Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

EAk apirilaren 4rako deitu du bere kongresu berezia

Alderdiak babesa eskaini dio Unai Ziarreta presidenteari, honek bere kargua alderdiaren esku utzi ondoren, bozetako emaitza txarrak ikusita. PSOEk esan du Patxi Lopezek gutxiengoan gobernatzea nahi duela. EAJk irabazi ditu bozak, baina ez du gehiengorik EA, EB eta Aralarrekin. PSE-EEk PPren eta UPDren laguntza beharko luke inbestiduran -agian UPDrena ez, Arabako kanpoko botoak zenbatu ostean-; PPk iragarria du "aldaketa" bozkatuko duela. Azken hirurek gehiengoa, ilegalizazioari esker dute.

2009ko martxoaren 2a
19:03
Entzun
Eusko Legebiltzarrerako atzoko bozetan lortutako emaitza txarren ondoren, EAko presidente kargua alderdiaren esku utziko zuela iragarri zuen Unai Ziarretak, eta buruzagitza berria hautatzeko kongresu berezia egingo zutela. Gaur arratsaldean zehaztu du kongresuaren eguna zein izango den: heldu den apirilaren 4a, larunbatarekin. Bilbon egingo dute bilkura berezia.

EAren emaitza txarren erantzukizuna bere gain hartu du Ziarretak, baina gaur haiek aztertzeko alderdiak Bilbon egindako bilkuran horien erantzukizun kolektiboa bere gain hartu du zuzendaritzak, eta Ziarretari babesa eskaini dio.

EAk zazpi eserleku zituen orain arte, EAJrekin hauteskunde koalizioan aurkeztuta lortuak, eta atzoko bozetan soilik bi eskuratu zituen, bat Gipuzkoatik, eta bestea Arabatik. Ziarretak, gainera, ez zuen eserlekurik lortu, Bizkaiko zerrendaburua baitzen. Horrez gain, Arabako eserlekua kilikolo dago, PSE-Eerekiko soilik zortzi botoko aldearekin lortu baitzuen, eta kanpoan bizi direnen botoak zenbatzean oso litekeena da horiei esker PSE-EEk hura eskuratzea.

Eusko Jaurlaritza eratzeko mugimenduak eta zalantzak

Bukatu dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, baina nor izango da lehendakari Eusko Jaurlaritzan? Horixe da atzo gauetik dagoen galdera.

EAJk irabazi ditu hauteskundeak, 30 jarlekurekin, PSE-EEk baino 6 legebiltzarkide eta 80.000 boto gehiago lortuta. Baina Juan Jose Ibarretxek ez du gehiengo osoa bermatuta inbestidura saioan lehendakari hautatua izateko; izan ere, koalizioko alderdiek -EAJ, EA (2) eta Ezker Batuak (1)- orora 33 jarleku dituzte. Aralarrek erdietsitako 4 legebiltzarkide batuko balitzaizkie ere, ez lukete gehiengo osorik izango, 37 legebiltzarkide izango lituzkete-eta. EAJk esan du gaurtik berak lideratuko duela elkarrizketa prozesua.

PSE-EEk (24) ez ditu irabazi bozak -helburu hori zuen-, baina PPrekin (13) eta UPDrekin (1) gehiengo osoa du. Gainera, baliteke UPDren beharrik ez izatea, kanpoko botoak kontatuta Araban beste legebiltzarkide bat lor dezakeelako -EAren kaltetan-. PPk iragarria du "aldaketa" bozkatuko duela inbestiduran; Lopezek jakinarazi du lehendakari izateko aurkeztuko dela inbestiduran. Hala ere, Madrilen PSOEk EAJren laguntza du eta ikusi egin beharko. Baina kontuan hartu behar da PSOEk Galizian kolpea jaso duela, PPk gehiengo osoa lortu duelako, eta EAEn eman diezaioke buelta gorputzari.

Gaur Jose Blanco PSOEko idazkariordeak eman du argibiderik, bere nahia PSE-EEk gutxiengoan gobernatzea dela aitortu duelako, "akordio puntualak lortuta besteekin". "Politikoki eta moralki garaipen garrantzitsua" lortu dutela uste du, eta "orain jasotako konfiantza hori ondo kudeatu" behar dutela. "Trenen arteko talkarik ez dut nahi", esan du Blancok. PP eta UPD aldaketaren alde azaldu dira gaur ere.

Alderdietako zuzendaritzak gaurtik hasiko dira hauteskunde ondorengo bilerak egiten.

