PSE-EE 32 urtez alkatetzan izan ondoren, EAJ nagusitu zen Barakaldon (Bizkaia) duela lau urteko udal hauteskundeetan, eta Amaia del Campo jeltzalea izendatu zuten alkate. Sozialistentzat, galera mingarria izen zen hori: herriaren pisuagatik —hiriburua ez den herririk populatuena da Barakaldo, 100.000 biztanlerekin—, euskal sozialismoaren historian Barakaldok izan duen garrantziagatik, eta porrota gertatu zen moduagatik ere bai: 52 botoren aldea baino ez zen egon jeltzaleen eta sozialisten artean.
Beharbada horregatik, handira jo du PSE-EEk, eta Alfredo Retortillo (Zurich, Suitza, 1965) Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburu izandakoa aukeratu du alkategai izateko.
Nolatan utzi zenuen Turismo Saila udal hauteskundeetara aurkezteko?
Batzuek galdetu didate hori, nolabaiteko atzerapausoa balitz bezala, baina nik uste dut benetako politika hiriaren bihotzean egiten dela. Niretzat oso erronka polita da.
PSE-EEren Barakaldoko batzordeek zelan hartu zuten zure hautagaitza?
Normalean, primarioen prozesua jartzen da abian, baina badaude beste bide batzuk hautagaiak aukeratzeko, egoera berezia denean. Nire kasuan, bazegoen berezitasun bat: ni sailburu nintzen, eta sailburu izanik primarioetara aurkeztea bitxia zen. Primariorik egin ez denez, egon dira prozedura horrekin kritiko agertu direnak, baina hori atzean gelditu denean, harrera bikaina eta erabateko babesa topatu ditut.
Zure konpromisoa agintaldi osorako da, alkate izango ez bazina ere?
Ni alkate izateko aurkeztu naiz, baina herritarrek botoa ematen didate haiek ordezkatzeko. Ez zaizkit inoiz gustatu hasierako asmoa betetzen ez dutenean alde egiten duten hautagaiak. Beraz, ni ez naiz alde egitea pentsatzen ari. Baina benetan diot konfiantza dudala neu izango naizela Barakaldoko hurrengo alkatea.
Lehia estua aurreikusten da EAJren eta PSE-EEren artean.
Nik uste dut PSE-EE gailenduko dela. Seguru asko, hauteskunde bataila honetako gune garrantzitsuenetako bat da Barakaldo, bi tradizio politiko nagusiak elkarren aurrean daudelako eta lehia oso itxia delako, baina nik uste dut Ezkerraldeak eta Meatzaldeak badutela ezkerrerako jaidura historiko eta kulturala.
Zer irizten diozu EAJk azken lau urteetan egindako kudeaketari?
PSE-EEk gidatutako 30 urteren ostean, eta horrek dakarren higadurarekin, beharbada aldaketarako gogoa zegoen Barakaldon, baina uste dut gogo hori zapuztuta gelditu dela. Adibidez, beti izan da susmoa Barakaldo gutxietsi egiten ote duten beste erakunde batzuek, aldundiak bereziki, adibidez, diru baliabideak banatzerakoan, eta askok uste zuten hori gertatzen zela ez zelako erakunde horien kolore politiko berekoa, baina auzia ez da aldatu EAJ agintean egon denean. Amaia del Camporen agintaldia inertziaren kudeaketa besterik ez da izan. Ez da hiri proiekturik egon.
PSE-EEk eta EAJk instituzio guztietara eraman duten itunak zergatik ez du funtzionatu Barakaldon?
Akordioa ez zen elkarrekin gobernatzeko, aurrekontuen arloan nolabaiteko egonkortasun bat lortzeko baizik. Eta EAJk ez zuen bete. Beharbada historiaren pisua izango da, baina Barakaldon, eta orobat Ezkerraldean, bi tradizio politiko horien arteko harremanak ez dira hain errazak. Uste dut alkatearen jarrera ere erabakigarria izan dela: zailtasun handiak izan ditu akordioak lortzeko, PSE-EErekin ez ezik, gainerako alderdiekin eta herriko elkarte askorekin ere.
Barakaldo beste gune batzuen interesen menpe dago?
Europa osoan joera da metropoli eredu handiak egituratzea; hemen, aldiz, badirudi Bilbo Handia esapidea galtzen ari dela. Bilbozentrismo handia dago, eta oso ikuspegi murritz baten ondorio da; ikuspegi horren eraginez, inguruko eremuek —Barakaldo bai, baina Ezkerraldeko eta Uribe Kostako hainbat herri ere bai— menpeko rola izaten dute. Ez dago metropoli osoa aintzat hartuko duen ikuspegirik.
Udal eta foru hauteskundeak. Alfredo Retortillo. PSE-EEren Barakaldoko alkategaia
«EAJren agintaldia inertziaren kudeaketa besterik ez da izan»
PSE-EEren hautagaiak uste du Ezkerraldean «historikoki egon den ezkerrerako jaidura» nagusituko dela datozen hauteskundeetan, eta sozialistek Barakaldoko alkatetza berreskuratu ahalko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu