Hedabideen arreta bereganatu du EAJren lurralde zuzendaritzak berritzeko barne prozesuak: orri ugari eta denbora asko betetzeko hizpidea eman dute jeltzaleek, azken hauteskunde zikloan beheranzko joera nabarmena hartu eta gero izan den errelebo prozesuari esker. Urak harroturik daude aspaldi honetan alderdi jeltzalean, bozen emaitzak direla eta; bada, hautagai ofizialek aurrez aurre beste batzuk aurkitu izanak are arreta handiagoa jarrarazi die komunikabideei barne prozesuan. Azkenerako, zuzendaritzaren hautagaiek hartu dute lema Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ez da lehiarik egon—, baina prozesuak islatutako barne lehiak EAJ bizi-bizirik dagoelako mezua helarazi dio gizarteari.
Txanponaren beste aldean dago, ordea, parte hartze apala. Ez dago datu ofizialik, baina batzokietan ez da joan-etorri handirik izan. Are, hautespenak egiteko prozesuan parte hartzeko eskubidea zuten afiliatu gehienek uko egin diote eskubide horri. Interes apala edo atxikimendurik eza ez da soilik EAJri egotz dakiokeen aldagai bat gaur egun: gaitz horrek alderdi politikoei eragiten die, oro har. Izan ere, apenas dagoen Euskal Herrian EAJ egiten ari den prozesuaren parekorik egin dezakeen alderdirik, baina jeltzaleek aspaldian antzeman dute gaitz hori badela, eta atxikimendu falta horri aurre egiteko diagnosia eginda dauka, halaber. Entzunez Eraikiz entzuketa prozesuaren ondorioetako bat esaldi esanguratsu batekin laburtu zuten: «Gorbata gutxiago eta kamiseta gehiago».
Gizartearekin batera berritzea
Martxoko Batzar Nagusian onartzeko proposatu dituzten agirietako batean, EAJk adierazi du «irekitasun, gardentasun, sentsibilitate eta gizartearekiko komunikazio handiagoa» behar dela, «jarrera aktiboarekin entzun» behar dela, «ahots eta ideia berriak» jasotzeko. Agiriaren egileek uste dute «herritarren artean politikarekiko atxikimendu falta sakona» agertzen ari dela, «bereziki pandemiaz geroztik». Alderdi barrura begiratuz, Batzar Nagusian onar daitekeen beste agiri batean esaten da EAJri ere «eragiten» diola «garai asaldagarriak» izateak. Idatzi horretan bildutakoaren arabera, «barne demokrazia indartu» behar da alderdian, eta zuzendaritzen eta alderdikideen arteko lotura «estutu». Zuzendaritzak garbi dio oinarrizko alderdikideen zeregina «aitortu» behar duela EAJk.
Parte hartze politikoa gero eta likidoagoa da, politologoek azaltzen dutenez; fidelizatzea ez da erraza, militantzia ez baita hautu zabaldua gaur egun, batez ere belaunaldi berrien artean. Horri aurre egin nahian, gidariak berritzeko, gaztetzeko, feminizatzeko eta euskalduntzeko bidea egiten hasi dira alderdi gehienak, ordezkatzen duten euskal gizartearen antz handiagoa hartzeko helburuz.
Urtarrilaren 20an abiatuko da EBBko kideak aukeratzeko lehen hautespen aldia, eta orduan ikusiko da zerk duen pisu handiagoa: EAJ berritzeko diagnosiarekin koherente izateak ala alderdien barruan betidanik gailendu izan den boterearen logikak
Joera horrekin bat egingo ote du Euzkadi Buru Batzarra berritzeko prozesuaren emaitzak? Andoni Ortuzarrek berritasunaren alde egin du erakundeei begira; Urkullu ordezkatzeko erabakia da horren erakusgarri, baina bere buruari eragiten dion erreleboaz ez du ezer argitu gaur arte. Hau da, EBBko buru jarraitzeko aukerari eutsi dio, eta denbora irabazi du San Sebastian egunari erreparatuz, orduan jakinarazi asmo baitu zer erabaki duen. Urtarrilaren 20an abiatuko da EBBko kideak aukeratzeko lehen hautespen aldia, eta orduan ikusiko da —ez bada aurretik filtratzen— zerk duen lehentasuna aro honetan: EAJ berritzeko diagnosiarekin koherente izateak ala alderdien barruan betidanik gailendu izan den boterearen logikak.