EAko zuzendaritzak jakinarazi duenez, Eba Blanco izendatuko dute alderdiko idazkari nagusi urriaren 28an, datorren astelehenean, hauteskunde primarioetako "araudiaren 8. III artikuluak dioenari jarraituz". Maiorga Ramirez eta Juan Luis Cristobal Zendoia ere aurkeztu ziren primarioen prozesura, baina Hauteskunde Antolaketa Batzordeak baztertu egin zituen bi hautagaitzak, behar adina abal lortu ez zituztela eta.
EAk azaldu du Hauteskunde Antolaketa Batzordeak "formaz eta garaiz" erantzun dituela "kontsulta, eskaera, inpugnazio edota kontrako arrazoibide guztiak", eta batzorde horrek "prozesuaren garapen eta emaitza azalduko duen txosten xehea" egingo duela. Txosten hori "EAko egoitza nazionalean egongo da alderdiko edozein militantek azter dezan", eta, txostena sinatzean, batzordea iraungitzat joko da.
EAk ohar batean gogora ekarri duenez, Cristobalek ez zuen abalik aurkeztu, eta Ramirezek ez zuen bete herrialde bakoitzean gutxienez bost abal eskuratzeko baldintza.
Hauteskunde Antolaketa Batzordeak erabakiaren berri eman die hautagaiei, eta, hori ikusirik, Ramirezek ordezkatutako sektore kritikoak salatu du "erabakia lapurtu" egin nahi diotela afiliazioari. Nabarmendu du 400 abal baino gehiago jaso dituela —50 behar ziren Euskal Herri osoan—, eta iragarri Berme Batzordean helegitea aurkeztuko duela "berehala": "Maiorga Ramirezen hautagaitzak bide guztiak agortuko ditu afiliazioari hitza itzultzea lortu arte".
Urriaren 11n amaitu zen idazkaritza nagusirako hautagaitzak aurkezteko epea, eta Hauteskunde Antolaketa Batzordeak 14an izendatu zituen baleko hautagaitzak. Ramirezen hautagaitza baztertuta, hark helegitea aurkeztu zuen batzorde horren aurrean, baina batzordeak erabakia berretsi du, gaur jakinarazi dutenez.
Joan den larunbatean, EAko ildo kritikoko 160ren bat afiliatuk agerraldi bat egin zuten Donostian, eta, haien izenean, Esther Larrañaga Eusko Jaurlaritzako sailburu ohi eta Espainiako diputatu ohiak alderdiko zuzendaritzari eskatu zion idazkari nagusia hautatzeko hautetsontziak jartzeko, "afiliatuen ahotsa entzun" dadin.