«Ezin da esan kongresuarekin krisia amaitu denik». Eusko Alkartasunako kritikoak argi mintzatu dira alderdiak asteburuan eginiko XIII. Nazio Biltzarraz eta haren ondorioez; zuzendaritzak zabaldutako mezuei kontra eginez, uste dute alderdiko arrakala ezin dela itxitzat jo, argudiatuta kideen erdiek ez dutela parte hartu ez direlako «gutxieneko bermeak» bete.
Sektore kritikoak ohar bat zabaldu du gaur arratsaldean, asteburuko biltzarrari buruzko interpretazioa plazaratzeko. Kexu azaldu dira prozedurarekin: «Ezinbestekoa iruditzen zaigu, eta are gehiago alderdi baten erabaki organo nagusiaz ari garela, aurrez jakitea botoa duten konpromisarioen kopurua». Kritikoen esanetan, zuzendaritzak 48 ordu lehenago aurkeztu zuen sei hilabete lehenago —kongresura deitzerakoan— aurkeztu behar zuen agiri bat. Dokumentu horretan 245 konpromisario ageri direla azaldu du sektore kritikoak, ez 249, eta kopuru hori ez datorrela bat biltzarra deitzerakoan errolda osatzen dutenei dagokien konpromisario kopuruarekin. Horrez gain, salatu dute Eba Blanco idazkari nagusiaren aldeko sektoreak baino ez zuela konpromisarioen zerrenda, eta eskatuta ere zerrenda hori ukatu egin zaiela.
Sektore kritikoko ehundik gora konpromisariok eskatu zuten biltzarra aurrez aurre egiteko, iritzita ez zegoela nahikoa bermerik boto telematikoa egiteko eta alderdian ez dagoela hori arautuko duen araudirik: «Ez zegoen inolako bermerik emaitzen egiazkotasuna ziurtatzeko».
Bestalde, zuzendaritzarekin kritikoa den sektoreak uste du ezin zaiela haiei eta Carlos Garaikoetxea alderdiko sortzaileari egotzi alderdiak bizi duen krisia: «barregarria» iruditzen zaie akusazioa: «Sakoneko eztabaida politikoa, EAk EH Bildun duen parte hartzeari buruzko ikuspegiena, aspalditik dator». Hori horrela, nabarmendu dute 2016an ezohiko kongresu bat egin zutela ikuspegi horiek argitzeko, eta sektore kritikoaren tesiak izan zirela nagusi.