KRISIA EA-N

EAk afiliazioa eten die Berme Batzordeko bi kideri

Alderdiko zuzendaritzak azaldu du frogatuta geratu direla bi batzordekideek eginiko hainbat arau hauste. Erabakia «onartezina» dela uste du sektore kritikoak.

EAren ezohiko batzar nazionala, 2019ko uztailean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2021eko martxoaren 15a
17:24
Entzun

Eusko Alkartasunako zuzendaritzak jakinarazi du alderdiko Berme Batzordeko bi kideren afiliazioa aldi baterako eten duela, batzordeko kideetako batek salatu eta gero organo horretan parte hartzeko eskubidea urratu ziotela beste biek.

«Azaldutako irregulartasunen larritasuna ikusirik eta Diziplina araudiak ezarritako prozedurari jarraituz, diziplina espedientea ireki zen EAko Berme Batzordeko bi kideren aurka. Ebazpena instruitzeko prozesuaren ondoren, eta hura tramitatu ostean, ondorioztatzen da frogatuta geratu direla hiru hutsegite oso larri, bi hutsegite larri eta hutsegite arin bat», adierazi du zuzendaritzak.

Horren arabera, lau urte eta zortzi hilabetez eten diote afiliazioa batzordekideetako bati, eta urtebete eta zortzi hilabetez besteari. Izan ere, besteak beste, egiaztatutzat jo dute «datazio faltsuko ebazpenak» eman zituztela, «Bermapide Batzordea ez baitzen eztabaidatzeko bildu adierazitako egunean eta tokian». Horrez gain, batzordeak «erabakitakoaren aurkako bozka partikularra ebazpenean ez sartu, eta berau erretiratzeko» exijitu zioten batzordekideari. Halaber, frogatutzat jo dute batzordeko kide batek beste baten sinadura digitala baimenik gabe erabili zuela, eta eztabaidatu gabe eman zutela ebazpen bat.

Zuzendaritzaren erabakiaren kontra azaldu da, ordea, EAko ildo kritikoa, uste baitu «onartezina» dela «afiliazioaren eskubideak bermatzen dituen organoaren garapena baldintzatzeko» erabakia: «Prozesua irregulartasunez josita egon da, eta Berme Batzordeak berak baliogabetutako pertsonek hartu dute parte». Erabakia hartzeko garaiari ere erreparatu dio ildo kritikoak, gogorarazita 600 bat kidek ezohiko kongresu bat egiteko eskatu diotela zuzendaritzari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.