EAJn ziklo aldaketa datorrela islatzen duen lehen erabakia

EAJren Batzar Nagusia 2024 eta 2025 bitartean izango da, bederatzigarrena, eta baliteke alderdiaren barruan abiatu den ziklo aldaketarekin loturik egotea EBBk Urkullu lehendakariari ordezkoa jartzeko erabakia

(ID_13205011) ESPAÑA PARTIDOS PNV
Andoni Ortuzar aurtengo Alderdi Egunean. ADRIAN RUIZ / EFE
xabier martin
2023ko azaroaren 25a
18:55
Entzun

Aurtengo hauteskundeen itzalean EAJko zuzendaritzako zenbait kidek egindako adierazpenek islatzen dutenez, Urkullurena ez da aldaketa bakarra izango EAJren barruan. Berrikuntza horrek eragingo du alderdian bertan ere, eta Andoni Ortuzarrek EBBko presidente gisa jarraituko ote duen, horrek argituko du aldaketaren sakontasuna eta neurria. EAJren Batzar Nagusia 2024 eta 2025 bitartean izango da, bederatzigarrena; beraz, baliteke alderdiaren barruan abiatu den ziklo aldaketarekin loturik egotea EBBk Urkullu lehendakariari ordezkoa jartzeko erabakia. Ortuzarrek berak iradoki du bera ere ardura uzteko prest dagoela, eta Araba Buru Batzarreko presidente Jose Antonio Susok iragarri du hilabete gutxian utziko duela bere kargua.

Ez da arriskugabea EAJko zuzendaritzak Urkullu ordezkatzeko hartu duen bidea, Pradales ez baita hautagai oso ezaguna —Bizkaian gehixeago—. Bozak martxora aurreratu daitezke, eta ez dago beta handirik gizarteak lehendakarigaiei buruz gehiago jakin dezan. Baina 2023ko bi bozek —Udal eta foru hauteskundeak eta Espainiako Gorteetakoak—  boto galera handia ekarri diote EAJri, alegia, ziklo politiko luze batez nagusitasun eta erdigune politikoa eskuratu duen alderdiari. Ortuzarrek berak «belaunaldi berriei bidea irekitzeko» beharra azpimarratu du, Urkullu ordezkatzeko erabakia azaltzean. 

Izan ere, 2020ko Eusko Legebiltzarrerako bozetan hasi zen EAJren beheranzko joera hori, 80.000 boto baino gehiago galduta; pandemiaren gordinean izan zen, eta horri egoitzi zion EAJk emaitzen okerra. Aurtengo bi deialdietan, ordea, EAJk berriro ere dozenaka milaka boto galdu ditu bere emaitzetan, eta joera hori beste batekin elkartu da: EH Bilduren hazkundearekin. Pradalesek jeltzaleen beheranzko joera eteteko helburua izango du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.