Duela hamarkada bat, 11 logela eta 11 komuneko txalet moderno bat eraiki zuten Maite Garrastazuk eta haren senideek Aiako Talaiamendin (Gipuzkoa); Garrrastazu EAJren Hirigintza eta Obra zinegotzia zen orduan Zarauzko Udalean. Salaketa jarri zieten, ordea, txaletak lehengo baserriak baino egitura handiagoa zuelako eta ez zutelako leku berean eraiki, besteak beste. Hamar urte geroago iritsi da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegiko bigarren salaren epaia: txaleta eraisteko agindu du, hura eraikitzea legez kanpokoa zela ebatzita. Lehen bezala utzi beharko dute eremu hori.
Gainera, arau hauste oso larritzat jo du auzitegiak eraikuntza hori, eta bidea ireki du etxearen jabeei, Aiako Udalari eta eraikuntzan parte hartu zuten teknikariei —besteak beste— isuna ezartzeko. Dena dela, epaia ez da irmoa, eta helegitea aurkezteko aukera dago. Beste auzibide bat ere zabalik dago, Zarauzko Udalak etxe hori urez hornitzea erabaki izana epaitzeko.
Amezti baserriak hondatuta urteak zeramatzala erosi zuen Garrastazu familiak. Aiako Udalak —EAJko Igor Iturain zen alkate orduan— 2010ean eman zion etxe berri bat eraikitzeko lehen baimena. Hondatutako baserria zegoen leku berean berreraikitzen utzi zion. Hiru urte geroago, ordea, beste lizentzia bat eman zien garrastazutarrei: baserria jatorriz ez zegoen toki batean berreraikitzen utzi zien. Etxe horretara iristeko bidea eraikitzeko baimena ere eman zion familiari. Beraz, Aiako Udalak onartutako dekretu batzuk beteta eraiki ahal izan zituzten etxea eta hara iristeko bidea.
Lurzoruaren Legea
Auzitegiak gaur jakinarazitako epaiaren arabera, Lurzoruaren Legea urratu zuten txaleta eraiki zutenean; legeak baserriak nola eta non berrezar daitezkeen arautzen du. Ezin urbaniza daitekeen eremu bateko baserri bat berreraiki nahi bada, zenbait baldintza bete behar dira. Baga: baserria ezin da bertan bizitzeko moduan egon, hau da, oso hondatuta egon behar du; hori zen Amezti baserriaren egoera. Biga: baserria leku berberean berreraiki behar da; baldintza hori urratu zuten garrastazutarrek, lehengo kokalekutik 200 metrora eraiki baitzuten etxe berria. Higa: berreraikitako eraikinak jatorrizko baserriaren eremu eta bolumen bera izan behar du; hori ere ez zuten bete: lehengo etxea 309 metro koadrokoa zen, eta berreraikia, berriz, 567koa. Izan ere, baserriaren oinarria 183 metro koadrokoa zen, eta txaletarena, 2,5 aldiz zabalagoa: 469 metro koadrokoa.
Horregatik beragatik ebatzi du auzitegiak txaletaren berreraikuntza legez kanpokoa izan zela, eta horregatik utzi ditu bertan behera Aiako Udalak emandako baimenak. Izan ere, baimena emateko orduan, Aiako Udalak egindako txosten teknikoak justifikatu egin zuen legearen salbuespenezko interpretazioa, argudiatuta Garrastazu familia kide askokoa dela, eta horregatik behar zituela etxeak 11 logela eta 11 komun. Auzitegiek ez diote inolako baliorik eman argudio horri.
Salatzaileei ez ezik, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta EAEko Arartekoari ere arrazoia eman die administrazioarekiko auzien epaitegiak, bi erakunde horiek 2015ean aurkeztutako txostenek argudio berak baliatu baitzituzten eraikuntza legez kanpokoa izan zela adierazteko.
2015ean Aire Kirolen Gipuzkoako Federazioak salaketa jarri zuenetik gaur arte, bide malkartsua egin du auziak. Izan ere, 2019an eten egin zen auzibide penala. Azpeitiko epaitegiak epaitu behar zuen auzia, baina legeak ezarritako epe prozesalak gainditu zituen, eta bertan behera geratu zen epaiketa. 2021ean berrekin zioten auziari, Donostiako epaitegiko administrazioarekiko auzien salan, eta hark artxibatu egin zuen. Epaiaren oinarria Aiako Udalaren dekretuak baino ez ziren izan. Epai horri helegitea jarri zion Aire Kirolen Gipuzkoako Federazioak, eta arrazoia eman dio gaur EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegiko bigarren salak.
Talaiamendi aire kirolak egiteko ohiko lekua zen, eta 2015ean Aire Kirolen Gipuzkoako Federazioak salaketa bat jarri zuen eraikuntzaren kontra. Batetik, salatu zuen jatorrizko baserria baino handiagoa zela etxea, eta beste toki batean jarria zegoela; bestetik, babes bereziko landa eremu batean dagoela nabarmendu zuten salatzaileek. Izan ere, Talaiamendin igarobide ekologiko bat dago, belatz handi bikote bat bizi baita inguru hartan. Auzia hamarkada luze batez ibili da epaitegietan.
Erlazionatuta