EAJren Ipar Euskal Herriko biltzarretan izen bat baino gehiago atera da IBBko presidentearen kargua hartzeko. Alderdiaren zaintza eta berme batzordeak aztertu behar ditu orain. Peio Etxeleku (Donazaharre, Nafarroa Beherea, 1974) gaur egungo presidentearena da izen horietako bat, baina BERRIAri jakinarazi dio ez duela karguan segitzeko asmorik.
Zergatik eta noiz hartu duzu uzteko erabakia?
Badu zenbait hilabete hausnarketa hori egina nuela, bai baititut helburu batzuk sakondu nahi ditudanak, bai lantegi mailan, eta baita politika mailan ere. Ondorioz, dena ez da bateragarria. Ororen gainetik, denbora falta da kausa. Bestalde, azken urte hauetan alderdia indartu da Ipar Euskal Herrian, eta badira konpetentzia eta pertsona batzuk merezi dutenak ardura gehiago ematea geroari buruz. Alderdiari buruz dudan ikuspegia desmartxa kolektibo batena da, eta horri adierazteko aukera eman behar zaio; pertsona edo kopuru murriztu baten gain ezin da gelditu.
Zer ekarri nahi izan diozu IBBko buru gisa alderdiari?
Ez dut maite pertsonifikatzea. Alderdikide kopuruan nire helburu pertsonalak orain ditugunak baino handiagoak ziren, baina egia da, era berean, gure gizarte testuinguruan biziki zaila dela alderdi baten egituran sartzea. Jendea gehiago engaiatzen da gizarte gai batzuen inguruan. Era berean, iruditzen zait dinamika berri bat sortu dela Ipar Euskal Herrian alderdiarekiko. Gure proiektu politikoen oinarriak eta gure ikusgaitasuna indartu dira. Alderdikide kopurua kasik bikoiztu da, hautetsi kopurua hirukoiztu, eta horiek ere seinale onak dira.
Bikoiztu eta hirukoiztu direla diozu, baina kopuru absolutuetan apal da oraindik.
Konparatzen dugularik beste alderdietan ofizialki afiliatuak direnei, ez dugu gorritzerik. Badakigu, gainera, EAJren afiliatze prozesua pixka bat zaila dela. Bada ugazaitatze edo ugazamatze prozesu bat, lurralde egiturak bere iritzia ematen du, segurtatzeko ez dela engaiamendu faltsu bat; biziki ongi atzematen dut.
Abertzaletasunean EH Bai da nagusi; zentro-eskuin kristau-demokratan, Frantziako alderdiak. Zer diskurtsorekin iritsi zaitezkete publiko berrietara?
Berriz berretsiz zer garen: abertzaleak gara. Gure lehentasuna ematen diogu lurraldearen interesari, bere nortasunean, bere hizkuntzari dagokionez, eta bere burua bere gain hartzeko gaitasunean. Badugu politika egiteko gure manera ere, malgutasun bat eta egokitzeko gaitasun bat, eraginkortasuna biziki maite duena; erakarmena sor dezake. Bereziki euskal herritar berri diren horiei guziei buruz. 10.000 biztanle berri sartzen dira urtero; gure erronka nagusietako bat da jende horiek guziak euskal herritar senti daitezen.
Nor ikusiko zenuke zure ondorengoa hartzeko IBBko lehendakari gisa?
Gure abantaila da ez-profesionalen alderdi bat garela, eta uste dut inportantea dela Ipar Euskal Herriko ekonomia eta errealitateak biziki ongi ezagutzen dituen pertsona bat izatea.
2026an izanen dira herrietako hauteskundeak. Kanbon aurkezteko asmoa duzu?
Asmoa dut, baina gauzatu aitzin badira niretzat bizpahiru baldintza betetzekoak: norekin eta zer proiekturekin. Hori egin aitzin, biziki inportantea iruditzen zait entzute aktiboko prozesu sakon bat martxan ezartzea hurrengo aste eta hilabeteetan, Kanboko eragile guziak behin edo bietan bederen ikusteko, izan daitezen elkarteak, lantegiak edo ofiziale mundukoak, ikusteko zer eskatzen duten herriko kontseilu bati buruz, zer den haien ikuspegia Kanboren geroari buruz, Ipar Euskal Herrian izan beharko lukeen rola. Entzuketa aktibo horren bidez mamitu nahi dut benetan partekatu izanen den proiektu bat.
