Espainiako Gorteen osaketa

EAJko diputatuek eta senatariek jaso dituzte beren aktak

Aitor Esteban, Idoia Sagastizabal, Mikel Legarda, Maribel Vaquero eta Joseba Agirretxea Kongresuko diputatu dira jadanik. Estebanek ez du adierazpenik egin nahi izan Madrilen. Bihar osatuko dute Kongresuko Mahaia, eta osaketa horrek neurtuko ditu gobernu akordio baten aukerak.

EAJko hautetsiak gaur, Espainiako Kongresuan. CHEMA MOYA / EFE
xabier martin
2023ko abuztuaren 16a
11:33
Entzun

EAJko hautetsiek Espainiako Gorteen osaketan parte hartzeko diputatu eta senatarien aktak jaso dituzte gaur, Madrilen. Tramite hori egiteko azken eguna zuten gaurkoa jeltzaleek, eta jadanik diputatuak dira Aitor Esteban, Idoia Sagastizabal, Mikel Legarda, Maribel Vaquero eta Joseba Agirretxea. Senatari dira, berriz, Nerea Ahedo, Maria Dolores Etxano, Luke Uribe-Etxebarria eta Igotz Lopez Torre. Estefania Beltran de Heredia ere taldera batu da senatari autonomiko gisa.

Bihar dira osatzekoak Espainiako Gorteak, eta Kongresuko Mahaiko presidentearen hautaketak arreta bereganatu du azken egunetan, litekeena da-eta Espainiako gobernu berrirako akordioen ingurukoak argitzen hastea. Aitor Esteban jeltzalea ere proposatu zuen aurreko astean Kanariar Uharteetako Koalizio Kanariarrak mahaiko buru gisa, baina proposamen horrek ez du oihartzunik izan. Estebanek ez ditu adierazpenik egin nahi izan gaur, kazetariek mahaiari buruz galdetu diotenean; «Gauza asko argitaratzen dira», esan du.

Batera edo bestera, EAJk diputatu bat gutxiago izango du hastear den legegintzaldian, Kongresuan, seitik bostera apaldu baita taldea. Hauteskunde emaitza okerrago horiek badituzte eragin zuzenak EAJk Senatuan duen egoerari begira, han ez baitu bermatua talde parlamentarioa. Kongresuan, bai.

EH Bilduk jaso ditu aktak

EH Bilduko hautetsiek ere bermatua dute beren talde parlamentarioa behe ganberan. Herenegun jaso zituzten aktak koalizio subiranistako diputatuek eta senatariek. Lau hautetsi gehiago izango ditu aurrerantzean EH Bilduk: diputatu bat eta hiru senatari gehiago. Horiek «gehiengo aurrerakoi bat» ezartzearen alde egingo dute, Mertxe Aizpurua eledunaren esanetan.

Aizpurua diputatuak azaldu zuen lanean ari direla gobernu «aurrerakoi» hori osa dadin: «Batuketa zaila da, baina posible da». Lehen urratsa bihar bertan egin ahal izango dute, Kongresuko Mahaia eratzean. Hor ere «gehiengo aurrerakoi bat» nahi du EH Bilduk, eta PSOErekin eta beste zenbait talderekin hitz egiten ari da koalizioa horretarako. PSOEk Francina Armengol proposatu du Kongresuko presidente izateko.

Halere, oraingoz «diskrezioa» da alderdietako eledunek darabilten hitza, mahairen osaeraren inguruko negoziazioez galdetzean. EH Bilduk «afera teknikoak» jarri ditu mahai gainean. «Horra mugatu gara; ez dugu casus belli bat egin gaiaz», adierazi zuen Aizpuruak, xehetasunetan sartu gabe.

Bestalde, EAJk Kongresuko presidentetza edo presidenteordetza bat hartzeko aukerari buruz aritu zen Aizpurua, eta garbi utzi zuen aukera hori ez dagoela mahai gainean: «Aukera bat badago, aztertuko genuke, eta erabaki bat hartu, baina orain ez dago mahai gainean».

Gobernu berria ala hauteskundeak

Espainiako Kongresuko Mahaia osatzeko, PP eta Vox ez beste guztien akordio bat egoteak ez du ziurtatuko aste batzuk barru Pedro Sanchez presidente izango lukeen gobernu berri bat egongo dela, baina ezinbesteko urratsa da gobernu horrek bidea egin dezan. Negoziazio horietan, Kataluniako JxCk eskuratu du arreta handiena. Juntsek esan du mahaiko bozketa hasi baino bi ordu lehenago arte ez duela erabakirik hartuko.

Kataluniako alderdi horren zazpi diputatuak ezinbestekoak dira hauteskundeak berriro egin ez daitezen. Edonola ere, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren alderdiarekin bakarrik ez, ERCrekin, EH Bildurekin, EAJrekin eta BNGrekin ere negoziazio konplexuak egin beharko dituzte PSOEk eta Sumarrek; gobernu koalizio berri bateko kideek, alegia. Labirinto horren irteeran Espainiako Gobernu berri bat egongo da, edo hauteskundeetarako beste deialdi bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.