramirez, Nafarroako Parlamentuan. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2021eko irailaren 28a
15:00
Entzun

Uztailean, Arabako Probintzia auzitegiak ebatzi zuen 2019ko primarioetan Maiorga Ramirez hautagaiaren eskubideak urratu zirela. Aurretik ere emana du bere iritzia, baina prentsaurrekoa egin du sektore kritikoko eledun Ramirezek, Donostiako Gros auzoko alkartetxean. Haren hitzetan, epai horrek agerian utzi du duela bi urteko prozesu hartan «defizit demokratikoa» egon zela, eta zuzendaritzari eskatu dio ez dezala errekurtsorik jarri.

Ramirezek «zentzugabetzat» jo du egungo zuzendaritzak auzia Gorenera eraman nahi izatea. Haren irudiko, epaitegiek argi hitz egin dute eta garaia heldu da auzia amaitzeko eta «zentzuz» jokatzeko: «Ziklo juridikoa amaitu da, eta ziklo demokratikoari heltzeko unea da».

Sektore kritikoak dei egin dio sektore ofizialari «primarioen prozesua berritzera», afiliatuek hautetsontzietan iritzia eman dezaten alderdiak EH Bildu koalizio barruan jokatu beharreko rolaz: bat egin erabat, edo koalizioaren parte izan «ekarpenak egiteko ahalmena berreskuratuz eta nortasun propioarekin».

Maiorga Ramirezek eta sektore kritikoak bigarren aukeraren alde egiten dute, eta EH Bilduri eta Arnaldo Otegiri eskatu diete barne gatazka horretan «neutraltasunari» eusteko, «arazo hau modu demokratikoan konpontzea ahalbidetuz, esku hartzerik gabe». Ramirez sinetsita dago EAk bere nortasuna berreskuratuko duela eta «inoiz galdu behar ez zuen bide demokratikora itzuliko» dela.

Sektore kritikoak aldarrikapen hori eginagatik, sektore ofizialak aurretik aipatua du auzitegien epaiek ez duela ondorio praktikorik izango alderdiak aurrera begira kongresua prestatzeko antolatu duen bide orrian. Kritikoek lehenago egitea nahi zuten, baina berez kongresua martxoan egingo dela dago aurreikusita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.