Hori izanen da zure lehentasuna hemendik aitzina?
Bai.
Gutxienez hiru zerrenda aurreikus litezke. Zer aliantza posible ikusten duzu, besteak beste, ezkerreko abertzaleekin?
Ez naiz oraindik halako gauzetan; ez dakit aurkeztuko naizen ere. Uste dut nire politika ibilbidean erakutsi ditudala irekidura bat eta behatzeko gaitasun bat. Erakutsi dut, halaber, nahiko independentea naizela nire analisietan eta jarrera hartzeko gaitasunetan. Herriaren interesa lehen mailan ezartzen dutenekin gai izaten ahal gara elkarrekin lanean aritzeko.
Herriko etxean irabaztea ezinbestekoa izanen zaizu elkargoan hautetsi izaten segitu nahi baduzu.
Horrela dio legeak.
Erronkak, ondorioz, garrantzi berezia du 2026an.
Bistan dena.
Nola ikusi duzu elkargoaren azken urteetako ibilbidea hautetsi posiziotik?
Elkargoa behar zen, eta egitura horren alde agertu naiz beti. Hautetsi batzuek agerian ikusi ditugun akatsak salatu ditugu; zoritxarrez, ez dira konpondu. Zentralismoa: boterea biziki nagusiki presidentearen eskuetan egon da, eta, horren ondorioz, hautetsiak baztertuak izan dira. Burokrazia: administrazioak pisu handiegia hartu du, eta horrek iritzia adierazteko gaitasuna kentzen die demokraziak hautatu dituen hautetsiei. Eta klientelismoa: gehiengoa eraiki da emanak izan diren postu batzuei esker, baztertuak izan diren proiektu batzuei esker edo diru laguntza batzuei esker. Horrek trabatzen nau; ez dut onargarri atzematen. Eta kezkatzen nau geroari buruz: funtzionamendu gastuak ez dira menperatuak, eta proiektuak eramateko gaitasuna txikitu da. Alde ona da, hala ere, lehen aldiz Ipar Euskal Herriak baduela egitura bat, aitortua dena, bizi dena eta baitezpadakoa bilakatu dena.
Harreman zaila izan duzu Etxegarai lehendakariarekin.
Bai, zoritxarrez. Dolu bakarrik izaten ahal dut. Ez da elkarrizketa kasik batere izan, eta nire kanporatzeko erabilia izan den estakurua eta metodoa ere horren adierazgarri dira. Inozenteki uste izan dut, hastapenean, barnealdetik zetorren lantegi buru esperientziaduna, hainbat sektore estrategiko ezagutzen dituena —horien artean laborantza eta elikagai sektoreak—, eta mugaz gaindiko harremanak ere menperatzen dituena, esperientzia baliagarria izaten ahal zela Ipar Euskal Herriaren politika publiko batzuk hobeki sakontzeko, eta beste orientabide batzuk emateko. Segur aski batzuek norgehiagoka gisa ikusi dute. Ez zen lekurik horrentzat. Ene konbikzioen arabera egiten ditut gauzak, eta lantegi munduan lorpen andana bat ukan ditut; ez dut politikaren beharrik ene bizian beste ezagupen bat xerkatzeko.
Nola ikusten duzu instituzioaren geroa?
Uste dut barnealdeko gehiengo baten ikuspegitik jadanik ikusten dutela hirigune elkargoa makina administratibo pisu eta urrundu bat balitz bezala. Beste instituzio baten proposatzeak arriskua ekar lezake jende horiek bazter dezaten. Lehen bukatu behar dugu egitura horren aggiornamento-a harago joan aitzin, gehiengo zabal batek segitu dezan. Instituzio berri bat ez da onartua izanen gehiengo baten oniritzirik gabe. Gaur egun, ikusten dut mugimendu abertzaleak urrunago joan nahi duela; normala da; azken finean, Euskadi osatzen duten hiru lurralde administratiboen batzea nahi baitugu. Autogobernu heina indartu behar dugu, eta hori pasatu beharko da Korsikan dutena bezalako estatus bereziko egitura baten bidez.