EAJren alde bozkatzeko eskatu du Vaquerok, «Euskadi Madrilen ahotsik gabe ez geratzeko»

Donostian, Joseba Egibar GBBren presidentea ondoan zuela, Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak hitzeman du EAJko diputatuek «beren onena» emango dutela «Euskadiren alde» hurrengo lau urteetan.

EAJren ekitaldia, gaur, Donostian. BERRIA
xabier martin
2023ko uztailaren 21a
17:01
Entzun

Maribel Vaquerok, Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburu jeltzaleak, esan du «ezinbestekoa» dela uztailaren 23an bozkatzera joatea eta hautua «Euskadin pentsatuz» egitea. Jeltzaleen aldeko botoa emateko zenbait arrazoi zerrendatu ditu: «Euskadiren beharretara eta interesetara moldatutako egitasmoa egotea, eskubide indibidual eta kolektiboak defendatzea, autogobernua defendatzea eta gure gizartearen ahotsa izatea Madrilen», besteak beste.

Halaber, Vaquerok zuzenean hitz egin die euskal herritarrei, eta esan die «hausnartzeko tartetxo bat hartzeko», haien interesak zein diren erabaki «eta Euskadi Madrilen nork defendatu duen» pentsatzeko: «Egizu buruarekin eta bihotzarekin. Euskadi Madrilen ahotsik gabe gera ez dadin, EAJren alde bozkatzeko eskatzen dizut».

Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek Euskal Herriaren «eskubide nazionalen defentsa» egin du; ziurtatu duenez, «faxismoa borrokatzeko orduan, EAJ da ibilbidea egin duen eta horretan kredentzial guztiak egiazta ditzakeen alderdi bakarra». Halaber, GBBko buruak esan du hauteskunde hauetan «jokoan» dagoela «Euskadik herri gisa duen duintasuna» eta EAJ dela «herri gisa dagokiguna errespetatzea» bermatuko duen aukera bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.