1980tik beti EAJko kidea izan da Eusko Jaurlaritzako lehendakaria.

PSEk, PPk eta UPDk gehiengoa, legez kanporatzeari esker

D3M hauteskunde plataformaren legez kanporatzeari esker erdietsi dute gehiengoa PSEk, PPk eta UPDk. Izan ere, boto baliogabeak 100.924 izan dira, %8,84. Datu horien arabera, D3M legez kanporatua ez balego, zazpi eserleku egokituko litzaizkioke Eusko Legebiltzarrean. Duela lau urte EHAK-k 150.600 boto inguru erdietsi zituen, eta 9 legebiltzarkide. Parte hartzea %65ekoa izan da, duela lau urte baino lau puntu gutxiago.

D3Mren botoak zenbatuta, abertzaleek (EAJ, D3M, Aralar, EA) 597.515 boto dituzte. Besteek (PSE-EE, PP, EB, UPD) 518.973.

Botoak

Botoetan eta ordezkari kopuruan, EAJ nagusitu da Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan. 396. 000 boto baino gehiago lortu ditu EAJk (40.000 boto inguru irabazita), eta Gipuzkoa eta Bizkaian lehenengo indarra da. Araban alderdi sozialistarekin berdinduta dago eserlekuetan: biek ala biek zortzina jarleku izan dituzte, nahiz eta sozialistek jeltzaleek baino mila boto inguru gehiago izan dituzten. Duela lau urte EAJ eta EA koalizioan aurkeztu ziren hauteskundeetara, eta 29 eserleku lortu zituen. EAJk gainditu egin du emaitza hori, bakarrik aurkeztuta.

PSE-EE izan da bigarren indarra hauteskundeetan, eta gora egin du botoetan eta eserlekuetan duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta: 24 jarleku izan ditu (sei gehiago). Hirugarren indarra da PP, 13 eserlekuekin (bi galdu ditu), eta laugarrena Aralar, lau legebiltzarkiderekin (orain bakarra dauka). EAk bi jarleku erdietsi ditu, eta ordezkari bana lortu dute, berriz, EB eta UPD alderdiek. Herrialde guztietan hobetu ditu emaitzak alderdi sozialistak. Legebiltzarrerako hauteskundeetan sekula izan dituen emaitzarik hoberenak izan ditu Patxi Lopezen alderdiak. Botoen %30,71 erdietsi ditu (315.893).

Gorakadak eta gainbeherak

Hauteskundeetako galtzaile nabarmenena EA izan da. Gainbehera izugarria izan du EAk, bi jarleku baino ez baititu erdietsi, Gipuzkoan eta Araban, eta azken hau ere gal dezake. Zazpi legebiltzarkide lortu zituen duela lau urte EAJrekin koalizioan joanda. Baina, bakarrik aurkezteko erabakia garesti ordaindu du Unai Ziarretaren alderdiak, hark kargua zuzendaritzaren esku jartzeraino. Bizkaiko zerrendaburu zen Ziarreta, baina EAk ez du ordezkaritzarik lortu bertan.

Txanponaren beste aldea izan da Aralar. Hauteskundeetara aurkeztu diren alderdien artean gorakada ikusgarriena izan duen alderdia izan da hori, laukoiztu egin baititu duela lau urteko emaitzak. Legebiltzarkide bakarra lortu zuen 2005ean, eta lau lortu ditu orain. Bikoiztu egin du lortutako boto kopurua ere. Bi jarleku erdietsi ditu Gipuzkoan, eta bana Bizkaian eta Araban.

Beherakada izan du, halaber, PPk. Bi eserleku galdu ditu, eta 13 lortu. Araban eta Bizkaian jarleku bana galdu dute popularrek, eta botoetan behera egin arren, eutsi egin diote Gipuzkoako legebiltzarkideari. Behera egin du, halaber, Ezker Batua alderdiak, eserleku bakarra erdietsi baitu. Javier Madrazoren alderdiak ezin izan dio eutsi azken Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan izandako hiru jarlekuei, eta bi galdu ditu. Gipuzkoan lortu du EBk legebiltzarkide bakarra.

UPD Rosa Diezen alderdiak Eusko Legebiltzarrean sartzeko helburua bete du, 22.002 boto eskuratuta. Araban lortu du eserleku bakarra. Lopez lehendakari aukeratu ahal izateko giltza izango da UPDk. Kanpoko botoek panorama aldatzen ez badute, bi blokeen arteko berdinketa apurtzea bere esku baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.