Gasteizko Instrukzio Auzitegiko epaileak auto bat plazaratu du gaur, jakinaraziz ikertzen hasiko dela ea EAko hauteskunde primarioen prozesuan dokumentuak faltsutu ziren eta, horrekin batera, Datuen Babeserako Espainiako Legea urratu ote zen.
EAko sektore kritikoak salaketa bat aurkeztu zuen, eta orain epaileak uste du nahikoa zantzu badaudela ikertzeko ea alderdikoak ez ziren pertsonen esku jarri ote ziren babes berezia izan behar duten datuak. Era berean, epaileak onartu du ikertzea ea Iker Ruiz de Egino alderdiko bozeramaileak eta Mariano Alava Antolaketa idazkariak EAko zuzendaritzako akta bat faltsutu ote zuten.
Uztailean, hauteskunde primarioen aurkako salaketari buruzko epaian, epaileak ebatzi zuen primarioen prozesuan ez zela bidegabea izan EAko alde ofizialaren jardunbidea. Helegitea aurkeztu zuen sektore kritikoak, eta beste salaketa bat jarri zuen, agiriak faltsutzea egotzita. Ildo horrek ohar batean azaldu duenez, batetik, epaileak ikertuko du ea Alavak alderditik kanpoko pertsonaren baten esku utzi ote zituen datuen babesa urratuko luketen agiriak.
Bestetik, Ruiz de Eginok EAko batzorde exekutiboaren akta bat faltsutu ote zuen aztertuko du. Izan ere, ildo kritikoaren arabera, Ruiz de Eginok aktan jaso zuen bilera horretan zeudela Iratxe Lopez Aberasturi, Miren Aranoa eta Mikel Goenaga Arabako, Nafarroako eta Gipuzkoako koordinatzaileak, baina hirurak ez zeuden bilerara deituta.