Beste saio bat Kongresuak EAJren Parisko egoitzaren eskualdaketa onar dezan

Eskualdaketa eginda dago, EAJk baieztatu duenez, baina, badaezpada, Espainiako Kongresuak onespena emango dio neurri horri beste dekretu baten bidez, gobernuak akordioa egin baitu Juntsekin gaur.

AJren Parisko egoitza, egungo Cervantes Institutua. VAL TORRES / EFE
EAJren Parisko egoitza, egungo Cervantes institutua. VAL TORRES / EFE
xabier martin
2025eko urtarrilaren 28a
15:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren Parisko egoitza izandakoa EAJren esku dago jadanik, atzera-bueltarik gabe, jeltzaleen iturriek baieztatu dutenez; baina eskualdaketa hori babestu behar zuen dekretua ez zuen onartu Espainiako Kongresuak aurreko astean. Orain, ordea, Espainiako Kongresuak onespena emango dio neurri horri beste dekretu baten bidez, gobernuak akordioa egin baitu Juntsekin gaur. Haren bitartez, aurrera aterako dira zenbait neurri sozial, hala nola pentsioen igoera, eta baita Parisko egoitzaren eskualdaketa ere. Modu horretan, oztopo handiagoak izango dira urte askoan EAJk beretzat eskatu duen egoitzaren afera auzitara eramateko, horretarako asmoa duen inor azaltzen bada.

Espainiako presidente Pedro Sanchezek garbi esan du gobernuak ez diola «oparirik» egingo EAJri, «gezurra» dela hori, eta Parisko egoitza «bere benetako jabeari itzuli baizik» ez duela egingo PSOEk eta Sumarrek osatzen duten gobernuak. Orain baino lehen «dozenaka higiezin» itzuli ditu Espainiako Gobernuak, frankismoak jatorrizko jabeei kendu zizkiolako, Sanchezek azaldu duenez. Oposizioari exijitu dio «gezurrak» erabiltzeari uzteko. Eta EAJ inoiz baino gogorrago aritu da jabetza aldaketa hori oztopatzen ari direnen aurka, batez ere PPren aurka: «Diktaduraren nostalgia duen jarrera batean oinarrituz baizik ezin da ulertu» eraikina «bere jabeari» itzuli nahi ez izatea, Estefania Beltran de Heredia senatari jeltzalearen arabera.

«Gobernuak ez du oparirik egingo, eraikin hori bere benetako jabeari itzuli baizik ez»

PEDRO SANCHEZEspainiako presidentea

Horiek horrela, Espainiako Gobernuak egindako ikerketa batek ondorioztatu du frankismoak EAJri kendu ziola Parisko Marceau etorbideko eraikina, 36ko gerran Eusko Jaurlaritzaren egoitza izandakoa. Ikerketa horretan azaldu dutenez, 1941ean Gestapok hartu zuen beretzat lau solairuko etxea, naziek Paris hartu zutenean. Bigarren Mundu Gerra amaitu eta gero, Jaurlaritzak etxea berreskuratu zuen tarte txiki batez. Gerrillari talde batek hartu zuen hasieran, eta Xabier Landaburu lehendakariordeak lortu zuen erbesteko gobernuaren eskuetara igarotzea. Harik eta 1951n Frantziako Gobernuak Jaurlaritza kanporatu zuen arte, Francoren gobernuaren exijentzia betez.

Geroztik, Espainiako Gobernuak kudeatu du, eta, gaur egun, Cervantes institutuaren egoitza da. Parisko erdigunean dago, eta hamabost milioi euro balio du, zenbait iturriren arabera. Eskualdaketa egin eta gero, Madrilek alokairua ordainduko dio EAJri 2030era arte, «merkatuko prezioaren arabera», Cervantes Institutuak han jarrai dezan.

Aznar eta Rajoy

Eraikinaren inguruko auzibideak ez dira gutxi izan azken urteetan, eta, azken epaiaren arabera, haren jabetza EAJri dagokio. Jeltzaleek gogoratu dute Jose Maria Aznar eta Mariano Rajoy Espainiako presidente ohiek hitzeman zietela eraikina itzuliko zutela. 2018an, ordea, PPren ustelkeriak eraginda, Rajoyren kontrako zentsura mozioa egun zuten, eta bertan behera geratu zen etxea itzultzeko prozesua. Pedro Sanchezek ezinbesteko izan zuen EAJren babesa Rajoy Moncloatik kanporatzeko, eta EAJren Parisko egoitza bueltatzeko konpromisoa hartu zuen. Bigarren legealdian bete du hitza.

«Diktaduraren nostalgia duen jarrera batean oinarrituz baizik ezin da ulertu eraikina bere jabeari itzuli nahi ez izatea»

ESTEFANIA BELTRAN DE HEREDIAEAJko senataria

Uste baino arazo gehiago sortu dira, baina, Sanchezen gobernuak eraikinaren eskualdaketa gauzatzeko. Izan ere, eskuin muturrak eta muturreko eskuinak aitzakia bihurtu dute Parisko egoitza izaera sozialeko neurrien dekretua ez onartzeko. Kongresuak aurreko astean atzera botatako omnibus dekretu horrek jabetzaren aldaketa ere jasotzen zuen, baina, onartu ez den arren, EAJrena da dagoeneko Parisko egoitza, jeltzaleek ohartarazi dutenez. Izan ere, Estatuko Aldizkari Ofizialean dago jasota jabetza aldaketa, eta Aitor Esteban Kongresuko eledunak esan du gaiak ez duela kezkatzen jada, «ez juridikoki, ez politikoki». Orain, berriz, are lasaiago egongo da, azkenerako Madrilgo ganberak oniritzia ematen badio eskualdaketari.

Eskaera historiko bat

1937an, Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariak Parisera egin zuen ihes, Francoren estatu kolpearen ostean, Bilbo erori eta gero. Parisko Marceau etorbideko 11.ean dagoen jauregian hartu zuen ostatu, eta han jarri zuten erbesteko lehen Eusko Jaurlaritza. Eraikin hura 1936rako erosi zuen EAJk, gertukoak zituen zenbait enpresariren bidez. Frantziako Justiziak eraikina Francoren gobernuaren esku utzi zuenetik, 1951tik, EAJ aldez eta moldez ahalegindu da 75 urtez lau solairuko etxea eskuratzen, hark erosi zuela erakusten duen dokumentazioa aurkeztuta.

Aferak, baina, beste atal bat izan du azken asteotan. Izan ere, EAJren kontra gogor egiteko baliatu du PPk. Borja Semper eledunak «Sierra Morenako Curro Jimenez» bandoleroari erreparatu dio EAJrekin alderatzeko. Miguel Tellado PPko Kongresuko eledunak ere neurriko adierazpenak egin ditu: «Dirudienez, alokairu plataformarik handiena ez da jadanik Airbnb izango, Airpnv baizik».

Javier de Andres EAEko PPko idazkari nagusiak, berriz, iragarri du PP aztertzen ari dela salaketa bat jartzea Espainiako Gobernuaren aurka EAJrekin egin duen «finantzaketa irregulartasunarengatik». PPkoen arabera, Espainiako orduko gobernuak, 1936ko errepublikarenak eman zion kreditua Eusko Jaurlaritzari jauregia eros zezan. Esan beharrik ez dago: EAJ oso minduta azaldu da PPrekin, eta Aitor Esteban Kongresuko eledunak hitz gogorrak erabili ditu muturreko eskuindarren jarrera azaltzeko. «Baldarra», «lotsagabea» eta «neofaxista» deitu dio Telladori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.