PSEk eta EAJk ituna egin zuten atzo Eibarko Udala gobernatzeko, eta horren biharamunean iragarri du Josu Mendikute alderdi jeltzaleko bozeramaile eta zinegotziak kargua utziko duela. Naiz atariak aurreratu du bere kideei igorri dien gutuna: erabaki «mingarria» izan dela adierazi die, baina «uste baino errazagoa». Bi alderdiek sinatutako akordioa ez da «duina», haren arabera, jeltzaleen proiektuak alde batera uztea dakarrelako, ordainetan sozialistenak aurrera eramatearren. Mendikutek hartutako erabakiarekin bat egin du Amaia Albizu zinegotzi jeltzealeak ere, eta kargua utzi du.
Gutunean, kargu publiko batean egoteko bi baldintza zerrendatu ditu Mendikutek: norbere usteei tinko eustea, eta horiek alderdiaren aginduekin bat etortzea. «Bi horien bat etortzea ez bada bideragarria, ez du zentzua karguan jarraitzeak. Txarra litzateke niretzat, eta, batez ere, alderdiarentzat». Horrela argudiatu du orain arte EAJko bozeramailea izan denak bere dimisioa.
Ituna sinatu duten bi alderdiek hamahiru urte igaro dituzte Eibarren elkar gerturatu gabe, eta herrian «egonkortasuna eta ziurtasuna» bermatzea izan da akordioaren xedea. Sozialistek beren kabuz gobernatu dute orain arte. «Lotzen gaituzten puntuak aurkitzeko bezain malguak izan gara», adierazi zuen Jon Iraola alkate sozialistak atzo, itunaren berri emateko prentsaurrekoan. Adostasuna lortzea zaila izan dela aitortu zuen, azkenean PSEk eta EAJk gobernu «komuna» osatzea lortu duten arren. Negoziazioen balantze «baikorra» egin zuen alkateak: «Lan egiteko eta koalizioan gobernatzeko era berri bati ekingo diogu».
Ana Telleria Eibarko Sozialisten idazkari nagusia izango da lehen alkateordea, eta jeltzalea izango da, berriz, bigarren alkateordea. Tokiko Gobernu Batzordea lau sozialistek eta hiru jeltzalek osatuko dute. Sail hauetaz arduratuko da EAJ: Berdintasuna, Gazteria, Euskara, Mugikortasuna eta Garraioak, Ingurumena eta Ego Ibarra Batzordea. Alkateak ez ezik, PSEko zazpi zinegotzik, EAJko sei zinegotzik, EH Bilduko beste seik eta Elkarrekin Podemoseko zinegotzi batek osatzen dute Eibarko udalbatza.