Barrura begiratzeko asteburua izan zen aurrekoa EH Bildurentzat, baina baita Eusko Alkartasunarentzat ere. EAko kideek Alkartasun Eguna ospatu zuten Zornotzan (Bizkaia). Giro «lasaian» egin ere, Eba Blanco (Amurrio, Araba, 1973) alderdiko idazkari nagusi eta Eusko Legebiltzarreko bigarren presidenteordearen esanetan. Hartaz eta legealdiaz espero duenaz mintzatu da, indar berezia eginda estatus politiko berriaren inguruko eztabaidan.
Igandeko ekitaldian esan zenuen EAJ «eskuak eta oinak lotuta» ikusten duzula estatus berriaren inguruko eztabaidan.
Egunero ari gara hori ikusten PSE-EEko kideen adierazpenetan; Eneko Andueza behin eta berriz ari da marra gorriak jartzen. Eta uste dugu arriskutsua dela gutxiengoan dagoen alderdi batek beto eskubidea izatea. Beraz, EAJk zirt edo zart egin behar du: PSEri kasu egin edo aurrera egin.
Gipuzkoako Batzar Nagusietan bat egin dute zuekin, hain justu, erabakitzeko eskubidearen eta nazio aitortzaren inguruan.
Pauso bat da, baina hemen ere baditugu baliabideak eta gehiengoa lan egiteko. Uste dugu momentua dela estatus berriaren inguruko adostasun zabal bat lortzeko, eta horretarako aprobetxatu behar da gehiengo subiranista. Oinarri eta printzipioen adostasun zabal bat lortu genuen, eta hura kaxoitik atera behar da. Transferentziak ondo daude, baina horrekin ez da ezer amaitzen. Estatuarekiko beste harreman eredu bat behar dugu.
Otegik «akordio zabal baten» alde egin zuen larunbatean. Hura posible da PSE-EE gabe?
Akordio zabalak beti dira onak, baina erabakitzen badute elkarrizketa estatutu berri batera mugatzea, badugu gehiengo zabal bat. Ezin dira hasieratik mugak eta betoak jarri. Hau da, adostasun zabalak bai, baina horiek ezin dute baldintzatu gehiengoaren borondatea. Legebiltzarrean herritarrak ordezkatzen ditugu, eta herritarrek erabaki dute gehiengo subiranista bat egotea.
«Estatusaren auzian, adostasun zabalak bai, baina horiek ezin dute baldintzatu gehiengoaren borondatea»
Hurrengo urratsa Madril litzateke, eta han ezinbestekoa da PSOE. Anduezak eskaintzen ez duen zerbait espero duzue Sanchezen partetik?
Joan gaitezen pausoz pauso. Momentu honetan Madrilen dagoen gobernua aukera leiho bat da gai honetarako ere, eta aprobetxatu behar da, beste gobernu batekin ziurrenik ezinezkoa izango litzatekeelako. Ikusten dugu nola Madrilen PSOEk gauza bat esaten duen eta hemen beste bat. Baina, lehenik, hemen adostu behar dugu proposamen hori.
Bestela, legebiltzarreko mahaitik erreparatuta, zer itxura hartzen diozu legealdiari?
Gu ilusioz, gogotsu eta indartsu gatoz, emaitza historikoak lortu ditugulako. EAJ berdindu dugu eserlekuetan, eta horrek indar posizio batean uzten gaitu. Zazpi hilabete igaro dira bilkurarik gabe, eta, lanean aritu arren, zazpi hilabete dira gobernuari kontrolik egin gabe. Oposizioko talde moduan, gure lehentasunetako bat da kontrol hori egitea, eta ez dugu aukerarik izan.
Kontrol lan hori dela medio, Ortuzarrek egotzi zizuen «tonu zakarrean» aritzea.
Gure asmoa da akordioak egitea eta gure proposamenak mahaigaineratzea, betiere herri ikuspuntu batetik. Akordioak egiteko prest gaude, baina alfonbra gorririk ez dugu jarriko. Oposizio lana ere egin behar dugu. Eta gogoratu behar da, bai, 225 ekinaldi aurkeztu ditugula, baina eurek ere Patxi Lopezen legealdiaren hasieran mila ekinaldi inguru aurkeztu zituztela.
Esan bezala, oraintxe bertan, ez dira, zehazki, lausenguak nagusi alderdien artean. Egingarria da itun etiko bat?
Ikusi beharko da. Paperak dena jasaten du, baina gero gauzatu egin behar da. Guk ekinaldi batzuk baditugu horren inguruan, eta hurrengo ostegunean legez besteko proposamen bat aurkeztuko dugu. Eztabaidatuko da, eta orduan ikusiko da zer-nolako jarrera daukaten.
Sailburuen bilera saila amaituta, kexatu zarete Emakunderen helburuen berri izateko agerraldirik egin ez delako.
Guk begi onez ikusi dugu Emakunde berriro lehendakaritzara itzultzea, baina arraroa egiten zaigu sailburu guztiek euren agerraldiak eskatzea eta lehendakaritzak Emakunderekin ez egitea. Ez dakigu zergatik ez duen egin oraingoan. Uste dugu oso inportantea dela planifikazioa ezagutzea, eta euren proposamena entzutea eta eztabaidatzea.
«Egia da EA gero eta gehiago dela EH Bildu, baina baita alderantziz ere: EH Bildu gero eta gehiago da EA»
Barrura begira, EH Bildun «berrikuntzak» iragarri ditu Otegik. Zer-nolako aldaketak irits daitezke?
EH Bilduk oso ondo konektatzen du XXI. mendean ditugun arazoei aurre egiteko orduan, baina egia da berritu beharra dagoela: txosten politikoa eguneratu behar da, antolakuntza ere bai. Posizio onean gaude, eta kongresua aukera paregabea izango da bilkideon artean hori elikatzeko. Gazte belaunaldi indartsu bat ere badago, eta bere tokia izan behar du.
Eta EAk zer rol izango du EH Bildu horretan?
Irakurketa interesatuak baztertuta, egia da Eusko Alkartasuna gero eta gehiago dela EH Bildu, baina baita alderantziz ere: EH Bildu gero eta gehiago da Eusko Alkartasuna. Funtsezkoa da alderdien presentzia, eta gure printzipioak ikusten dira EH Bilduk egunero egiten dituen politiketan.
Aurtengo Alkartasun Eguna izan da aspaldian auzitegietara begira egon gabe egin duzuen lehena. Atzean geratu dira barne gatazkak?
Igandekoa oso egun polita izan zen, konfiantza leku bat izan baitzen. Giro lasaia izan genuen, eta hala esan ziguten atzerritik iritsitako lagunek ere. Eztabaidak izan behar dira alderdi barruan, baina aspaldi geunden halako egun baten zain. Bi kongresu jarraian egin genituen 2022an, halabeharrez, biak salatuak eta auzitara eramanak izan zirelako. Baina, orain, bi sententzia irmo ditugu, esaten dutenak zuzendaritza ondo aukeratua izan zela eta estatutuak onartutakoak direla.
Eta epaitegietatik kanpo, bada modurik zuzendaritzaren eta ildo kritikoko kideen arteko harremanak onbideratzeko?
Ez dago harremanik. Eurek apurtutzat eman dute harreman hori. Afiliatuak dira, eta eskubidea dute kongresuetan eta batzarretan parte hartzeko, baina ez dute egiten. Uste dut euren asmoa zela alderdi barruan irabazten ez zutena hedabideetara eta auzitara eramatea. Ziurrenik, pentsatu zuten horrela irabaziko zutela, baina, galdu dutenez, baztertu egin dira.