EAko kritikoek Eba Blancoren dimisioa eskatu dute

Proposatu dute behin-behineko zuzendaritza talde bat osatzea idazkari nagusia hautatzeko primarioak berriz egin artean.

Maiorga Ramirez
Maiorga Ramirez, artxiboko argazki batean. GORKA RUBIO / FOKU
aitor biain
2023ko abenduaren 22a
19:55
Entzun

Eusko Alkartasunaren ildo kritikoak eskatu du Eba Blancok eta alderdiaren egungo zuzendaritza taldeak dimisioa eman dezatela. Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaiaren berri jakin ondotik, alderdiaren egungo zuzendaritzarekin kritiko diren afiliatuak Gasteizen batzartu dira gaur, eta proposatu dute kudeatzaile talde bat eratzea idazkari nagusia aukeratzeko primarioak berriz egiteko. 

Izenak ere jarri dituzte mahaiaren gainean: Fermin Ziaurriz, Begotxu Olaizola eta Estibaliz Ibañez de Gauna proposatu dituzte behin-behineko talde horretarako. Adierazi dutenez, alderdia ongi ezagutzen dute hirurek, eta prest daude «afiliatuei hitza» emango dieten primarioak antolatzeko. «Ilusioa berreskuratzeko eta prozesu demokratiko eredugarri bat aktibatzeko ordua da», adierazi du Mari Jose Mangadok, ildo kritikoaren izenean.

Ramirez: «Onartezina da»

Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman die EAko ildo kritikokoei, ebatzi baitu 2019ko primarioetan Maiorga Ramirezen «oinarrizko eskubideak» urratu zirela. Arabako Probintzia Auzitegiak aurrez ebatzitakoa berretsi du, sektore kritikoak atzo jakinarazi zuenez.

Bada, Ramirezek nabarmendu du epaia «irmoa» dela, eta salatu Blanco buru duen egungo zuzendaritzakoek beren kargua baliatu dutela afiliatuen «oinarrizko eskubideak» urratzeko. Ramirezen hitzetan, «etikoki, politikoki eta demokratikoki onartezina» da hori, batez ere kontuan hartuta «alderdi demokratiko batean» gertatu dela, eta Blanco Eusko Legebiltzarreko lehendakariordea dela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.