EAJko kritikoek Eneko Lekue aurkeztuko dute EBBko presidente izateko

Etxebarriko zinegotzia eta industria ingeniaria da Lekue.

Eneko Lekue, EAJren zinegotzia Etxebarrin (Bizkaia) eta EBBko presidente izateko hautagaia. EAJ
Eneko Lekue, EAJren zinegotzia Etxebarrin (Bizkaia) eta EBBko presidente izateko hautagaia. EAJ
2025eko urtarrilaren 21a
08:55
Entzun

Andoni Ortuzarrena ez da EBBko presidente izateko prest dagoen alderdikide bakarra. Andoni Lekue Andrinua buru duen zerrenda alternatibo bat aurkeztuko du EAJren sektore kritikoak, EBBren egungo buruzagiaren aurka lehiatzeko.

Elektronika Industrialeko ingeniari teknikoa da Lekue. Lan esperientzia du industria aeronautikoaren eta energia berriztagarrien esparruan, eta Accenture eta Deloitte enpresetan lan egin izan du. Gaur egun, proiektu arduraduna da Siemens Gamesa enpresan.

Etxebarriko udal batzordeko kide izendatu zuten 2017an, eta batzorde horretako lehendakari da 2023az geroztik. Herriko zinegotzi izan zen 2019-2023ko legealdian, eta EAJren udal taldeko eleduna da ordutik.

EAJren barne prozesuan, baina, ez dago zerrendarik edo hautagaitzarik aurkezterik, ofizialki behintzat, alderdikideak baitira EBBko presidente zein burukide izateko hautagaiak proposatzen dituztenak. Hala, bigarren itzulian, bermeak betetzen dituzten hautagaien artean aukeratzen dute. Horretarako, betebeharretako bat da gutxienez hiru batzokiren babesa izatea lehen itzulian.

Esaterako, Bizkai Buru Batzarrerako barne prozesuan, David Salinas-Armendariz kritikoen hautagaiak bi batzokiren babesa jaso zuen, eta hori nahikoa izan zen bigarren itzulira igarotzeko, nahiz eta Iñigo Ansola aise gailendu zitzaion. Hala, Lekuek, bi batzoki horien babesa lortuko balu, nahikoa luke Euskal Herriko beste edozein batzarren babesa aurrera egiteko. Hain zuzen, Salinas-Armendariz litzateke Lekueren babesleetako bat, eta burukide izateko hautagaietako bat.

Ansola: «Aldaketak ez du zertan hobea izan»

EBBren presidentetza hautatzeko prozesuaz galdetu dio Euskadi irratiak Ansolari. Ortuzarren «esperientzia eta lidergoa» nabarmendu ditu Ansolak, eta EAJren barruan duen «garrantziaz» aritu da: «Balio oso handiko pertsona da alderdian».

BBBko presidenteak ez du propio aipatu Andoni Lekueren hautagaitza, baina argi utzi du bere ustez lidergo aldaketa batek ez duela arrakasta bermatuko: «Aldaketak, aldaketa egite hutsak, ez du esan nahi [etorriko dena] hobea izango denik».

Hautagaitza alternatiboak aurkeztea «normaltzat» jo du Ansolak, EAJ «alderdi demokratikoa den heinean». «Normaltasun osoz hartu behar dugu bi hautagaitza aurkeztea. Baita hiru, lau edo bost aurkeztea ere». Azkenik, esan du «betidanik» entzun direla iritzi ezberdinak alderdiaren barruan, «eta horrek ez du esan nahi liskarrak edo ezinegonak daudenik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.