Aberri Eguna

EAk eta LABek dei egin dute Aberri Eguna Iruñean ospatzeko

EAJk datozen egunetarako egitaraua aurkeztu du: Bizkargi mendira igoko dira larunbatean, eta Bilbon elkartuko igandean.

Euskal Herria Batera ekimenak deituta, iaz Iruñean egin zen Aberri Eguneko ekitaldia. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
2022ko apirilaren 13a
13:10
Entzun

Lau egun besterik ez da falta Aberri Eguna iristeko, eta eragileak euren deialdien berri ematen ari dira. EAk eta LABek EH Bilduk antolatutako ekitaldietan parte hartzeko deia egin dute, «burujabetzaren» aldeko aldarria defendatzeko. EAJk, berriz, ostegunean emango du igandeko ekitaldien xehetasunen berri.

Eusko Alkartasunak bat egin du Aberri Eguna Iruñean ospatzeko EH Bilduren deialdiarekin, «Euskal Herri aske eta burujabea aldarrikatzeko». Alderdiaren esanetan, topaketarako eguna izateaz gain, «etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko» ere balioko du: «Erronka berriak ditugu aurrean, eta horiei aurre egiteko ezinbestekoa da gure erabakiak hartu ahal izatea».

LABek ere «aldarrikapen unea» dela adierazi du: «Euskal eragileoi aukera ematen digu une batez gelditzeko, nora goazen behatzeko eta gure azterketa paratzeko». Egungo «eredu ekonomiko kapitalista eta heteropatriarkala» aldatu beharra nabarmendu du sindikatuak, eta «burujabetza, bakea eta eraldaketa» defendatu ditu horretarako: burujabetza, «autodeterminazio eskubidearen bidez gure etorkizuna erabakitzeko»; bakea, «indarkeria eta zapalkuntza oro ezabatzeko»; eta eraldaketa, «sistemaren esplotazio eta krisi iraunkorra gainditzeko». Hala, LABek bat egin du EH Bilduk eta EH Baik egindako deialdiekin.

EAJk aurrez iragarri zuen Bilbon egingo duela aurtengo ekitaldia, 11:30ean. Hartan, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk eta Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek hartuko dute hitza. Ekinaldiaren nondik norakoen xehetasun gehiago, ordea, ostegunean emango dituzte, Gernikan (Bizkaia), Gernika muralaren aurrean. Mireia Zarate EBBko idazkariak eta Joseba Aurrekoetxea Antolakuntza burukideak egingo dute aurkezpena, iganderako prestatu duten adierazpena ezagutarazteko. Larunbatean, berriz, Bizkargi mendira (Bizkaia) igoko dira jeltzaleak, Ortuzar buru dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.