Eusko Alkartasunako zuzendaritzaren eta alderdiko ildo kritikoaren arteko talkan urrats bat gehiago egin dute gaur, XIII. Nazio Biltzarreko kongresua hasi den egunean. Zuzendaritzak aurrera atera ditu txosten politikoa eta estatutu berria. Boto eskubidea zuten 249 konpromisarioetatik 133k hartu dute parte; haiek aldeko 131 botorekin eta bi abstentziorekin onartu dute txostena, eta aldeko 132rekin eta abstentzio batekin estatutuak. Izan ere, ildo kritikoko kideek uko egin diote kongresuan parte hartzeari, eta bilkura propio bat egin dute Gasteizko alkartetxean.
Horiek hala, alderdiaren hurrengo lau urteetarako ildoa eta araudia onartu dituzte zuzendaritzaren aldeko konpromisarioek. Argudiatu dute «zaintza erdigunean jarriko duen planteamendu politiko bat» dela onartu berri dutena, sozialdemokraziaren eta Euskal Herri «aske, justu, duin eta bakezale baten» aldeko hautua. Era berean, zuzendaritzaren eta ildo kritikoaren arteko desadostasunei aipamen eginez, adierazi dute «EH Bildurekiko harremanean sakontzearen aldeko apustu garbia» egin duela EAko afiliazioak, koalizioaren izaera federala nabarmenduta: «Funtsezkoa da federazioa osatzen duten alderdi politikoen zeregin nagusia EH Bildun kokatzea, bakoitzaren protagonismo politiko propioa errespetatuz, euren lana, ibilbidea eta altxorra federazioaren sintesian modu garbian eta batuketa moduan sar daitezen».
Alderdiko idazkari nagusi Eba Blancoren esanetan, konpromisario gehienak «normal» parte hartzen ari dira kongresuan: «Eskertzekoa da gehiengoaren parte hartzea, eta modu horretan Eusko Alkartasunarekiko erakutsi duten konpromisoa». Zehazki, Ipar Euskal Herriko kideei egin die erreferentzia, «batzuek zalantzan jarri dutelako kongresuan parte hartzeko duten eskubidea». Izan ere, hango konpromisario kopurua puztu izana leporatu zioten atzo kritikoek zuzendaritzari.
Ildo kritikoak gaur izandako jarrera ere gaitzetsi du Blancok. Haien proposamenak defendatzeari uko egin izana leporatu die —osoko zuzenketa bat aurkeztu zuten—, eta adierazi jarrera horrek ez duela murriztuko kongresuaren zilegitasuna: «Eztabaida bera ukatzen dutenak dira zilegitasun demokratikoa galtzen dutenak. Ez dira kapaz gehiengoaren borondatea onartzeko».
Kritikoen bertsioa, ordea, oso bestelakoa da. Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia buru zutela, ehun konpromisario baino gehiago gerturatu dira Gasteizko Europa jauregira, 09:00ak aldera. Kongresuan aurrez aurre parte hartzeko eskaera egin dute, baina antolaketa batzordeak ukatu egin die eraikinera sartzea, biltzarra telematikoki egiten ari direla gogoraraziz —biharko azken hitzaldia soilik entzun ahal izango da bertatik—. Kritikoen ustez, baina, ez dago bilkura aurrez aurre egitea galarazten duen murrizketa edo osasun arrazoirik, ezta kongresua telematikoki egitea ahalbidetzen duen barne araudirik ere.
Horrez gain, ildo kritikoko kideek adierazi dute kongresuaren mahaian parte hartzeko euren hautagaitza atzera bota dutela antolatzaileek, argudiatuta ez dutela «nahiko abal» aurkeztu. Abalak konpromisarioen artean lortu behar zituzten, baina, salatu dutenez, zuzendaritzak uko egin dio parte hartzaileen zerrenda emateari. «Zentzugabekeria demokratiko bat da», adierazi dute. Ez da antolaketa eredua kritikatzen duten lehen aldia; aurrez ere salatu izan dute «parte hartze eta gardentasun eza» nagusitu direla prozesuan.
Gasteizko alkartetxean eginiko bilkura paraleloan, aurrez aurkeztutako osoko zuzenketa onartu dute kritikoek; hau da, EH Bildu «koalizio elektoral jakinetara» bideratzearen alde egin dute. Nafarroako Parlamentuko mahaikide eta ildo kritikoko kide Maiorga Ramirezek adierazi du horretarako beharrezkoa dela EA «birdemokratizatzea», alderdiak «bere nortasuna» berreskuratu dezan. Ramirezen hitzetan, hori da EH Bilduk atxikimendu handiagoa eskuratzeko eta Euskal Herriko politikan «hegemonia» lortzeko modua. Izan ere, kritikoen ustez, egungo zuzendaritza «putzu ilun batean» sartzen ari da alderdia.
Zuzendaritza berria
Kongresuan estatutu berriak onartuta, gaur arratsaldean aurkeztu dituzte alderdiaren zuzendaritza berrirako eta idazkaritza nagusirako hautagaitzak. Eba Blancok ostegunean adierazi zuen karguan jarraitzeko asmoa zuela, eta ez du aurkaririk izango biharko bozketan. Berme Batzorderako, Kontseilurako eta Nazio Batzorderako ere zuzendaritzaren ildoko hautagaitzak soilik aurkeztu dira.
Halere, ildo kritikoak adierazi du euren bilkurarekin jarraituko dutela, eta bihar emango dutela hartzen dituzten erabakien berri. Ramirezek ez du alderdia uztearen inguruko adierazpenik egin, baina azaldu du egoera «larria» dela: «Paretik kendu nahi gaituzte». Izan ere, Ramirezi berari eta alderdiaren Arabako, Gipuzkoako, Nafarroako eta Iruñeko koordinatzaileei afiliazioa etengo diete astelehenean, lau urtez. EAko Nazio Batzorde Eragilearen arabera, EAko Nazio Batzorde Eragilearen arabera, frogatuta geratu baita «Eskubide, Betebehar eta Diziplina Araudian arau hauste larri eta oso larriak egin dituztela». Ramirezek, ordea, azaldu du erabaki «injustu» horren aurkako helegitea aurkeztuko dutela, bai alderdi barruko instantzietan, bai auzitegietan.