EAJren oinarriek Joseba Diez Antxustegi aukeratu dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Arabako zerrendaburu izan dadin. Izendapena ezustean etorri da, haren izena ez baitzen ageri EBB Euzkadi Buru Batzarrak aurrez proposatutako zerrendan. Alderdiaren barne prozesuak, baina, aukera ematen die oinarriei hautagaiak aurkezteko, eta bide hori baliatu dute afiliatuek haren aldeko hautua egiteko. Babes zabala lortu du udal batzarretan, gainera.
Diez Antxustegi (Araia, Araba, 1992) legebiltzarkide izandakoa da; 2019an, aurreko legealdiaren hondarrean sartu zen, eta legealdi honetan ere EAJren taldeko kide izan zen. Iazko maiatzean utzi zuen, udal eta foru hauteskundeetan Ramiro Gonzalez buru zuen zerrendan joateko. Bada, egun, EAJko bozeramailea da Arabako Batzar Nagusietan. Zuzenbidean graduatu zen, EHUn, eta euskalduna da.
Datozen orduetan ABB Arabako Buru Batzarrak berretsi beharko du haren hautagaitza, eta EBBk gauza bera egin beharko du gero. Hala eginez gero, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ordeztuko luke Diez Antxustegik, hura izan baitzen Arabako zerrendako buru 2016ko eta 2020ko bozetan. Bizkaiko zerrendaburu, berriz, Imanol Pradales izango da, datozen hauteskundeetan EAJren lehendakarigai izango dena. Gipuzkoan, Bakartxo Tejeria izango da zerrendako lehena, egun Eusko Legebiltzarreko presidente dena.
Bozetarako hautagaien zerrenden prozesua larunbatean amaituko du EAJk, Durangon (Bizkaia) egingo duen Aberri Batzarrean. Zerrendak berresteaz gain, ofizialki izendatuko dute Pradales lehendakarigai.