Alderdiak

EAk «bukatutzat» jo ditu alderdiko estatutu aldaketaren kontrako prozesu judizialak

Maiorga Ramirezen eta ildo kritikoko beste lau militanteren afiliazioa eten izanaren kontra egin du Arabako Probintzia Auzitegiak.

EAk iazko azaroan egindako kongresua. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko irailaren 21a
12:30
Entzun

Eusko Alkartasuneko zuzendaritzak jakinarazi duenez, Gasteizko epaitegiak eta Arabako Probintzia Auzitegiak uko egin diote kritikoek XIII. Biltzar Nazionalaren kontra jarritako helegiteari zein iazko azaroan egindako ezohiko kongresuan hartutako erabakiak behin-behinean etetea eskatzen zionari. Hala, «bukatutzat» jo dute alderdiko ildo kritikoko kideek estatutu aldaketaren eta idazkari nagusiaren hautaketaren kontra hasitako ekinbide judiziala. Kritikoek, berriz, beste epai batean egin dute indar: Arabako Probintzia Auzitegiak berretsi du ildo hartako bost kideren militantzia ez zela legez eten.

EAk iazko otsailaren 19an eta 20an egin zuen alderdiaren XIII. Biltzar Nazionala. Batzar hartan, alderdiko estatutuak aldatu zituzten, idazkari nagusia hautatzeko prozesutik primarioak ezabatuta. Jarraian, aldaketa baliatuz, Eba Blanco hautatu zuten alderdiko idazkari nagusi kargurako. Erabaki horiek berresteko ezohiko kongresu bat ere egin zuen alderdiak, prozesu judizial bat abiatu baitzen ildo kritikoko kideek erabaki horien kontra jarritako salaketak zirela medio.

Halere, epaitegiek EAko zuzendaritzaren alde ebatzi dute auzi horretan. Martxoan, Gasteizko Lehen Instantziako Seigarren Epaitegiak kritikoen aurka ebatzi zuen, argudiatuta ez zela urratu afiliatuen parte hartzeko eskubidea otsaileko biltzarrean; kritikoek salatu zuten bozketa telematikoaren erabilera ez zegoela jasota estatutuetan. Epai hari helegitea ere aurkeztu zioten haiek, baina epaimahaiak ez zuen tramiterako onartu, berandu aurkezteagatik. Hori uztailean izan zen.

Orain, berriz, Arabako Probintzia Auzitegiko Lehen Epaitegiak uko egin dio iazko azaroko ezohiko kongresuan hartutako erabakiak behin-behinean eteteari. Batzar Nazionalaren urriaren 21eko bilkuran hartutako neurrien kontra egin zuten kritikoek, hain zuzen ezohiko kongresu hartarako deia egin zen bileran hartutakoen kontra, eta haren ondorio ziren ekinaldiak behin-behinean eteteko eskatu zuten; nagusiki, azaroaren 19an eta 20an egindako ezohiko kongresua. Epaimahaiak, ordea, ebatzi zuen halako erabaki batek EAren funtzionamendua oztopatuko lukeela.

Kritikoen afiliazioa

Era berean, iazko otsailean ildo kritikoko bost militanteri afiliazioa eten izanaren kontra ebatzi du Arabako Probintzia Auzitegiak, beste epai batean, eta Gasteizko epaitegiak martxoan ebatzitakoarekin bat egin du. Alderdiak Maiorga Ramirez ildo kritikoko burua, Iratxe Lopez de Aberasturi Arabako koordinatzaile ohia, Mikel Goenaga Gipuzkoako koordinatzaile ohia, Miren Aranoa Nafarroako koordinatzaile ohia eta Esther Korres Iruñeko koordinatzaile ohia kanporatu zituen lau urterako, argudiatuta frogatuta geratu zela «Eskubide, Betebehar eta Diziplina Araudian arau hauste larri eta oso larriak egin dituztela».

Ramirezen esanetan, bera eta beste lau kideak «baldarki kaleratuak» izan zirela azaltzen du azken ebazpenak. Ohar bidez, kritikoek gaineratu dute «irregulartasunez betetako» kaleratze prozesuak EAko 2019ko primarioak errepikatzearen aldeko ebazpena iritsi ostean hasi zirela, eta «parte hartze politikoa galaraztea» eta «arerio politikoak kanporatzea» izan dituela xede, primarioak berriz egitea ekiditeko helburuarekin.

Era berean, Blancori leporatu diote «desinformatzen» saiatzea, ardurak bere gain hartu beharrean: «Aurrerantz ihesean jarraitzen du, afiliazioaren parte hartzea galaraziz, hala EA EH Bildu koalizioaren barruan desegiten jarraitzeko». Koalizio subiranistari, berriz, «ezinbesteko konplize» izatea egotzi diote, maiatzeko udal eta foru bozetan ildo kritikoari espaziorik ez ematearen alde egiteagatik.

Kontrara, EAko zuzendaritzak adierazi du, lehen epaiak egin bezala, bigarren honek ere «forma akatsak» aipatzen dituela kaleratzeen kontra egiteko, eta ez dituela zalantzan jartzen «diziplina espedienteetan egotzitako gertakari larriak».

EAren barne gatazkak 2017ko ohiko kongresua du oinarri. Hartan, bi ildo agertu ziren, besteak beste EH Bildu barruan izan beharreko rolaren inguruko desadostasunak zirela medio. 2019an, auzia judizializatu egin zen. Blanco eta Ramirez aurkeztu ziren idazkari nagusi izateko, baina bigarrenaren hautagaitza baliogabetu zuen Hauteskunde Antolaketako Batzordeak. Blanco izendatu zuten idazkari nagusi, baina ildo kritikoak auzitara jo zuen, Ramirezen eskubide politikoak urratu zirelakoan. Norabide ugariko prozesu baten hasiera izan zen hura; ordutik, zuzendaritzak hartutako erabaki ugari ezbaian jarri baitituzte kritikoek.

Era berean, argitu gabe geratzen diren auzietako bat da. Izan ere, auzi hartan, Arabako Probintzia Auzitegiak arrazoia eman zien kritikoei, eta primario haiek errepikatzeko beharra azaldu zuen. Halere, afera Espainiako Auzitegi Gorenaren esku dago orain, EAk jarritako helegitea tarteko. Gainera, testuingurua aldatu egin da, egun EAren estatutuek ez baitituzte primarioak jasotzen idazkari nagusia hautatzeko metodo gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.